“Beti nahi dut irabazi”

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 4a, 10:12

Ibai Pérez, palaria

Ibairen izena ez da Fusto edo Gaubekarena bezain ezaguna, baina gaur egun munduko palaririk onena da, Innpala pilotarien enpresak egiten duen sailkapenaren arabera. Ez da harritzekoa, aurten binakako zein banakako txapelak irabazi baititu. Abuztuan, Larrabetzun erakutsi zuen bere maisutasuna.

Zelan Larrabetzuko jaialdia?

Oso ondo. Iaz ere egon ginen bertan. Ezin izan nuen irabazi baina tira, partidak oso orekatuak izan ziren eta jendea pozik atera zen. Gainera, pilotalekua bete egin zen, eta horregatik, geu ere, pozik. 

Pala beti omen dabil krisian, baina azken urteotan hura bultzatzeko ahalegin batzuk egin dira. Zein momentutan dago pala gaur egun?

Pala berpizteko pausoak eman dira. Innpala enpresa gogor dabil lanean, jokoen sistema aldatu egin da... Nire ustez, aldaketak onuragarriak izan dira. Izan ere, udan gero eta jaialdi gehiago antolatzen dira. Era berean, neguan gero eta jende gehiago etortzen da gure partidak zuzenean ikustera.

Palari gazte batzuk beteranoen lekukoa hartzen zabiltzate. Nolako harremana daukazu beteranoekin?

Harremana oso ona izan da hasiera-hasieratik. Beteranoek izugarrizko babesa eskaini didate eta ez daukat kexarik. Pentsa ezazu duela 10-15 urte ni Club Deportivora joaten nintzela haiek jolasten ikustera. Eta gaur egun haien kontra nabil jokatzen eta gainera, batzuetan, irabazi ere egiten diet. Zoragarria da.

Nondik datorkizu pilotarako zaletasuna?

Familiarengandik. Anaiak ere baziren pilotariak eta txikitan euren atzetik ibiltzen nintzen frontoiz frontoi. Eta noski, azkenean, neu ere hasi nintzen pilotan jokatzen. Badakit jendeak uste duela Ezkerraldea ez dela oso pilotazalea, baina Sestaon egon badago zaletasuna. 

Eskuan zein palan profesionala izan den pilotari bakarra zara. Hau marka hau!

Bai, txikitan eskuz zein palaz jokatzen nuen. Azkenean, eskua hautatu nuen eta 2009an, 19 urte nituela, Aspe enpresak profesionala izateko aukera eman zidan. Zoritxarrez, min hartu nuen eskuan eta ezin izan nuen behar bezala jokatu. Hurrengo urtean bukatu zitzaidan kontratua eta ez genuen luzatu. Oso etsituta bukatu nuen eta ez nuen pilotarekin ezer jakin nahi izan. Hala ere, 2013an nire betiko entrenatzaileak, Sestaokoak, animatu ninduen palan berriro jokatzera eta horrela hasi nintzen. Zaletu mailan txapel batzuk irabazi ostean, Innpala enpresak profesionala izateko eskaintza egin zidan eta hementxe gaude. 

Ezkertia zara. Horrek onura ala kaltea dakartzu?

Pilota nora doan, ba horren arabera: hormatik gertu badabil, ederto, baina zabalera badoa, okerrago. Normalean, eskuinaldeko eskua erabiltzen dutenak trebeagoak dira ezkerrarekin, ezkertiak eskuinaldekoarekin baino. Ezkerti arraroa naiz, ezkerrarekin jokatu arren, eskuinaldekoarekin jaten edo idazten dudalako.

Beste palariak baino baxuagoa zara. Eraginik dauka horrek?

Esate baterako, Imanolek 1,90 metroko altuera du eta nik, 1,72. Baxuagoak garenok beste gaitasun batzuk garatu behar ditugu kalte horri aurre egiteko. Nik teknika erabiltzen dut pilota nahi dudan lekuan kokatzeko. Palan, beste kirol askotan gertatzen den moduan, teknika oso garrantzitsua da eta, iragarki batek esaten zuen moduan, indarrak, kontrolik gabe, ez du ezertarako balio. Eta hori palan ere gertatzen da.

Eskuan aurrelaria izan zinen, baina palan atzelaria zara. Normala da hori?

Atzean gustura nago, baina aurrean ere jokatu nahi dut. Enpresak erabakitzen du hori eta haiekin hitz egingo dut aurrelari aritzeko. Aurrean mugimendu handiago dago eta hori nahiago dut. Ikusiko dugu.  

Aurten urte paregabea izan da, binaka zein banakako txapelak jantzi dituzulako. Binaka ala banaka jokatu nahiago duzu? 

Banakako eta Binakako munduko txapelak jantzi nituen, baita Kutxabank Liga ere. Urte zoragarria izan da, bai. Banakakoa da garrantzitsuena, baina oso zaila da palan bakarrik jokatzea, zeu bakarrik zaudelako frontoian, inolako laguntzarik gabe.

Hiru urte daramatzazu profesional eta dena irabazteaz gain, sailkapenaren lehenengo postuan zaude. Zaila da motibazioa lortzea?

Motibazioa ez da arazoa niretzat, oso lehiakorra naizelako eta beti nahi dudalako irabazi. Aurten, jarraitu nahi dut irabazten eta iaz irabazi nituen txapelak –edo gehiago– aurten ere lortu nahi ditut. 

 

 

Laburrean

–Izena: Ibai Perez Gomez.

–Jaiotzea: 1990/08/15, Sestaon.

–Debuta profesionaltasunean: 2014/10/26, Sestaon.

–Palmaresa, zaletuen mailan: Bizkaiko eta Euskadiko txapelketa (2014) eta GRAVNI (2014).

–Palmaresa profesional mailan: Munduko Banakako eta Binakako txapelketa (2017); Binakako Liga (2014, 2016); Villa Bilbao Txapelketa (2015); eta Bizkaia Irekia (2016).