Lau zauritu, Larrabetzuko Gaztelumendiko gurutzea kentzean

Aikor aldizkaria 2017ko uzt. 10a, 17:10

Duela hilabete batzuk, Larrabetzuko Udaleko udalbatzak aho batez onartu zuen Gaztelumendi mendian dagoen gurutzea lurrera botako zutela. Azkenean gaur egin dute eta bota dutenean, harrien txintxorrek segurtasun-perimetroa gainditu dute eta publikoaren gainean erori dira. 

Horrek min eman die lau laguni. Horietako hiru Galdakaoko ospitalera eraman dituzte eta gaur bertan itzuliko dira etxera. Laugarrenak, María Luisa Mezo Larrabetzuko Udaleko EAJko zinegotzia, aldiz, hanka biak ditu apurtuta. Mezo Gurutzetako ospitalean dago. 

Larrabetzuko Udalak ohar bat kaleratu du, eta bertan elkartasuna adierazi die zaurituei. "Udalak bere esku dauden baliabide guztiak jarriko ditu behar duten guztirako", esan du. Gainera, Udalak bere lana txukuna izan dela babestu du. "Erortze hau aurrera eramateko, Udalak beharrezkoak diren neurriak, ziurtasunezkoak zein tekniko guztiak, bete izan ditu. Tamalez, neurri guztiak hartuta ere, zoritxarreko istripua gertatu da. Udaleko teknikoek eta erortzearen arduradunek, gertatutakoa argitzeko beharrezkoa den txosten teknikoa egingo dute".

 

Ekintza sinbolikoa, bigarren mailan

Istripua dela-eta, Gaztelumendiko gurutzea kentzea bigarren mailan gelditu da. Gaur, 10:30etan, 40 lagun inguru batu dira Gaztelumendin. Iñigo Gaztelu alkateak iragarri du askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko plaka bat jarriko dutela gurutzearen lekuan. Ostean, han batutakoek Eusko gudariak eta Internazionala abestu dituzte. Azkenik, kamioi batek tiraka bota du gurutze erraldoia, baina ez da erori espero zuten lekura eta istripua gertatu da. Udalak hori botatzea erabaki zuenean arrazoi bi eman zituen: batetik, gurutzea erortze arriskuan zegoela; bestetik, monumentuak duen sinbologia.

Oraindik egun batzuk emango dituzte eremu hartatik obra-hondakinak erabat kentzen, eta lan hori bukatzen dutenean, Karraderan elkarteak gurutzea zegoen zonaldea aztertuko du. Izan ere, baliteke bertan gorpuak lurperatura egotea. Gaztelumendi mendia 1936ko Gerran Bilbo defendatzeko egindako Burdin Hesiaren barruan zegoen kokatua. 1937ko ekainaren 12an frankistek hesia apurtu zuten eta hurrengo egunean, Larrabetzu okupatu zuten. Handik hilabete batzuetara, frankistek Gaztelumendi tontorrean harrizko eta hormigoizko gurutze bat eraikitzeko agindua eman zuten, euren armadako hildakoak omentzeko. Monumentua 1938an inauguratu zen.

 

Bideoaren iturria: Berriatb

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).