Sutea, Larrabetzu urian

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 5a, 17:28

Testua: Sabin Arana / Goiko irudia Antonio Barandikatarrak 1845. urtean egindako udaletxearen diseinua da; 1831. urtean be diseinu antzekoa egin eben. Edozelan be, eraikin biak ez ziran behar bezain sendoak, diru gutxigaz egin baitzituen, beharbada. Etxearen beheko aldean bolalekua jarri eben kasu bietan

1830. urteko abenduaren 29an itzelezko sutea izan zan Larrabetzun. Hogeita lau etxe inguru kiskali egin ziran, eta beste zenbaitetan be kalte haundiak eragin zituan suak. Garai haretako etxeak zurezkoak ziran eta erraz hartu eben sua. Ganera, ekialdeko haizea ebilen; haize indartsua zan hori eta sutea askoz azkarrago hedatzen lagundu eban. Sutea Andra Mari kalearen iparraldean egoan etxe baten sortu zan, eta azkar zabaldu zan kalean bertan, elizearen eraikin barriraino ia ailegatuz. Elizea zaharra izanez gero, ha be suntsituko eban, ziur asko. Baina eraikin barria sendoagoa zan, eta ezaugarri horreri esker zutunik jarraitu eban. Beste alde batetik, Julio Agirre ikerlariak sutearen ganeko testutxo bat topatu dau liburu baten. Testua Zornotzako baserritar batek idatzi eban: “ Larravezuen aug (gaur) ogeig etalau eche erreçituen sueq asse andi bazu ques çentidu euneriq sueub gente aq orduter garrego artu çituen ogetamar echeoq eta geago ay au çen gane (gune) gogorra abenduan hogei eta beraçi garrena mile çorçireun da hogei eta amar garren urtean”. Ikusten danez, idazlea ez ei zen oso aditua; halanda be, eskertu behar deutsagu saiatu izana. Udaletxea (edo taberna zaharra) be sutean erre egin zan, guztiz zurezkoa baitzan. Hori Astobiza eskribauaren eta bere emaztearen (Loroño familiakoa) etxea izan zan XVII. gizaldean; baina uriak erosi eutsen taberna eta kontseiluaren batzar aretoa bertan jartzeko. Udaletxe barriaren eraikitze beharrak 1831. urtean hasi ziran. Alboko lurrak erosi zituen eta eraikin haundiagoa egin eben. Baina egoera ekonomikoa ez zan oso ona, eta eraikina nahiko eskas gelditu zan. Holan, 1845. urtean barriro eraikin behar izan eben; gaur egun ezagutzen doguna 1927. urtean altxatu zan. Foru Aldundiak eskaera egin eutsen Bizkaiko udalei, Larrabetzun izandako kalteak ordaintzen laguntzeko. Orotara, 3.737 erreal eta 230 lakari gari lortu ziran, baina laguntza hori ez zan nahikoa izan lehenengo bizimodua berreskuratzeko. Alboko herriek zura eta ohola emon eutseen uritarrei, eta etxeak berreraiki ahal izan zituen; dana dala, uriko kale nagusia erdi eraikita izan zan urte mordoan. Gaur egungo Andra Mari kalea XIX. gizaldiaren bigarren erdialdeak eta XX. gizaldiaren bigarren erdialdeak tartean eraikin eben. Elizeaz aparte, Foteri eta hospital zaharra sutetik onik atera ziran eraikin bakarrak izan omen ziran.