Literaturia Zarautzera eramango dute

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 13a, 09:23

Argazkia: Peru Iparragirre

Literaturia, euskara hutsezko literatura azoka, Larrabetzun antolatu da orain dela bost urtetik hona. Baina, haren antolatzaileek jakinarazi duten bezala, azoka Zarautzen egingo da aurten; maiatzaren 23tik 25era bitartean, hain zuzen ere. Literaturia Literatura Eskolaren baitan sortutako ekimen bat da; eta Literatura Eskola Euskal Herri osoko literatur zaleak batzen dituen gune bat. Hala, urte osoan zehar eskolaren haritik antolatzen diren saioak Euskal Herriko lurralde guztietara zabaltzen dira. “Literaturia Larrabetzun egiten hasi ginen, pentsatu genuelako, hobe zela leku txiki batean hastea, zelako erantzuna edukiko genuen jakiteko. Eta bost urteren ostean konturatu ginen Larrabetzun jarraituz gero, guk geuk egingo genuela Literaturia txiki”. Azaldutakoaren arabera, Larrabetzuk gabeziak ditu halako ekimen batek azpiegitura aldetik dituen beharrizanei erantzuna emateko. “Uste dugu euskarazko literaturak bete dezakeela holako plaza bat, eta baldintza egokiagoak dituen leku batera eramanez gero, oraindik ere gehiago zabalduko litzakeela”. Literaturia non egin aztertu eta Zarautz aukeratu dute, horrek dituen ezaugarriengatik. “Alde batetik, literatura eta kulturaren inguruko giroa dago bertan: idazle pilo bat, Garoa liburu-dendak bultzatutako Paperezko Lagunak irakurle taldea, Lizardi sariak, Susa argitaletxea...”. Erakundeen babesa eta bitartekoak ere aipatu dituzte. “Larrabetzuko gaur egungo udalbatzari asko eskertu behar diogu, eskatu dugun guztia eduki dugulako. Baina ekonomikoki Larrabetzuk ez dauka modurik halako gauza bat egiteko. Eta Zarautzeko Udalak lagunduko du Literaturia finantzatzen”. Zarautzek gainontzeko herriekin daukan komunikazioa, eta turismo eta ostalaritza arloan eskaintzen dituen zerbitzuak beste arrazoi bat dira. “Euskal Herriko edozein puntutik erraz iristeko leku bat da. Gainera, ahal izanez gero, literatur zaleek asteburu osoa eman dezakete bertan, eta Larrabetzuk ez dauka azpiegitura nahikorik horretarako”. Larrabetzuarrek oso parte-hartze aktiboa izan dute Literaturian, bai antolatzaile moduan, bai publiko moduan. “Eskertuta baino ez gaude. Guk uste dugu Literaturiak arrastoa eduki duela jendearengan, eta kulturarako eta literaturarako zaletasuna piztu duela. Baina kontua da Literaturia ez dela Larrabetzu; Literaturia euskarazko literaturaren plaza da, Larrabetzun zein beste leku batean. Zarautzera joango da orain, baina ez dakigu bertan zenbat denbora emango duen. Guretzat Literaturia da inportantea, ez lekua”. Zarautzeko lagunak dagoeneko hasi dira Literaturiaren 2014ko edizioa prestatzen. Haren egitaraua maiatzean emango dute ezagutzera.