Ramon Plana hondakinen tratamendu biologikoan aditua da, eta joan den hilabetean hitzaldi bat eskaini zuen Larrabetzun, Austriako landa-eremuetan hondakin organikoak biltzeko erabiltzen duten eredua azaltzeko. Eredu hori horrela labur daiteke: Udalak eta nekazariek akordio bat egiten dute, hondakin organikoak kudeatzeko. Herritarrek hondakin organikoak bereizten dituzte, eta nekazariek horiek bildu eta beren lurretara eroaten dituzte, nork bere erabilerarako edo merkaturatzeko. Udalak bilketa- eta garraio-gastuak ordaintzen dizkie baserritarrei.
Azaldutakoaren arabera, sistema hau 90eko hamarkadan ezarri zen Austrian eta urteko 1.300.000 tona hondakin organiko tratatzen dira bertan. Hain arrakastatsua izan da ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntutik, ezen Europako Batasunak beste leku batzuetara zabaldu baitu, SCOW proiektuaren bidez.
Larrabetzun Austriako eredua hartu dute oinarritzat eta esperientzia pilotu bat jarri dute martxan, bertako nekazaritza bultzatzeko eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko. Esperientzia pilotuarekin 30 familiak, janari-denda batek eta jatetxe batek egin dute bat, eta urtean zazpi edo zortzi tona hondakin organiko biltzea espero da. Egitasmoa Gurpide elkarteak eta Larrabetzuko Udalak sustatu dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki dute horretarako.
Onurak baino ez
Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, eredu hau Larrabetzun ezartzeak onurak ekarriko dizkie baserritarrei, ingurumenari eta udalerriari. Baserritarrei, diru-sarrera osagarria lortuko dutelako, konpost egiteko materia organiko berezitua eskuratuko dutelako, eta ongarritan aurreztuko dutelako. Ingurumenari dagokionez, garraioak sortzen duen kutsadura gutxituko da, baita erretzearen ondorioz sortzen den kutsadura ere. Lurrari elikagaiak itzuli eta materia organikoaren zikloa itxi egingo da. Gainera, lortutako konpostari esker, saihestuko da ongarri industrialak erabiltzea. Azkenik, udalerrirako ere izango da onuragarria, hango jarduera ekonomikoa indartuko delako, eta, sistemaren sinpletasunagatik, Udalak dirua aurreztuko duelako.
Egitasmoak interesa sortu du herritarren artean eta esperientzia pilotua ondo irtenez gero, baliteke datorren urtean hura 60 familiari zabaltzea.