Arrate Gaztelu eta Kattalin Barcena, <i>Mihiluze</i> saioaren irabazleak: “Oso ondo moldatu gara alkarregaz”

Aikor aldizkaria 2008ko api. 15a, 13:50

Aste Santuan gaztetxoei zuzendutako saio berezia egin eben Mihiluze ETBko programaren arduradunek. Saioa Larrabetzuko Arrate Gazteluk eta Kattalin Barcenak irabazi eben, eta saritzat MP4 bana eta Eurodisneyra bidaia emon deutsee. Hamaika urteko neskatilak poz-pozik azaldu jakuz. Zelan animatu zinien saioan parte hartzera? Arrate: Telebista izugarri gustatzen jaku, baita holango saiotan parte hartzea be. Iragarkia telebistan ikusi neban, eta lagun bati deitzea proposatu neutsan. Baina lotsa zala-eta ezetz erantzun eustan, eta Kattalini esan neutsan orduan. Gabonetako saioan parte hartzeko deitu neban, baina grabatuta egoan eta casting-a Aste Santuko saiorako egiteko esan euskuen. Kattalin: Nahiko urduri ibili ginan, baina casting-a egin euskuenak oso jatorrak ziran, eta lasaitu ginan. Casting-a gainditu genduala esateko deitu ginduezanean, halan esan neutsan Arrateri: “M hizkiz hasten dan saiotik deitu gaitue”. Eta oihuka hasi zan: “Mihiluze!”. Egundoko poza hartu genduan. Buru-belarri hasiko zinien prestatzen. A: ‘Imintzioka’ proba batez be prestatzeko esan euskuen, eta Kattalin mimika egiten oso trebea danez, berak prestatu eban hori. Nik ‘Potokumeak’ proba prestatu neban, baina ez jakun tokatu. ‘Imintzioka’ eta ‘Eroglifikoak’ egin behar izan genduzan. Zelan finalean? K: Kanporaketa saioan baino lasaiago egon ginan, baina irabazteko aukera genduala ikusita, urduri jarri ginan barriro. Dana dala, finala kanporaketa saioa baino errazago irabazi genduan, izan be, aurka euki genduan talde bat gure adinekoa bazan be, beste taldea gaztetxoagoa zan. Eta erraza zan azken horreei irabaztea. Zein izan da probarik errazena? A: Kattalinentzat, ‘Tribuaren berbak’; eta niretzat, ‘Bizkor-bizkor’. Baina biontzat, ‘Esamesak’. Arin asmatzen genduzan mezuak. Eta zailena? K: ‘Zer da zer’. Musikak urduri jartzen zaitu eta guztiak isil-isilik dagoz platoan. Ganera, hainbat aukera emoten deutsuez galderari erantzuteko, eta zalantzan zagoz... Baina dana asmatu genduan. Zelango bikotea izan zarie? A eta K: Oso ondo moldatu gara alkarregaz. Batak trebetasun haundia eban proba batzuetarako; eta bestea, beste probetarako. Gaizkiulertua izan genduan proba baten, ez ginan ados jartzen erantzunagaz, baina ondo atera zan azkenean. Eta kamaragaz, ondo moldatu zarie? A eta K: Bai. Suertea izan genduan eta saioa oso arin grabatu genduan. Besteek behin eta barriro errepikatu behar izan ebezan hartualdiak. Noiz Eurodisneyra? A eta K: Laster! Familia osoarentzako bidaia da, eta datak aztertzen gabilz. Jentea animatu behar da halako saioetan parte hartzen. Nahiz eta casting-a gainditu ez, oso ondo pasatzen da, eta aktoreak-eta ikusten dozuz. Guk jente asko ezagutu dogu, eta lagunak egin doguz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).