Hilak 25: zaharrak berri?

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 19a, 13:07

Testua: Kristobal Kolono

Laster hogeita bost izango ditu hilak, eta gure udalerrietako udalbatza berriak osatuko dira; zinegotziak eta alkate jaun-andereak, horrenbestez, bestetzuk izango dira hainbat udaletxetan. Teorian, erabateko berriztapena dakarkigute udal hauteskunde hauek; berriak zaharren ordez, oraingoak lehengoen truke, edota lehengo berak ostera ere, baina indarberritu edo zaharberrituta. Hori guztia, teorian. Susmoa dut, ordea, ezer gutxi aldatuko dela, aldatuko dugula, herririk gehienetan. Politikagintzan, teoria eta praxia ez dira, oro har, elkarren eskutik etortzen eta, oraingo honetan ere, hala izango delako irupena dut, atzera ere. Dena berriztatu, ezertxo ere ez aldatzeko. Teorian, aldaketa; praktikan, jarraitasuna. Eta jarraitasun hori are nabarmenagoa izango da zerrenda berririk aurkezten ez den udaletan. Gurean bezala, Larrabetzun, non ohiko indar biak lehiatuko baitira (EHBildu eta EAJ). Teorian, dena hobetzeko aurkezten dira biak ala biak, arlo guztietan eragin eta aurreratzeko asmoz, eta herritarron hobe beharrez, jakina. Orain lau urte legez, baina, gerora, agindutakotik ia deusik ez; aurrekoek amaitzeke lagatako proiektuek bukatu gabe diraute gaur ere, eta egitasmo berriak, burutu ezinik edo, krisiaren aitzakiapean. Praxirik ez, dena teoria. Oraingoan, sikiera, bai aldatuko da gauzatxo bat: bederatzi zinegotzitik hamaikara igaroko da udalbatza. Zehazkiago esanda, hamar zinegotzi gehi alkate jauna, ez anderea; hori ere aldatuko baita, baina ez beraren abizena, ezen jaun alkategai bi-biek deitura bera baitute, orain arteko alkate anderearen berbera. Eta, bitxia bada ere, zinegotzi-kopuruaren aldaketa hori paraxutista eta kolonooi esker gauzatuko da, hein handi batean, behintzat. Askotxo omen gara aspaldion hona bizitzera etorri garen kanpotarrak, eta pentsa liteke, hortaz, geure esku dugula, kanpotarron esku dagoela jarraitasunaren eta aldaketaren artean zirt edo zart egitea. Herriek, gureak ez eze beste guztiek ere, itxura hutsaz haratagoko aldaketa sakonak behar dituztelakoan nago ni. Praxi handiagoa behar du hainbesteko teoriak. Legeak praxira eraman gabeko egitasmo teorikoak zigortuko balitu, hau da, burutu bako proiektuak aldarrikatu dituzten hautetsiak berak, bai eta beroriei babesa eman dieten alderdiak ere, nola edo hala zigortuko balitu, agian, beharbada, praktikotasun handiagoa legoke politikagintzan, eta herritarrok, bertokoek zein bertoratuok, eskertu egingo genuke, ezbairik gabe. Pentsa dezagun, bada, zer egin 24an: bozkatu ala ez. Eta bozkatzea hautatuz gero, ondo hausnartuta egin hautua, 25ean hautetsi praxizaleagoak behar baititugu herriotan; haiek zein gu, bertoko, paraxutista edo kolonoak izanda ere.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).