Murrizketak salatu dituzte Larrabetzuko eskolan

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 2a, 13:09
a: Idoia Andres

Azken hilabeteotan irakaskuntzan lan egiten dutenek salatu dute lan-baldintzak gero eta okerragoak direla eta irakaskuntzaren egoera ere gero eta txarragoa dela. Larrabetzuko eskolak jarraipena eman die protestei eta gaur murrizketak salatu dituzte eskolaren aurrean. 

“Irakasleok zerbait gehiago egin behar genuen erabaki genuen eta guraso elkarteak bat egin du gurekin”, azaldu digu Deiene Iturregi ikasketa buruak. Beraz, ekainera arte, maisuak zein gurasoak barikuro batuko dira 9:15etik 9:30era euren egoeraren berri emateko.

Ez da horren haritik antolatzen den lehenengo ekintza. Izan ere, protesta batzuk antolatu dira Euskal Herri mailan azken asteotan. Esate baterako, maiatzean zehar greba egun bi antolatu ziren, 16an eta 23an. Gainera, maiatzaren 20an manifestazioak antolatu ziren Donostian, Gasteizen eta Bilbon eta bertan langileak zein familiak bildu ziren.

“Azken urteotan, gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek gure hezkuntza sistema oro har eta gaur egungo hezkuntza publikoarena zehazki egoera larrian kokatu dute. Horri buelta emateko, oinarri-oinarrizko neurriak eskatzen ditugu. Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa deritzogu berdintasun eta kalitatezko hezkuntza eskubidea bermatzeko neurri eta baliabide nahikoa izatea eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea Irakasleen artean, Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbiketan eta Haur-eskoletan”, esan du ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek sinatutako oharrak.

 

Neurri zehatzak

Sindikatuek eskaera zehatz batzuk aipatzen dituzte oharrean: inbertsioa hezkuntzan handitzea -gutxienez Europar Batasuneko batezbestekoa, progresiboki % 6ra iritsiz-; hezkuntza publikoan 2.000 lanpostu gehiago sortzea; behin-behinekotasuna % 6ra murriztea; gelako ikasle kopurua % 10 murriztea; langileen eroste ahalmena berreskuratzea; ordezkapenak lehen egunetik egitea; erretiroa erraztea; bajak osotasunean ordaintzea; LOMCE legea eskoletatik ateratzea; hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea; ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea; eta balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzat hartzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).