Larrabetzuko eskola, Aktibatu+ programan saritua

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 8a, 08:56
a: Larrabetzuko eskola
Bizkaiko Foru Aldundiak Aktibatu+ programaren laugarren edizioa antolatu du aurten eta programa horren barruan sariak banatu ditu. Haien artean, Larrabetzuko eskolak energiaren moduluko bigarren saria jaso du. “Maite López irakasleak izena eman zuen programan eta irabazi egin dugu. Oso pozik gaude, gurea eskola txikia delako eta guztiok inplikatzen garelako. Neska-mutilek gogor egin zuten lan hiru hilabetean eta, gure ustez, ikasi dute energia aurreztea eta, azken batean, ingurunea zaintzea oso garrantzitsuak direla”, esan digu Paloma Undagoitia Larrabetzuko eskolako zuzendariak. Sariak ekainaren 6an banatu ziren Leioan. Larrabetzuko 3. mailako ikasleek Armañongo parketxera bisita bat jaso dute saritzat. Larrabetzuarrek ikasgela batzuk aukeratu zituzten, horiek hutsik daudenean zein argi eta gailu piztuta geratzen diren aztertzeko. Jasotako datuetan oinarrituta, neurri zuzentzaileen paketea sortu zuten eta horien berri eman zieten eskolako langileei eta ikaskide guztiei. Neurri zuzentzaile horiek ezarri ondoren, taldeak bigarren ikuskaritza egin zuen, eta jasotako emaitzak aurretik egindako analisian jasotako emaitzekin alderatu zituen. Aktibatu+ programa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta, eta iraunkortasunaren aldeko herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu. Larrabetzuko eskolarekin batera, Busturialdea-Urdaibai, Mungialdea, Erandio, Getxo eta Leioako 18 ikastetxek hartu dute parte programan. Ikasleak bi modulutan aritu dira: alde batetik, energia-kontsumoa murriztea helburu duen moduluan; eta, bestetik, hondakinen ekoizpena murriztea, horien kudeaketa hobetzea eta erosketa-irizpide iraunkorragoak ezartzea helburu duen moduluan. Edizio honetan, oro har, ikasleek proposatutako neurriei esker, erabilera eraginkorragoa erregistratu da ikastetxe guztietan; hala, bataz beste, kontsumoa % 5 murriztea lortu da, eta batzuetan % 20an murrizteraino ere heldu da. Era berean, hondakin gutxiago sortzea, gaikako bilketa areagotzea eta erosketak modu iraunkorragoan kudeatzeko irizpide berriak finkatzea ere lortu dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).