Euskara-azterketa Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 25a, 10:15

Testua: Kristobal Kolono

Euskararen erabilera sustatzeko asmoz ari omen da lanean Larrabetzuko Udala, bertoko hainbat eragileren laguntzaz batera. Azken urteotako gabeziak kezkatuta, aholkularitza enpresa bat ere kontratatu dute, antza, behar bezalako diagnosia egin dezan egoeraz. Non eta Larrabetzun, Txorierriko udalerririk euskaldunenean; euskara, oro har, gainbehera doalako seinale. Kontua da azken urteotan, hain zuzen ere, paraxutistaz eta kolonoz bete dela herria, edo hala entzuten da, behintzat, herriko zenbaiten ahotan. Paraxutistak ei dira bertora ezkondu edota arrimatu diren kanpotarrak, eta, kolonoak, berriz, ezelako lotura barik, bertoratu egin garenok; bai, azken horietakoa naiz ni neu ere. Bada, gauzak horrela, erraz ondoriozta liteke zirkunstantzia horrek zuzeneko eragina duela Larrabetzuko euskalduntasunaren galeran. Areago, urriko arratsalde batean, orduko udazken udatiarraren hozbero gozoa gozatu guran plazan ginela, bertoko bat gure aurretik igarotzean, ozen bota zuen “¡cuántos maquetos!”, erdara gorrian, han ginenok ederto entzuteko moduan. Nik begiratu baino ez nion egin, txintik esan gabe, eta nire inguruan zebiltzan “maketoek”, edo ez entzunarena egin, edo benetan ez zioten entzun, erreakziorik bat ere ez baitzen han sumatu. Niri, ordea, zer pentsatua eman zidaten hitz haiek, beharbada, gauden tokian eta garaian bizi garelako, eta, orain, hitzok birgogorarazi egin dizkit Udalaren euskara planaren albisteak. Izan ere, Larrabetzun, hain zuzen, kolonoon ahotik entzuten da euskara gehien kalean, edo hala iruditzen zait niri, behinik behin, egunero edonori eta edonon lehenengo berba euskaraz ematen dudan kanpotar honi. Jakina, gurea euskara arrotz samarra izango da larrabetzuarrentzat, agian, plastikozko euskara, baten batentzat, baina euskara da, azken batean. Bertoko aker askoren arteko talkan, ostera, erdara izaten da nagusi sarritan eta, haren oihartzun zaratatsua, taberna, komertzio zein kaleetan barna, lau haizeetara zabaldu da aspaldion, Udalaren, eskolaren, Txinpasmendi eta Arrekikili elkarteen preokupazio eta okupazioa izateraino zabaldu ere. Itxaron dezagun, bada, ea zer-nolako diagnosia egiten duen aholkularitza enpresa horrek, ea zer ahulune eta mehatxu aurreikusten dituen, zer indargune eta aukera baliatzen dituen. Itxarongo dugu, bai, ea kargutzen diren apelliduak abizentzea ez dela nahikoa, eta zer abizendu ez daukagunok dezente ematen dugula egunerokoan, ezin garela beti berberok izan besteren kalteen eragile. Eta, itxaron bitartean, euskaraz bizitzen ahalegintzen segituko dugu, kolonook bederen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).