Jon Maya, Kukai dantza konpainiaren zuzendaria: “Dantza tradizionalak badu etorkizuna XXI. mendean”

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 14:44
t: Gaizka Eguskiza
Betiko euskal dantzak jorratzen ditu Kukai konpainiak, baina ukitu garaikidea ematen diete konpainiako kideek. Larrabetzun izan genuen horren adibidea, Euskararen Nazioarteko Egunean. Bertan Karrika ikuskizunaren zati bat aurkeztu ziguten, Sorbatza. Euskararen Egunaren haritik etorri zarete Larrabetzura. Zer deritzozue ekimenari? Ondo. Ni normalean euskaraz bizi naiz, eta, nire ustez, euskararen erabilera egunero-egunero sustatu behar da. Hala ere, horrelako ekimen sinbolikoek gogora ekartzen digute nolako garrantzia duen euskaraz aritzeak. Euskararen Eguna bilgunea da euskaldunontzat. Larrabetzun Karrika ikuskizunaren zati bat izan genuen ikusgai, Sorbatza. Zuen ohiko ikuskizuna da hori? Ez, nahiko berezia da. Kukai taldeak dantza tradizionala hartzen du abiapuntutzat, eta hortik aurrera hainbat egitasmo egiten ditu. Karrika ikuskizunean euskal tradizioarekin lotura duen gai bana proposatu diegu hiru koreografori, eta euren ikuspuntutik garatu dituzte gaiak; guk geure estiloarekin uztartu ditugu. Sorbatzari dagokionez, Virginia García eta Damián Muñoz koreografoek Durangaldeako ezpata-dantza hartu dute oinarritzat, eta Krump dantza estiloarekin nahastu dute, ikuskizun indartsua eta kaletarra sortzeko. Oso pozik gaude. Zer da Kukai? Kukai 2001ean jarri zen martxan. Lehenengo ikuskizuna 1937, gogoaren bidezidorretatik izan zen, 2002an. Dantza tradizionala oinarritzat harturik, saio garaikideak sortzea dugu helburu. Argi dagoenez, guk ez dugu dantza tradizionalik egiten, baina gure lan tresna inportanteena da. Ibilbide honetan aldaketa nabarmena dago lehengo ikuskizunen eta orain lantzen ditugunen artean. Dantzari gehienok hasiera-hasieratik gabiltza taldean, eta gaur egun zazpi dantzari finkok osatzen dugu konpainia. Ikuskizunaren arabera, dantzari gutxiago edo gehiago erabiltzen ditugu. Karrika saioan, esate baterako, disc-jockeyarekin batera sei dantzari aritzen gara; eta Sorbatza saioan, lau dantzari. Hainbat estilo uztartzen dituzue. Puristek kritikarik bota dizuete? Abangoardia eta tradizioa osagarriak dira. Nik uste dut dantza tradizional bizi batek baduela etorkizuna XXI. mendean. Gainera, gizarte-balioa du, eta horren alde egiten dugu lan. Kukai taldean ez dugu ezer aldatu nahi, baina guk sortze-lanak egiten ditugu. Eta ez dugu espero guztiei gustatzea; niri ere ez zaizkit gustatzen gaur egun egiten diren pelikula edo liburu guztiak. Batzuei gustatuko zaie gure lana, eta beste batzuei, ez. Baina guk zintzotasunez egiten dugu lan. Taldeak zenbait lagunekin egin du lan: Oreka TX, Mikel Urdangarin, Carlos Nuñez... Zein da gehien gogoratzen duzuena? Zer ekartzen dizuete elkarlan haiek? Beste batzuekin lan egiteak aberastu egiten gaitu, ikuspuntu eta lan egiteko era berriak ekartzen dizkigutelako. Izenik aipatu behar bada, taldean arrastorik handiena utzi dutenak Tanttaka Teatroarekin eta Mireia Gabilondo zuzendariarekin egin ditugun lanak dira. Guztira, hiru ikuskizun ekoiztu ditugu elkarrekin, eta hamar urteko harremanak lotzen gaitu. Behin baino gehiagotan kanpora joan zarete. Zelan esperientzia? Oso ondo. Kanpora irtetea beti da onuragarria, pertsonalki ez ezik, profesionalki ere. Gainera, oso harrera ona izaten du gure lanak atzerrian. Askotan, nahiz eta Euskal Herritik urrun joan, dantzaren jatorria identifikatu egin du publikoak, eta hori oso pozgarria da guretzat. Gustatuko litzaiguke gehiago irtetea, baina zein egoeratan gauden kontuan izanik, nahikoa da orain duguna.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).