Karraderan Larrabetzuko elkartea memoria historikoa berreskuratzeko lanean hasi zen orain dela urte batzuk. Ildo horri jarraituta, Aranzadi elkartearekin eta Larrabetzuko Udalarekin sinatu zuten akordio bat iazko martxoan. Francoren tropek, Bilbori erasoa egiteko, Burdin Gerrikoa suntsitu zuten 1937ko ekainean, eta inguruan hainbat borroka egon ziren. Karraderan elkartekoek landa-lana egiten dute; hau da, mendian zehar ibiltzen dira arrasto eta gorpuzki bila, eta Aranzadikoak haiek aztertzeaz arduratzen dira. Urtarrilean, hiru borrokalariren gorpuzkiak atera dituzte lurpetik.
Aranzadikoek ezin izan dute jakin nortzuk ziren hiru borrokalarietako bi, baina jakinarazi dute urtarrilaren 16an, Urkullu mendian, lurpetik ateratako gorpuzkiak Ramón Portilla Acedorenak direla. Portilla CNT-ko Celta batailoiko milizianoa zen.
“Ez genuen espero hain denbora-tarte laburrean topatzea hiru lagunen gorpuzkiak. Harrituta eta apur bat hunkituta gaude, izan ere, Ramón Portillaren arreba bizirik dago oraindik. Laurogeita hamar urte ditu eta gure lanari esker izan du nebaren berri. Pozik gaude gure lana fruituak ematen hasi delako. Azken batean, guk helburu bi ditugu: alde batetik, Larrabetzun Gerra Zibilaren eta Lehen Frankismoaren ikerketa zientifiko bat egitea; eta bestetik, Burdin Hesiaren balioa azpimarratzea. Gorpuzkiak topatzeak aurrera jarraitzera animatu gaitu. Gainera, publizitatea ekarri digu eta gero eta jende gehiago etorri da guri laguntzeko prest. Gurea herrikideen proiektua denez, laguntza beti da mesedegarria”, esan digu Ainhoa Larrabek, Karraderan elkartetik.
“Oraindik lehenengo pausoak baino ez ditugu eman. Gauza pilo bat topatzen gabiltza, eta oraindik ez gara Gaztelumendin hasi”, adierazi du Ainhoak. Arrastoak bilatzea ez da Karraderan elkartekoek egiten duten gauza bakarra. Ibilbide kulturalak prestatzen ere badabiltza eta espero dute Aste Santurako lehenengoa irekitzea. Ibilbide horretan lubaki eta metrailadore bat ipiniko dituzte ikusgai eta argibide-taulak ere jarriko dituzte.