Uritarra, larrabetzuarra

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 28a, 10:26

Uritarra taldea

Uritarra Larrabetzuko futbol taldeak 70 urte bete dauz. Ibilbide luze honetan gorabeherak euki ditu, eta 1960an desagertu eta gero, 1980an berbiztu egin zan. Gaur egun osasuntsu ospatu dauz urteak. 

“Ez dozu inoz pentsaten hainbeste urte emongo dozuzala, baina tira, hemen gagoz”, esan deusku Iñigo Martínez de Alegría Manci Uritarra taldeko presidenteak. Zarata handirik egin barik, Larrabe­tzu­ko taldeak 70 urte bete dauz. Os­pakizun umila izan zan: goizean, hiruko txapelketa jokatu zan eta omenaldia es­kaini eutsien lau jokalari ohiri eta bost laguntzaileri; eta ostean, herri bazkaria eta musikea. “Batez be hunkigarria izan zan omenaldiaren momentua, batzuek 80 urte baino gehiago ebezalako”.

Uritarra klubak hainbat urte daroa helburu bakar bategaz, “herriko umeek gura daben arte Larrabetzun futbolean jokatzeko aukerea izatea”. “Udalak laguntzen dau taldea; esate baterako, zelai barria Udalarena da. Baina herriak be ba­besten gaitu. Larrabetzun beste kirol ba­tzuk be badagoz, baina herriko ume gehienak pasau dira taldetik. Taldeak lo­tura handia dauka herriagaz, batez be aurreko batzordeak egindako lanari es­ker”, dino Mancik.

Horren haritik, betiko eztabaida dago taldean: bakarrik herrikoek jokatu behar dabe ala baita kanpokoek be? “Guk uste dogu kanpokoek be jokatzeko aukerea euki behar dabela. Izan be, Larrabetzu oso herri txikia da, eta ondorioz, ezin da jarraitasuna bermatu, hau da, maila guztietan taldea sortu ahal izatea, ume nahikorik ez dagoelako”. Gaur egun 160 jokalari inguru dagoz taldean: 80, futbol es­kolan; eta beste 80, kadete eta gazte mai­letako taldeetan zein A eta B taldeetan. 

Jarraitasun hori bermatzeko, funtsezkotzat joten dabe klubeko futbol es­kola. “Hori sortu baino lehen, talde nagusia, eta batzuetan gazte mailako talderen bat be, bagenduan. Eskolari esker, behintzat talde bana dogu kategoria guztietan eta ondorioz, herritik gertuago gagoz: larrabetzuarrek taldea ezagutzen dabe, taldea jarraitzen dabe, partiduak zuzenean ikustera etorten dira...”. 

 

Kudeaketa ona

Talde txiki bat kudeatzea ez da erraza eta askotan jente gehiago inplikatzea gurako leukie klubekoek. Dana dala, pozik dagoz orain arte egindako lanagaz. “Esate baterako, talde nagusiko jokalariei partiduak irabazteagaitik bakarrik emoten deutsegu prima, hau da, gure mailako beste taldeek emoten dabena baino gitxiago ordaintzen deutsegu. Eta halanda be, gure jokalariek ez dabe beste talde batera joan gura eta ganera, gero eta kanpoko futbolari gehiagok etorri gura dabe gurera. Adibidez, Aitor, A taldeko atezainetako bat, Laudiokoa da, eta handik etorten da sosik kobrau barik, eta beste talde batzuetan jokatzeko eskaintzak jaso arren. Diruaz aparte emon ahal deutsagun guztia emoten ahalegintzen gara”.

Uritarrakoak ez dira dirudunak, baina beti agertzen dira beste batzuei laguntzeko prest. Holan bada, 2010ean hasi ziran txapelketa solidarioak antolatzen. “Saria bezalakoa da gure jokalari gazteentzat, goi-mailako taldeen kon­tra jokatzeko aukerea dabelako. Kirol arloaz ga­nera, gure ustez, gurearen mo­duko taldeek gizarte arloa be landu behar dabe. Eta txapelketak helburu solidarioa dauka, bertan batzen dogun dirua alkarte bati eskaintzen deutsagulako”. Aur­ten ez dabe egin, arazo batzuk euki dabezalako, baina datorren urterako barriro antolatzeko asmoa dabe.

Klubak ziur asko zorra dauka emakumezkoen futboleagaz. Gaur egun, neska batzuek jokatzen dabe eskolan, baina goi-mailan ez dago emakumezkoen talderik. “Orain dala urte batzuk egon zan nesken taldea. Pena da, herriko futbolariek inguruko taldeetan, kanpoan, jokatu behar dabelako, Derion batez be, baina ez dira nahikoak guk talde bat osatzeko”. Hutsune hori alde batera itxita, Uritarra “errealitate sendoa” da Larrabetzun, eu­rek esaten daben moduan. “ Gure gazteek sei urtetik gorputzak ahal dauan arte herrian bertan jokatu ahal dute futbolean. Herritik herritarrentzat sortutako proiektu honek hiru oinarri dauz: integrazinoa, talde lana eta aisialdia betetzeko aukerea”. Eta horreek azken 70 urteotan izan dira taldeko ezaugarriak. 

 

 

20 urteko etenaldia

Uritarra taldeko urteurrenaren ha­ritik, Oskar Gazteluk kirol alkartearen his­toria jaso dau bederatzi orrialdek osatutako dokumentu baten. Egileak ho­lan aurkeztu dau bere lana: “Gogo­betetasuna, errua eta pena sentidu doguz: gogobetetasuna, Uritarra taldearen historia apala batzeko aukerea euki dogulako; errua, gura barik aldizkari honetatik kanpo gera daitekezan pertsona, gertaera edo datuengaitik; eta pena, lan hau arinago ez hasteagaitik. Horregaitik, herri honek sortu dauan altxorra danon artean konpartitzearen beharra izan dogu; espero do­gu horrek Larrabetzuko memoria ko­lektiboari ekarpena egitea”. Taldea 1947an sortu zan, baina 1949ra arte ez zan federau, Juan Artea­garen eskutik. Lehenengo partida ofiziala 1949ko irailaren 11n jokatu eban, Iturrigorri taldearen aurka (1-1). Be­rrogeita hamargarren hamarkadea oparoa izan zan, taldea birritan igon zalako. Halanda be, 1960. urtean, ezin izan eban futbol zelaia mantendu eta taldea desagertu zan. Hogei urte pasau ziran, taldea barriro martxan jarri arte. 1980an, Jose Apraizek, Jose María Burgosek eta beste batzuek birsortu eben Uritarra. Sei urte beranduago, 1986ko abuz­tuaren 23an, inagurau zan Larra­betzuko futbol zelai barria, gaur egungoa. Harrezkero, taldeak aurrerapausuak emon ebazan apurka-apurka. Bai­na erabagi benetan garrantzitsua Jose Luis Sagastigordia presidenteak hartu eban, 2009an futbol eskola sortu ebanean. Gaur egun, eskola horren emaitzak bikainak dira benjamin, kimu zein haur-mailetan, eta horri esker, Txorie­rrin, erreferente bihurtu da beheko mailetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).