Catalunya maite dot

Aikor aldizkaria 2016ko urt. 26a, 09:04

Testua: Miguel Angel Lekue “Txirri”

Askatasuna maite dot; eta horregaitik, munduan askatasunaren alde borrokan dabilzan personak eta herriak. Eta zeozer maite dozunean, askatasuna nire kasuan, beste zeozer gorroto dozu: inposatzen eta itoten ahalegintzen diran personak, erakundeak edo dana dalakoak. Espainia eta Frantzia, kasu honetan, estadu horreek biek osatzen daben estruktura politiko-militarrak nire herria, Euskal Herria, baita Catalunya be, itoten dau-eta. Catalunya maite dot eta ez da maitetasun idilikoa, izan be, 19 urtez, nire lanagaitik euki dot hartu-emon zuzena herrialde horregaz. Nortasun handiko personez osatua dago: langileak, zintzoak, berbadunak... euskaLdunongandik diferenteak, baina gurekiko maitetasun sentimentua handia daukienak. Pasadizu bat kontauko dot. Behin, goizaldeko hirurak aldera, Olot ondoko herri txiki baten nengoan. Beste herri batera joan behar neban eta bidekurutze baten nengoala ez nekian zein bide hartu. Handik agertu zan bati galdetu neutsan. “Biak doaz herri horretara, baina ezkerrekoa hartuz gero, 27 kilometro gitxiago dira. Halanda be, bide estua da eta baten bat beste noranzkotik badator, larri ibiliko zara”. Denpora aldetik justu nenbilen; beraz, aurrera. Kilometro batzuetara auto bat, elegantea, azaldu zan aurretik eta ez egoan pasetako lekurik. Gidaria autotik jaitsi eta halan esan eustan: “Euskalduna zaralako; osterantzean... (Bilboko matrikulea neukan)”. Autora sartu eta lupetzez betetako estarta batetik joan zan. Politikoki asko aldatu da Catalunya azken urteotan. Diada ospatzen, 8-9 aldiz egon naz eta han 10 mila lagun inguru batzen zan. Baina baten batek lan ona egin ei dau, azken Diadatan 1,5 milioi personatik gora batu dalako. 2015eko iraileko hauteskundeen ondorioz, 72 parlamentari, independentziaren alde (62, Junts pel Sí-koak; eta 10, CUP-ekoak); eta 63, unionista espainiarrak. Eztabaida sakonak, Mas presidente bai ala ez... eta tartean, Madrileko Kongresurako hauteskundeak. Eztabaida Euskal Herrira be zabaldu zan; eta zelan ez, Larrabetzura be bai. Eztabaida sutsuan ibili gara plazan, tabernetan eta etxeetan, eta batzuetan haserre be egin gara. Urtarrilaren 9an, presoen aldeko Bilboko manifestazinora joateko autobusa hartzera ginoiazala, Junts pel Sí eta CUP akordiora iritsi ziran barria zabaldu zan. Eta lagun biok erabagi genduan hurrengo egunean Catalunyako Parlamentura joatea. Zergaitik? Katalanen poza eta ilusinoa partekatu gura gendualako, herri libre baten sorreran parte hartu, eta katalan politikarien ausardia eta erabagia txalotu eta zoriondu. Askatasunean sinisten dogulako, eta persona eta herri guztiek horretarako daukien eskubidean. Egun historiko horrek Europar Batasunean eztabaida sortuko daualako. Eta Espainiako alderdi guztiak larri ipini diralako. Pozik nago, baina ez naz inozoa eta badakit Espainiak ez dauala arazo hau bertan behera itxiko. Eta batez be guzurra erabiliko dauala. Euskaldun guztiok erne egon behar dogu alkartasuna adierazoteko. Katalanek Euskaldunon Egunkariari emondako babesa gogoratu behar dogu. Gora Catalunya askatua! Visca Euskal Herria lliure!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).