Herritarren txanda

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 17a, 15:14

Martxoak 19 gogoan izateko eguna izango da. Izan ere, Ebatzi Larrabe­tzuko Gure Esku Dago taldeak herri-galdeketa antolatu du. Horrek aukera emango die lehendabiziko al­diz larrabetzuarrei Euskal Herriaren estatus politikoari bu­ruzko iritzia emateko. Bozketarekin batera jai eguna os­patuko dute herrian.

“Emaitzari baino parte-hartzeari ematen diogu garrantzia. Gure ustez, funtsezkoa da herritarren hitza entzutea. Guztiok hartu behar dugu parte, independentzia eta burujabetzaren aldekoak, zein kontrakoak, benetan euskal gizarteak horren inguruan zer pentsatzen duen jakiteko. Parte hartzea handia bada, emaitza oso aberasgarria izango da”, dio Maiorga Tor­visco Ebatziko kideak. Larrabetzuko Gu­re Esku Dago ekimenaren kideek jai eguna prestatu dute martxoaren 19rako: bertsolariak, dantza taldeak, herri kirolak, saskibaloi partida bat, musika, ipuin kontalariak umeentzat... Herritarrek galdera honi erantzun behar izango diote: "Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?".
Galdeketa hauteskunde arrunt bat izango balitz moduan antolatu da, baina aldaketa batzuk egongo dira. Esate baterako, boza emateko eskubidea La­rra­betzun erroldutako 16 urtetik gorako la­gu­nek izango dute. Eta gainera, hauteskunde batzuetan gertatzen ez den mo-duan, atzerritarrek ere badute boza emateko ahalmena, aurreko baldintza betetzen badute. Bozkatzeko ordutegia 9:00tik 20:00etara bitartean luzatuko da, Ebatzi elkarteko egoitzan, lehen BBK-ko bulegoa zegoen lekuan. 
Ebatzikoek diote emaitza ez dela hain garrantzitsua, baina zer gertatuko litzateke Larrabetzuk eurek nahi ez duten erantzuna emango balu? “Ba, oso ondo. He­men oso nekez aterako da kontrako emai­tza bat, baina horrelakoa gertatzen ba­da, oso pozik ibiliko gara, jendeak parte hartu duelako eta nork bere iritzia adierazi egin duelako. Askotan eztabaida konstruktibo bat botatzen dugu faltan”, adierazi dute. “Guk espero dugun gauza bakarra da ahalik eta jende gehienek parte hartzea. Herria ahalduntzea nahi dugu, hau da, herritarrok ez dugu indarrik mugitzen ez bagara; baina orain mugitzen gabiltza”.

Gero eta herri gehiago
Beraz, emaitza oso baliogarria izango da. “Politi­kariak politika munduan dabiltza, eta askotan ez diote jendeari jaramon handirik egiten, gugandik urrun arituko balira moduan. Eta horregatik sortu da Gure Esku Dago herritarren ekimena, herritarroi hitza emateko. Eta hori politikariek ezin dute baztertu, herritarren na­hia jaso beharko dute, mugimendua go­rantza doalako. Duela pare bat urte, galdetegia herri bitan egin zen; iaz, 38 he­rritan; eta aurten, 112 herritan, eta haietako 30 baino gehiago, Bizkaian, gure inguruan: Getxo, Arrigorriaga... Guztira 600.000 mila biztanlek izango dugu gure iritzia emateko aukera. Eta datorren urtean aurrera jarraituko dugu eta beste herri batzuek egingo dute bat ekimenarekin”.
Larrabetzu izango da Txorierrin ho­rrelako galdeketaren bat egiten den le­henengo herria. Etorkizunari begira, Eba­tzikoek uste dute Txorierrira ere zabalduko dela galdeketa. “Gure Esku Dago ekimenaren nahia ez da herri guzti-guztietan galdeketa egitea, baina argi dago gero eta herri gehiago animatzen direla. Eta Txorierrin ere bai. Loiun izan ezik, gainontzeko herrietan badago Gure Esku Dago ekimenaren talde bana. Eta La­rra­betzun galdeketa egin ostean, ekimena suspertuko da gainontzeko herrietan”.
Batzuek uste dute galdeketa egitea erabat zilegia dela; batzuek, ez, ordea. “Politikariak oso gustura bizi izan dira zehaztu gabeko egoera batean. Eta askotan erantzunak neurtu egin dituzte jendearen jarreraren arabera. Hori dela-eta, herritarrok ez dugu Euskal Herriko egoera politikoari buruzko irtenbiderik ikusi, hainbat urte horren inguruan eztabaidatzen eman ostean. Bada garaia gai horri erantzuna emateko, kontra ala alde, bai­na behintzat iritzia emateko aukera”.
Gure Esku Dago ekimena 2013an sortu zen eta harrezkero momentu txarrak zein onak bizi izan ditu. Esate baterako, 2015ean ekitaldi erraldoia egin zen San Mamesen, baina hori ez zen espero zuten bezain arraskatasua izan. “Errea­litateak gogor kolpekatu gintuen, eta horrek etsipena eta zalantzak ekarri zizkigun. Hala ere, herri-galdeketaren haritik, ilusio berpiztu egin da eta taldeak indartu egin dira. Gaur egun, Gure Esku Dago bizi-bizirik dago. Eta dinamikaren helburuak betetzen ditugun heinean, gauzak Euskal Herrian aldatu eta hobetuko dira”.