Larrabetzuko garraiolari bat gose greban egon da

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 4a, 14:09

Miguel Angel Lekue Larrabetzuko garraiolariak zortzi egun eman ditu gose greban, Gipuzkoako lankide birekin batera. Hirurak dira Hiru sindikatuaren kideak, eta azken bolada honetan krisia pairatzeaz gain, 500.000 eurotik 10 milioi eurora bitarteko isuna jaso ahal du sindikatuak. Euren egoera salatzeko, grebari ekin diote garraiolariek. “Ondo” sentitzen dela adierazi du Lekuek, eta baikor agertu da etorkizunari begira. Gatazka 2008ko urtarrilean hasi zen: Hiru garraiolarien sindikatuak tarifak igotzeko proposamena luzatu zien kideei, gasolinaren prezioaren igoerari aurre egiteko. Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuaren arabera, Hiruk “oso delitu larria” egin zuen, Lehiaren Defentsarako Legea urratu zuelako. Ondorioz, zehapen-espedientea jarri dio Hiru sindikatuari, eta hori dela-eta, isuna ezartzea proposatu du. Auzitegiak azken hitza du eta datozen bost hilabeteetan jakinaraziko du erabakia. Botere politikoa ekonomikoaren menpean Hauteskunde kanpainan alderdi politikoekin batu eta horiei euren egoera azaldu nahi izan diete garraiolariek, baina hiruk baino ez zioten deiari erantzun: EA, Aralar eta D3M. “Legea txarto dago eta aldatzeko esan genien”, esan du Lekuek. Dena dela, politikariengan konfiantza handirik ez du Larrabetzuko auzokide horrek, “botere politikoa ekonomikoaren menpe dagoela argi baitago”. “Enpresa handiei ez diete tutik esaten; sindikatuei eta langile autonomoei, ordea, ordaindu ezin dugun egundoko isuna jarri nahi digute”. Lekueren iritziz, herritarrak kalera atera beharko ziren egoera horri erantzuna emateko. Sindikatuaren ustez, “espedienteak ez du ez bururik ez hankarik”, eta berehala artxibatzeko eskaera egin du. Euren hitzetan, “neurrigabea” da isuna. Izan ere, “duintasuna” baino ez dute eskatzen. “Confebaskek soldatak apaltzeko eskatzen du eta ez da ezer gertatzen. Hala ere, gure esparruaren urritasuna salatzen dugu guk, eta ondorio larriak jasotzen ditugu”. Isuna jarriz gero, Hiru sindikatua desagertu egingo da, diru nahikorik ez baitu. “Eusko Jaurlaritzak batzarkideen ondasunak bahitzeko aukera ere badu, hau da, garraiolari autonomoen alde lan egin duten lagun batzuk lan eta etxe barik gelditu ahalko ziren”.