Mobimendu handiko hilabeteak etorri dira 2015egaz batera. Bilbon, urtarrilaren 10ean, milaka lagun batu ginan euskal preso politikoei aplikaten jakien dispertsioaren kontra egiteko. Aurrerantzean be jarraitu beharko dogu lanean Bilbon ikusitako argiak biztuta mantendu daitezan.
Martxoan, 19. KORRIKA etorriko da festa giroan, baina ezin dogu ahaztu danon ekarpena ezinbestekoa dala, izan be, Iparraldeko eta Nafarroako zentroak egoera larrian dagoz, krisiaren aitzakiara diru-laguntza murrizketak izan dabezalako.
Udal eta Foru hauteskundeak bost hilabete barru izango dira eta zer egin ugari egongo da.
Gure Esku Dago ekimena dala-eta, ekainaren 20an beste hitzordu garrantzitsu bat dago. Iaz giza-katea osatu genduan; aurten hautestontzia egingo dogu, hurrengoan erabagia hartu ahal izateko. Bitartean, beste lan batzuk be badagoz, besteak beste, LOMCE-ren erasoari aurre egiteko erabagiak hartzen hasi beharko dogu.
Baina aitamen berezia merezi dau Larrabetzuko gaztetxeak, Hori Baik. Berrogeta hamar urte bete ditu. Askok ezagutzen dogu bere historia, partaide izan garalako edo, izan barik be, antolatu dituen hainbat ekintzatan parte hartu dogulako. Urte honeetan asko egin dau Hori Baik.
Geroago gaztetxe bihurtu zan Hori Bai alkartea frankismo garaian sortu zan. Alkarteak hainbat jarduera eta ekintza antolatu ditu bere ibilpidean: euskerearen aldekoak, hitzaldiak, bertso saioak, mendi urteerak, egonaldiak, jaiak, kontzertuak, munduan zehar ibili zan kartoizko banda eta abar. Bestelakok be antolatu ditu. Bere garaian ikastola sortzeko hausnarketak egin ebazan. Sortu edota legalizau barri ziran partidu politikoen hitzaldiak egin ziran. Juan Jose Pujana eta Santi Brouard Hori Baien egon ziran, baita Oskorri eta Gabriel Aresti be. Geroago Negu Gorriak, Su ta Gar eta abar luzea. Auzo edo familia alkartearen batzeko lekua be izan zan.
Dana dala, urte horreek danak ez dira bardinak izan. Batzuetan indartsuago ibili da beste batzuetan baino. Ateak ixteko agindua be izan eban. Itxi eta barriro zabaldu ebazan. Lanerako izan dauzan tresnak autogestioa eta auzolana izan dira. Eztabaidea eta debatea ez da sekula falta izan. Belaunaldiz belaunaldi herritarrak batzeko aukerea emon dau Hori Baik.
Aurrerantzean be hala jarraitu, ZORIONAK eta beste 50 urte bete arte.