Isiltasunaren narratzailea

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 24a, 10:56

Lara Izagirre | Zinema zuzendaria

Istorio bat ondo kontatzea zaila bada ere, ezer esan gabe egitea are zailagoa. Lara Izagirre film zuzendariak Un Otoño sin Berlín filmaren bidez egin zuen pasa den urteko otsailean. Goya bat irabazitako urteurrena dela eta, Larrabetzuko Gariza Films ekoiztetxean izan gara 31 urteko Zornotzako neskaren ibilera gertutik ezagutzeko.

Zergatik zinema?

Institutuan oraindik ez neukan argi zinemagintza gustatuko zitzaidanik. Unibertsitatean ikusentzunezkoen karrera hautatu nuen, eta bertan zinemagintza lantzen zen, baina bestelako medioen artean: irratia, telebista, zinema… denborak aurrera egin ahala zinema gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Azken urtean zinema eta bideoa modalitatea aukeratu nuen.

Zelakoa da Lara Izagirreren zinema?

Oso pertsonala da. Egindako zinta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Orokorrean, esango nuke oinarrian pertsonekin lan egitea gustatzen zaidala. Dokumentaletako pertsonai horiekin denbora pasatzea asko gustatzen zait. Fikzioaren kasuan, aktoreekin lan egitea gustatzen zait. Uste dut hori nire lanetan nabari dela.

Un Otoño sin Berlin zure lehen filma da. Laburrak edo filmak?

Gauza oso ezberdinak dira. Inoiz ez nago guztiz eroso. Medioari beldurra diot eta zinemagintza egitea gauza serioa da. Gidoien eta personaien arabera laburrak edo filmak egiten ditut. Egoeraren arabera.

Zelan sortu zitzaizun Un Otoño sin Berlin (2015) zinta egitearen ideia?

2011n idatzi nuen, eta ordenagailuko ezkutuko karpeta baten gorde nuen. Ondoren beste bi laburmetrai egin nituen: Next Stop Greenland (laburmetrai-dokumentala, 2012) eta Sormenaren Bide Ezkutuak (laburmetraia, 2013). Lan horiek harrera ona izan zuten. Horren ostean gauza ezberdin eta luzeago bat egitearen nahia sentitu nuen. Orduan, 2011n idatzitako gidoi hura berreskuratu eta berrirakurri egin nuen 2013an, eta filma egiten hasi ginen.

Zein izan zen hurrengo pausua?

Produkziorako kolaboratzaileak bilatzen hasi ginen. Momentu hartan Iñaki Juaristi ekoizlea ibili zen elkarlanean gurekin. Bera produkzioko alor guztia bideratu zuen Gorka Izagirrerekin. Gainera ETBko laguntza izan genuen. Horrez gain inbertsio pribatu batzuk egin genituen. Bitartean, ni alde kreatiboa lantzen hasi nintzen: aktoreak, talde artistikoa… konturatu ginenerako pelikula bat egiten ari ginen.

Ezagunik bazenuen aktoreen artean.

Ramón Barea. Berarekin Kea (2012) grabatu nuen. Argi neukan Ramón filman rolen bat izan behar zuela. Ez nekien zein, baina agertu behar zuen, segurtasun asko ematen didalako eta adiskide ona delako. Naiara Carmona, Irene Escolar eta Tamar Novas… euren lana aldez aurretik ezagutzen nuen.

Horietako birekin feeling berezia izan zenuen.

Naiara Carmona eta Irene Escolar nire etxean bizi izan ziren filma grabatu genuen bitartean. Grabaketara joatea udalekuetara joatea bezalakoa zen: grabaketan lan egiten genuen, eta etxean hurrengo eguneko actingak entseatzen genituen. Lagun minak egin ginen.

Zer kontatzen duzu zintan?

Maitasun harreman asko ematen dira bertan: bikote baten artekoa, familia artekoa, lagunen  artekoa… ez da Holywoodeko maitasuna, eguneroko maitasuna baizik. Maitasunari kontrajarrita, ametsak eta dilemak agertzen dira. June da protagonista eta pelikula osoan bere ibilbidea jarraitzen dugu, udazken batean zehar. Helburua antzinako bikotekidea, egun etxetik irteten ez dena, Berlinera eramatea da.

Isiltasunak berebiziko garrantzia du zinta honetan.

Asko esaten da ixiltasunaren bitartez. Ikusi eta bizi behar diren momentuak erakusten ditu filmak. Ez da pelikula erraza ikuslearentzat. Ez da ematen informazio guztia, hutsune asko daude. Ixilik gaudenean gauza asko esaten ditugu.

Arrakasta Donostiako Zinemaldian. Zein izan daiteke arrakastaren gakoa?

Ez genuen espero horrelako harrera. Pentsatzen genuen filmak publiko txikiagoa izango zuela. Asko harritu ginen. Un Otoño Sin Berlinek pertsonaia ezberdin asko dauzka eta ikusle batek pertsonaia horiekin konektatzeko aukerak ditu: protagonista, laguna, aita... Jendeak konexioak bilatzen ditu askotan filmetan.

Zenbat pertsona eta zenbat denbora eman duzue, eta non?

30 pertsona inguru izan ginen egun normaletan, zortzi astetan zehar, Zornotzan, Bilboko Arriaga antzerkian eta Miguel de Unamuno institutuan.

Ireneren antzezpenak Goya eskuratu zuen. Zelako esperientzia da?

Urtebete igaro da eta sinistea zaila egiten zait oraindik. Beti amestu dut Goya bat irabaztearekin, baina oso zaila da. Urte hartan, Ireneren actinga berarekin batera nominatuak zeuden aktoreekin alderatuta onena izan zen, nire ustez. Merezi izan zuen. Baina errealitateak erakutsi digu askotan ez dutela onenek irabazten. Batzuk ez dira nominatuak izatera heltzen ere!

Escolar kamera aurrean estreinatu zen ere

Jendea zain zegoen, momentura arte Madrileko antzerkian aritutako aktoresa izan delako. Irene moduko aktore batek June pertsonaia behar zuen, eta June bezalako pertsonaiak Irene bezalako aktorea behar zuen. Akademikoek ikusi eta bozkatu zuten. Ez zen filtraziorik egon, eta saria jasotzea oso momentu polita eta hunkigarria izan zen.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta zinema akademia batek eskaintzen dituzten materiak zeharo ezberdinak dira.

Karrera egin nuenean oso teorikoa iruditu zitzaidan dena. Denbora asko ematen genuen beste gauza asko ikasten. Hirugarren eta laugarren urtean bidea topatu eta praktikak egin nituen. Mundua ezagutzeko eta hazteko ondo dago. Estatu Batuetan guztiz praktikoa zen ikasturtea aukeratu nuen. Zinemagintzaren prisma ezberdin bi dira.

Estatu Batuetako zinemagintza eta bertakoa. Mundu bi?

Estatu Batuetan zinemagintza bigarren industria garrantzitsuena da, armenaren ostean. Euskal Herrian, zinemagintzari milioi bat euro ematen zaio guztira dirulaguntzetan. Horrela ez da sekula zinemaren inguruko industriarik sortuko. Gainera, ez hemen, ez Espainian, zinemagintza ez dago oso baloratua. Talentu asko daukan jendea dago, baina industriarik ez, ordea. Horrela, zinematik bizitzea oso zaila da.

Zaila, baina ezinezkoa?

Bizitza baldintzak baloratzen badira, posible da. Baina ez da kanpotik ikusita ematen duena. Jende normala gara eta lan arrunta duten pertsonak bezala bizi gara, exotikoagoa dela eman arren.

Oztoporik izan al duzu zure ibilbidean?

Lan piloa egin behar da. Jendeak uste duena baino askoz gehiago. Nire ustez, lan asko egiten bada denbora luzean zehar azkenean oztopo guztiak desagertzen dira.

Zertan zabiltza momentu honetan?

Gidoiak idazteko Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen dirulaguntza jaso nuen eta 2017a proiektu berriak sortzeko urtea dela esan daiteke.

Aurrerapenik?

Euskara hutsean grabatuko den fikziozko filma izango da, komediara hurbilduz. 2018an grabatu eta 2019an amaitzeko asmoa daukat, 2020an estreinatzeko, dena ondo badoa.

 

 

 

Filmografia

Un Otoño sin Berlin (2015) |Filma

    Zuzendaria & idazlea

Larroxa (2013) | Laburra

    Zuzendaria & idazlea

Sormenaren bide ezkutuak (2013) | Laburra

    Zuzendaria, idazlea, ekoizlea

Next Stop Greenland (2012) | Laburmetrai dokumentala

    Zuzendaria & idazlea

Kea (2012) | Laburra

    Zuzendaria, idazlea, ekoizlea

Bycicle Poem (2010) | Laburra

    Zuzendaria, idazlea, ekoizlea

Spiderman & Grandma (2009) | Laburra

    Zuzendaria & idazlea

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).