Seuntzen-etik dotzesun-era

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 11a, 12:37

Hizkuntza aldakortasuna Larrabetzun liburua azaroan aurkeztu da. Liburua Iñaki Gamindek, Ander Olaldek, Ain­tzane Etxabarriak, Naia Eguskizak eta Ursua Gamindek egin dabe, eta bertan Larrabetzuko euskereak azken ur­teotan euki dauan bilakaerea aztertu dabe.

Ikerketa lana egiteko, alde batetik, Iñaki Gamindek 36ko gerra aurretik jaiotako larrabetzuarrei aspaldian egindako grabazinoakaz baliatu dira, 1908. urtean jaiotako andrazko bati egindako grabazinoa, euren tartean; eta bestetik, inkestea egin deutsee gerra ostean jaiotako 52 laguni. Inkestak egiten urte bi emon da­bez. Azaldutakoaren arabera, informatzaileak generoka sailkatu dabez, andrazkoak eta gizonezkoak, eta hiru belaunaldi hartu dabez. Gainera, azken belaunaldiari jagokonez, hiru kategoria ezbardindu dabez haren barruan: euskerea etxean jaso dabenak, hau da, euskaldun zaharrak; euskerea eskolan jaso dabenak edo euskaldun barriak; eta guraso euskaldun barrien seme-alaba euskaldun zaharrak diranak. 

“Adina faktore garrantzitsua da, eta jo­erak belaunaldien araberakoak izaten dira”, aitatu dabe ikertzaileek. “Gauza batzuetan generoak be badau bere eragina. Gauza batzuetan, esate baterako, andrazkoak gizonezkoak baino kontserbatzaileagoak dira; beste gauza batzuetan, ostera, ez dago alderik”. Jakinarazo daben moduan, azken belaunaldiko gazteen artean be igerri dabe joera berezia. “Nahiz eta gazteak alkarregaz bizi, kuadrilletan-eta, euskerea etxean jaso dabenak aparte dagoz besteengandik eta talde berezi bat osatzen dabe. Euskaldun ba­rriak eta guraso euskaldun barrien seme-alabak, barriz, nahastuago dagoz euren artean. Gainera, azken horreek, hau da, guraso euskaldun barriak dabezan euskaldun zaharrak, hasi dira barietate tradizionaldunetara hurbiltzen”.

Inguruagaz dogun harremanak be badau isla hizkuntzan. “Gazteak gero eta urbanoagoak dira eta txori bat ikusten dabenean, ziur asko, txoria esango dabe. Baina hareen gurasoek kurloia, belea… esango dabe, gazteentzat hiztegi teknikoa-edo izango dana”. Herrien berezitasunek be badabe eragina hizkuntzan, eta ikertzaileen esanetan, badagoz berezitasun batzuk Larrabetzuko euskerean eragin zuzena euki dabenak. “Lehenengo eta behin, Larrabetzu uria izan dala, eta gero, baserri munduagazko loturea beste herri batzuek baino arinago apurtu dau, Lezamak baino arinago, adibidez. Lehen­a­go hasi dira fabriketan lanean. Gainera, larrabetzuarrek ez dabe Txorierrin bizitzea egiteko joerarik izan, baizik eta beste alderantz egin dabe, eta Arratiako tranbia hartzen baeben, ba, horrek be bere eragina euki dau bertako euskerearen bilakaeran”.

 

Hiztegi interaktiboa

Halan, bada, ikertzaileek topau dabe gerra aurretik jaiotako informatzaileek seuntzen esaten ebela (zeuntsan), eta ge­rra ostean jaiotakoen artean bost aditz azaldu dirala guza bera adierazteko: otzesun, tzesun, yotzesun, sontzen eta dotzesun. “Horrek esan gura dau hiztegia aldatu eta dibertsifikatu egin dala, baina ezin dogu esan aditz bat bestea baino larrabetzuarragoa edo jatorragoa dala”. Era berean, Larrabetzun bereziki erabilten dan berbea be topau dabe: lobreu. “Emakume batek, asko kostata, umea eu­ki dauanean erabilten da. Umea lobreu dau. Umea behin, bi aldiz, galdu dau eta akabuan lortu dau umea izatea. Berbea bakarrik kasu horretarako erabilten da”.

Hizkuntza aldakortasuna Larrabe­tzun liburua salgai ipini da, eta aurreratu deus­kuen moduan, bertsio elektronikoa be egingo da. Baina lana ez da amaitu, La­rrabetzun ikerketa egiten jarraitzeko asmoa dabelako. “Hiztegi interaktibo bat egin gura dago. Sei mila eta bostehun berba batu doguz, eta helburua da geuk alde linguistikoa eta antropologikoa lantzea, eta herriko jenteak webgunea-eta egitea. Hiztegi horretan berbei lotutako eduki kulturalak be sartu gura doguz. Bes­talde, umezaroa be landu gura dogu beren beregi: kantak, ipuinak, olgetak… Eta batzen dogun guztia dokumental baten jaso”. Aurreikusitakoaren arabera, lan hori hiru urteren buruan egingo da­be.