<i>Fracking</i>-aren kontrako taldea sortzeko asmotan dabiltza Txorierrin

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 18a, 10:03

Irudia: frackingez.org

Larrabetzuar batzuk kezkatuta dabiltza fracking teknikarekin eta horrek ingurumenean zein gizakion osasunean eduki ditzakeen ondorioekin. Hori dela-eta, bilera bat antolatu dute apirilaren 23rako, iluntzeko 7,30etan, Anguleri Kultur Etxean. Bilerak Txorierrin fracking-aren kontrako talde bat sortzea du helburu, eta bertan Aitor Urresti Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak hartuko du parte. Urresti industria-ingeniaria da, energia berriztagarrietan espezializatuta dago eta fracking teknikan aditua ere bada. Ekitaldian Fracking ez Bilbao plataformaren kide bat ere arituko da, eta horrek azalduko du teknika honen kontrako plataformak zelan sortu eta antolatu diren. Antolatzaileek adierazi duten bezala, bilera txorierritar guztiei dago zabalik, izan ere, plataformak Txorierriko herri guztietako kideak hartzeko asmoa du. Frackinga edo haustura hidraulikoa ez ohiko gasa erauzteko teknika bat da, eta ama-haitza (arbela eta eskistoak) apurtuz bertan dagoen gas naturala ateratzean datza. Apurketa mistoa erabiltzen da horretarako: haitza 5.000 metrora arte zulatzen da bertikalki, eta ostean, zenbait kilometro horizontalki (2-5 km). Harearekin ( % 98) eta hainbat gehigarri kimikorekin (% 2) nahastuta dagoen ura sartzen da presio handiz eta ondorioz, haitza apurtu eta gasa askatu egiten da. Nahasketaren zati bat ere (% 15-85) azalera igotzen da. Hautagaien jarrera ezagutu “Prozesuak hainbat kalte ekar diezazkioke bai ingurumenari, bai gure osasunari. Besteak beste, lurpeko uren kutsadura, airearen kutsadura, berotegi-gasak igortzea, lurrikarak, hots-kutsadura eta paisaia-eragina. Horrezaz gainera, gasa garraiatzeari lotutako eraginak ere hartu behar dira kontuan, uraren kontsumoa eta lurraren okupazioa”, azaldu digute. Euskal Autonomia Erkidegoan eta isurialde kantauriarrean fracking teknika erabiltzeko eman diren baimenak www.fracturahidraulicano.info/mapa-permisos.html webgunean kontsulta daitezke. Bestalde, Txorierriko plataformarekin harremanetan ipintzeko, mezu bat idatz daiteke helbide elektroniko honetara: fracking.ez.txoriherri@gmail.com. “Informazio-bilerez gainera, hainbat ekintza egiteko asmoa dugu: manifestazioak, kamisetak, banderak eta txapak egitea, finantzazioa lortzeko ekitaldiak… Era berean, hauteskunde garaian gaudela aprobetxatu eta udalerri bakoitzeko hautagaiekin biltzen saiatuko gara, frackingari buruz duten iritzia ezagutzeko eta herritarrei jakinarazteko. Ekintza hau Bizkaiko gainontzeko plataformekin koordinatuko dugu”.