Bertsolari nasaiaren garaipena

Aikor aldizkaria 2017ko urt. 26a, 11:06

Txapela buruan eta ibili munduan esaten bada be, Etxahun Lekuek 2016ko abenduaren 17an irabazitakoa ez dago inoren buruan, ezta etxeko horman eskegita be. Bizkaiko Bertsolari Txapeldunak ez dau motxilatik atara, bertso eskoletako ikasle guztiei erakutsi behar baitie Bizkaia Arenan irabazitako altxorra. Txapela sari polita eta garrantzitsua bada be, larrabetzuarrak ez deutso pisu gehiegirik emon gura ekitaldi puntual horretan irabazitakoari eta bere horretan jarraitu nahi dau; horrela esan eutsan Xabier Amurizak: “Ez daukazu ibili beharrik beti txapela buruan. Bakarrik opa deutsut ibil zaitezela txapelduna zarela igarteko moduan”.

Zelan dago Larrabetzu zure garaipena iragarri zanetik?

Herri txikia da eta danok ezagutzen dogu alkar. Herritar danek zoriondu nabe. Notiziak arin zabalten dira, eta herriaz gain urrun bizi diran euskaldun askok be zoriondu nabe.

 

2002an lehen finalean agertu zinan eta 2016an irabazi.

Jenteak espero eban. Egia da zaletuen aldetik “aurten zure urtea da” bezalako komentario ugari entzun dodazala, baina nik ez dot horrela harten: ez deutsot derrigortasunik jarri neure buruari Txapela irabazteko. Sari polita bada, eta txapelketara zoazenean irabazlea izateko nahia dozu. Halan da be, txapel barik be trankil erretiratuko nintzateke. Txapelketetan parte hartzen dot bertan disfrutaten dodalako. Irabazi ezean be bardin egongo nintzan.

 

Nola deskribatuko zeunke Etxahun Lekue?

Tipo lasaia naz, eta uste dot hori eszenatokian islatzen dodala. Plazan norberaren izaera aditzera emoten da: umoretsua dana, bertsoetan umoretsua izateko joera dauka askotan. Azken baten, izaerea eta bertsokeria bide beretik doaz.

 

Noiz piztu jatzun bertsolaritzarekiko grina?

Zortzi urte nebazala. Aurreko urtean Larrabetzuko Bertso Eskola sortu zan, nagusiena momentu hartan. Sortu eta urtebetera ume talde bat sartu ginan bertan. Nagusien taldea desagertu eta 18-20 umeen talde potentea sortu genduan. Nerabezaroan neu bakarrik geratu nintzan. Beste guztiek alde egin eben. Momentu txarra bakarrik lotuteko. Eskerrak Jon Lopategiren Bizkaiko Bertsolari Gazteen taldean sartu nintzala.

 

Bertsolariaz gain, bertsolaritza irakaslea be bazara.

16-17 urte daroadaz honetan, eskolarik eskola bertsolaritza irakasten, Bertsozale Elkartearen bitartez. Bizimodua bertsoen inguruan eraiki dot: lanbidea bertso irakaslea dot, zaletasunetako bat Bertso Eskola da eta hobby nagusia bertsolari bezala aritzea da. Egia da ez dagoala alderik eskoletan egiten dodan lana plazan egiten dodan lanarekin eta plazan egiten dodan lana Bertso Eskolan egiten dodanarekin. Mundu bateko hiru azpimundu dira.

 

Eta deskonektateko denporarik al dozu?

Argi daukat hiru esparru ezbardin dirala eta baliteke egunen baten nekatzea, baina momentuz gustura nabil hiruretan.

 

Zelako ikaslea zinan txikitan?

Mugitua nintzan, baina ez neban arazorik. Klasetik kanpo asko mugitzen zan ikaslea nintzen.

 

Zelakoak dira zureak?

Ikasle jatorrak dodaz (barreak). Seigarren mailan dagoz. Bertsolaritza klaseak euskara ordu baten lantzen doguz. Horrezaz gain, Txorierriko eskola guztietan nabil klaseak emoten.

 

Pozik egongo dira eskuratu barri dozun txapelarekin, ezta?

Bai, asko. Sekulako harrera egin eustien oporrak baino lehenago, lotsatzeraino ia-ia (barreak): opariak emon eustiezan, eurek egindako bertsoak bota eustiezan eskola osoaren aurrean.

 

Gaur dozun bizimodua txikitan amesten zenduanaren antzekoa da?

Ez dot uste txikia nintzanean bertsolaria izateko ametsa nebanik. Ziurrenik, gehiengoa bezala, kirolaria izan nahi neban. Bertsotan oso gazterik hasi eta oso gustura nengoan, baina pretentsino barik. Ez nintzan gainontzeko ikasleetatik nabarmentzen. Bizimodu hau etorri jatan gauzea izan da; ez dot bilatu.

 

Zelangoa da bertsolari baten entrenamendua?

Bertsolari bakotxak berea egiten dau. Batzuk ordu asko emoten dabez koaderno aurrean ideiak garatuten, errimak landuten… Nire kasuan, txapelketa sasoian Beñat Ugartetxea, Fredi Paya eta Arkaitz Estiballesekin batu eta bertsoak botatzen doguz astean behin, eta txapelketetan egiten ditugun bi ariketa simulatzen doguz: gaiak jarri eta kantau. Ondoren, ariketaren inguruko hausnarketa egiten dogu danon artean. Lau bertsolari oso ezbardinak gara, eta gure arteko komentarioek asko lagunduten gaitue.

 

Zer nolako harremana dozu beste bertsolariakaz?

14 urtekin bakarrik gelditu nintzen herrian, eta bertsolaritzagatik ez bazan… bestelako bertsolariakaz harremanak egiten hasi nintzan. 17-18 urtekin bertso ibilbidea hasi neban, eta hemendik eta handik deitzen eustien kantateko. Askotan aurretik zehaztutako kide bategaz kantateko deituten eustien. Beste batzutan, ostera, niri eskatzen eustien beste bertsolariren bat ekarteko. Horrela, kidetasuna garatuten joan nintzan. Giroa da gure artean, eta hori atzematen da: finalean bertsokideak, arerioak izan arren, bere horretan ondo aritzea nahi dozu. Harreman sanoa dogu gure artean.

 

Zelan alkarbizi dira hasibarriak eta beteranoak?

Beteranoen artean betidanik egon da aurretiko jarrerea barriei lagunduteko. Tradizino kontua da, azpitik datorrenari lagundutearena. Plaza handi baten aritzea konpromiso handia da gazte batentzat. Gure kasuan, edozein herritako bertso eskolako haurren bati kantatzea tokatzen jakonean, nolabait babesten saiatzen gara.

 

Horrela hasi zinan zeu be, ezta?

Eskolarteko baten hasi nintzen. Baina bertan gure adinaren ingurukoak egozan eta publiko gitxi. Oso gaizki pasatu neban. Orain trankil nabil, baina neureak be pasatu dodaz plazetan.

 

Finala irabazi arren deseroso hasi zinan finalean… zergaitik baina?

Batek daki. Askotan, jakin barik presionatzen dogu gure burua. Hasieran oso lotuta ibili nintzan. Halan da be, askotan pertzeptzino kontua da. Finala pasatu ostean neure bertsoak entzun nebazan, eta uste baino hobeto egozan, bereziki zortziko txikia eta hamarreko txikia. Batzutan bertsoa bakarrik dator. Beste batzutan, ekarri, ekarri, ekarri... eta ezin.

 

Buruz-burukoan fin, ostera

Buruz-burukoa magia da niretzat. Ez dakit zeintzuk faktore gehitzen diran hor, baina ez dot sekula buruz-buruko ariketa txarreko lehiaketarik ikusi. Entzuteko momentu oso polita be bada. Kantau edo entzun behar dozu, baina belarri guztiak bertsolari bi horreen kantuetara dagoz. Oso gustura egon nintzan.

 

Zelako arerioak izan zenduzan?

Beñatek erritmoa eman eutsan ekitaldiari umoreagaz. Mirenen potoak kaltea barik mesedea egin eutsan, kantateko modua aldatu eutsalako. Ibonen bakarkakoa asko gustatu jatan. Nereak freskurea emon eutsan finalari, lehenengoa, eta ez jakon handi geratu, ezta gutxiago be! Onintzak publikoarekin bat egin eban: dana da sentimendua eta publikoak ondo jaso eban bere mezua. Jonek sekulako maila dauka eta, oraingoan izan ez bada, laster jantziko dau txapela. Xabat finaleko sorpresa izan zan eta asko poztu nintzan: ez dot asko kantau beragaz, baina egon nazen tarte txikian goitik beherako pertsona eta bertsolaria dala uste dot, eta antzekotasunak daukaz nigaz: tipo apala da, ohiko gauzetatik kanpo gauza gitxi baina onak egiten dauezana...

 

Txapela janstearen momentua, bakarra

Bakarra, baina ez da ezdozelangoa! Xabier Amuriza ez da edonor: bertsolaritza, euskalgintza eta kulturgintzan pisu izugarria dauen pertsonea da. Berbaldia be oso hunkigarria izan zan niretzat, ez dot uste ahaztuko dodanik.

 

Aldaketarik nabaritu ahal izan dozu bertsolaritzan hasi zinanetik?

Transmisino esparruan lan asko egin da. Plazan ikusi egiten da. Bertsozale alkartean lanean hasi nintzanean hiru irakasle gengozan. Gaur 17 dagoz. Bertsogintza Bizkaiko ikasleen ehuneko handi batera heltzearen seinalea da. Osasuntsu gabiltza.

 

Txapelketan izanda pasarte xelebrerik izan dozu?

Nire lehenengo final baten, Euskalduna Jauregian egindakoan (2002-2004), sekulako garriko mina neukan. Kartzelara joan ginan. Lurrean etzan eta beroketa ariketak egiten hasi nintzan mina kenduteko. Saioa igaro eta azken agurra bota ostean, jesarri eta ez egoan garriko minaren arrastorik. Finalaren tentsinoaren seinalea izan zan.

 

 

Lekue, gertuagotik

Edari gogokoena: ardaoa

Telesail interesgarria: Juego de Tronos

Musika talde bat: Berri Txarrak

Mendia edo hondartza? Erdibana

Liburu gomendagarri bat: Franco Hil Zuten Egunak (Koldo Izagirre, Susa Narratiba)

Birtudea eta defektua: lasaitasuna eta nagikeria

 

 

 

 

Erlazionatuak

Etxahun Lekue, 2017

Aikor aldizkaria 2017 urt 26 Larrabetzu

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).