Pinuak badauka alternatiba bat

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 3a, 10:11

Keko Alonsok Besaia enpresa sortu du, bertoko basoetan eta bioaniztasunean oinarrituta dagoena, beste basogintza mota bat eskaintzeko. Bere filosofia Goikoelexeako ere­mu batera eraman du. Keko ezaguna da La­rra­betzun, herriko lorategietan Gym Berdea proiektua garatu duelako.

Azken hamarkadotan, pinuan oinarritutako monolaborantza nagusitu da Bizkaian. “Baina, gaur egun beste alternatiba bat eman behar diogu pinuari, horri lotuta hainbat arazo agertu direlako: emankortasuna gero eta txikiagoa da; pinuak gaixotasun batzuk zabaldu ditu; egurraren prezioa ia erdiraino jaitsi da azken 15 urteotan... Gainera, José Miguel Edeso Geografian doktorearen iritziz, monolaborantzak kalte egiten dio lurrari, elikagaiak kentzen dizkiolako. Horiek oso garrantzitsuak dira zuhaitzak behar bezala hazteko”, azaldu digu Kekok.

Keko bat dator Edesorekin eta, bere ustez, basoa beste era batean kudeatu behar da, lurrari elikagairik ez kentzeko. Gaur egun, baso bateko zuhaitz guztiak aldi berean mozteko joera dago berton, baina Europa mailan, aldiz, beste eredu bat daukate: hango basoetan, adin ez­berdinetako zuhaitzak daude eta ez di­tuzte guztiak aldi berean mozten. Ber­tako basoak bultzatzen dituzte han. Baso basatien egitura antzekoa dute eta goi-mailako egurra ematen dute. Eta horregatik, hain zuzen ere, ez dute zuhaitz guztiak aldi berean mozteko beharrik. Izan ere, ondo landutako zuhaitz baten truke dirutza lortu ahal da.

Larrabetzun lan egiten duen biologo kantabriarrak ildo horri jarraitzen dio, hau da, naturatik gertu dagoen basogintza bultzatzen du. Eta bere filosofia Txo­rierrira ekarri zuen orain dela urte bi, Larrabetzuko nekazari ekologiko bateko lur-eremura, alegia. Goikoelexean dago eta hasiera batean, gaztainondoa eta intxaurrondoa landatu nahi zituzten. Hala ere, eremua pinuz eta eukaliptoz inguratuta dago eta oso argi gutxi dauka. Beraz, azkenean goi-mailako egurra ekoiz­teko basoa jartzea erabaki zuten.

“Guk ezer egin ez bagenu, berez, haritzak, hurrondoak eta zumalakarrak sortuko ziratekeen bertan. Eremu horretan han hazitako zuhaitzak zuzen jarri genituen eta hutsuneetan, azkarrago hazten diren beste zuhaitz mota batzuk landatu genituen: gereziondoak, lizarrak, astigar zuriak eta ezkiak. Eremu horrek argi eta garbi erakusten digu basoaren prozesu naturalak, hau da, birsorkuntza naturala, aprobetxatzea oso errentagarria dela. Gurea bezalako basoek onura baino ez dute ekartzen, lur emankorra, bioaniztasuna, uraren eta eguraldiaren zikloa sustatzen dituztelako.

 

Kolore guztietako basoak

Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ez ditu horrelako basoak babesten, batez ere diru-laguntzarik ematen ez duelako holakoetarako. “Garai txarrak dira bertoko basoetarako: gutxi daude eta gainera oso sakabanatuta. Oso kezkagarria da. Hor­taz, hainbat enpresa, elkarte, teknikari eta aditu batu gara eta Kolore guztietako basoak erakundea sortu dugu. Laburbil­duz, bertoko basoa zabaltzea eta bioaniztasuna sustatzea du helburu. Gure ustez, Aldundiak gure proposamena eremu publikoetan bultzatu beharko luke eta jabe pribatuei gauza bera egiteko erraztasunak eman beharko lizkieke”. 

Kolore guztietako basoak erakundekoak ekainean bildu ziren Aldundiarekin. “Gurea proposamen serioa zela esan ziguten eta hori aztertzeko konpromisoa hartu zuten. Azaroaren 16an berriro ba­tzartuko gara”. Bestetik, urriaren 24an erakundea bera aurkeztu zuten jendaurrean. Kolore guztietako basoak elkarteak hainbat babes jaso ditu orain arte: 40 erakunde, Euskal Herriko Unibertsitateko hiru sail, 50 lagun ezagun baino gehiago, Toti Martínez de Lezea idazlea, Joaquín Araujo naturalista eta Ana Urrutia kazetaria, barne...

“Gure mendiak bidegurutzean dau­de: pinuak egon diren eremu askotan, eukaliptoa landatzen dute gaur egun, neurri handi batean Aldundiak emandako diru-laguntzei esker. Baina eukaliptoa pinua baino okerragoa da, lurrarentzat erasotzaileagoa. Horren ordez, alternatiba ekologiko bat daukagu eta ezin diogu horri bizkarra eman. Baso anitzak eta osasuntsuak seme-alabei utzi nahi dizkietenak animatzen ditut gurekin harremanetan jartzera eta guri babesa adieraztera, guztion artean helburua lortu ahal dugulako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).