“Larrabetzu herri bizi bat da”

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 5a, 13:17
Iñigo Gastelu Bilbao l Larrabetzuko EH-Bilduko alkategaia Zeintzuk dira Larrabetzuko EH-Bilduk datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak? Azken lau urteotan ezker abertzalea ibili da alkatetzan, eta proiektu asko jarri dira martxan. Datorren agintaldian hiru ardatz nagusi izango ditugu. Alde batetik, mugikortasun-plana garatu behar dugu: Errekondo kalea aurten urbanizatuko da, eta eskolaren aurreko kaletik atera behar ditugu autoak. Beste alde batetik, herriko plan orokorra garatu behar dugu. Gazteek arazoak dituzte berton etxebizitzak erosteko eta arazo horri konponbidea eman behar diogu. Jakin badakigu esparru horretan Udaletik ahalmen handirik ez dugula, baina, esate baterako, alokatzea bultzatu nahi dugu. Azkenik, hondakinak batzea izango da gure azken ardatza. Larrabetzun aspalditik atez ate batzen ditugu hondakin organikoak, eta hurrengo lau urteetarako hondakinen % 50 birziklatzea dugu helburu. Horietaz aparte, gure ustez, herriaren eta Udalaren arteko komunikazioa indartu behar dugu. Horretarako, teknologia eta gizarte-sareak tresna baliogarriak izan daitezke. EH Bilduk 12 puntuk osatutako programa aurkeztu du Larrabetzun, eta bertan 40 proposamen zehatz egin dituzue. Adibideren bat emango didazu? Adibidez, emakumeen plana egin da agintaldi honetan eta hori garatu nahi dugu, baita euskara plana ere. Gainera, osasun ikuspuntutik, zeregina ere badago, osasun-zentro berria agintaldi honetan ireki eta gero. “Larrabetzu herri bizi bat da” dugu lelotzat, baina leloa baino askoz gehiago da. Gure ustez, Larrabetzun mugimendu handia dago, jendea inplikatzen da, elkarteek hainbat ekimen egiten dituzte... Eta Udalak eurekin egin behar du lan, bizitasunari eusteko. Elkarlana oso garrantzitsua da guretzat. Zer esan ahal diguzu zerrendari buruz? Zerrenda egiteko, 51 izen proposatu ziran herri batzar zabal batean. Zerrendan, zinegotziak izan diren lagun bi daude, beraz, ez da esan beharrik eskarmentu handia badugula. Baina batez ere, nabarmenduko nuke gogo ikaragarria dugula herriaren alde lan egiteko. Era berean, zerrendaren lehenengo zazpi hautagaietako bost emakumezkoak dira, eta zerrendaren % 65 ere, emakumezkoak. Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza? Batzarra antolatuko dut ateratzen garen 11 zinegotziokin, eta bertan lehentasunak ezarri, ahalik eta lasterren lanean hasteko. Guk uste dugu denok batera lan egin behar dugula, bai gobernuko zinegotziek, bai oposizioko zinegotziek. Udal langileekin ere batzartu nahiko nuke, gure lehentasunak haiei jakinarazteko. Azken batean, guztiok gara Udaleko langileak eta herriaren zerbitzura egon behar gara. “Politikariok zein udal langileak herriaren zerbitzura egon behar gara” Larrabetzun jaio zen 1968an. Eroski kooperatibaren bazkidea da 1989. urtetik, baina 2004an eszedentzia hartu eta zazpi urte eman zuen Gara egunkarian, kudeatzaile-lanak egiten. Gaur egun denda-burua da Gernikako Eroski supermerkatuan. Politikari dagokionez, Iñigok ez du eskarmentu ofizialik, baina betidanik ezker abertzalearen elkarteetan ibili da. Gainera, laguntzaile ibili da Larrabetzuko Udaleko ezker abertzaleko taldean. Hauteskunde honetan proposatu zioten alkategaia izatea eta berak onartu egin zuen. “Herrian era askotan lan egiteko aukera dago, hala nola, elkarteetan. Udalean ere bai. Konpromisoan sinesten dut eta noizbait aurrerapausoa eman behar da, eta niri orain suertatu zait”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).