“Eskolari ez zaio ezer erantsi behar, kendu baizik”

a: Marta Salas 2018ko mar. 2a, 10:49

Ane Ablanedo, hezkuntzan aditua

Irundarrak Txinpasmendi Larrabetzuko gurasoen elkarteak hezkuntzaren gainean antolatutako jardunaldietan hartu zuen parte. Bertan eskolaren benetako kalitatea zertan datzan eduki zuen hizpide.  

Bada, horixe. Zertan datza?

Beti gabiltza eskolaren nolakotasunari bueltak ematen, eta gobernura ailegatzen den talde bakoitzak ere bere berrikusketa egiten du heziketaren inguruan. Baina eskola ez da gehiegi aldatzen, eskolarekin identifikatzen ditugun elementuak ez ditugulako kuestionatzen. Aldaketa egin nahi bada, elementu horiek guztiak aldatu behar dira. Nire ustez, eskolari ez zaio ezer erantsi behar, kalitatekoa izateko; kendu baizik. Kendu behar zaio haurrengan duen itxaropena, haurraren erritmoa derrigortzen duen guztia, jakintza sailkatzen duten materiak, irakaslearen funtzioa, azterketak… Horrela eskolak benetako ikastoki bilakatuko lirateke eta haurren garapena bermatuko lukete. 

Zeintzuk dira gaur egungo hezkuntzaren sistemaren ahuleziak?

Gizabanakoari ez dizkio bizitzeko behar dituen jakintzak-eta ematen. Hezkuntza sistemak egiten duena da gizakia nolabait moldatzea. Badu gizakiak bilakatu behar duen eredu bat, eta pedagogia bideratzaile bat ipintzen du martxan horretarako. Horrela, komeni ez diren gaitasun edo nolakotasun batzuk kentzen dizkio haurrari, eta beste batzuk hobetsi egiten ditu. Ez dio uzten den bezalakoa izaten eta, ondorioz, haurrak ez du konfiantzarik berez bilakatu ahal den horretan eta izan behar duen horretara bideratzen da. Min bat eragiten da hor. Ahulezia handiena da paradigma oker eta bideratzaile batetik gabiltzala haurtzarora begiratzen. Hori aldatu beharra dago.

Badu indargunerik?

Bai, gauza positibo asko ditu; kontua da eskolak benetako eszenatoki on bat izan behar duela haurrarentzat. Gizartea antolatuta dagoen moduagatik, haurrek ordu asko ematen dituzte eskolan, beste haur batzuekin elkartzen dira… eta badaude haurrak zaindu eta laguntzearen funtzioa duten eredu edo baliabide batzuk. Gauza handia da hori. Hala ere, aztertu beharra dago zergatik ez den ulertzen umea zelan garatzen den eta zelan egiten duen aurrera, eta eskola zergatik ez den horri egokitzen. Lehen esan moduan, paradigma aldatu behar da, begirada, haurrari egiten zaion eskakizuna, bere erritmoa azkarragoa izan dadin eragiten zaion premia… Hori kenduta, gainerakoa ona da. Gero, eskolak duen beste gauza on bat da irakasle batzuek gauzak beste modu batean egin nahi dituztela, eta hausnarketa-maila handia dagoela.

Zertan hobetu behar du?

Zehatza izanda, uste dut etxerako lanak kendu beharko liratekeela, eta curriculumak askoz malguagoak izan beharko liratekeela. Are gehiago, nik kenduko nituzke. Beharrezkoak diren jakintzak haurrak berez ikasiko dituela espero dudalako, eta interesa duen horretan aditua izango dela, jakin-mina pizten bazaio. Baina ezin badira kendu, malguagoak egingo nituzke. Era berean, benetan kalitateko arreta eskaini nahi izanez gero, ikasgeletan haur gutxiago egon beharko lirateke.

Zein eredu ezarriko zenuke zuk?

Uste dut askatasuna printzipio ukaezina dela pertsonentzat; eta haurrak pertsonak diren heinean, haientzat ere bai. Beraz, pedagogia askearen eredua ezarriko nuke nik. Jaio denetik, haurrak erabakimena eduki behar du, bere adinaren arabera, kudeatu dezakeen esparruari buruz. Oso garrantzitsua da hori, izan ere askatasuna heldutasuna da, aukerak egin ahal izatea eta aukera horiek dakartzaten ardura eta ukoa onartu ahal izatea. Eta noski, ez da nik asmatutako eredua; eskola existitu den momentutik existitu dira alternatiboak izeneko eskolak, adibidez Summerhill eskola ezaguna. Eta heziketa eredu moduan askatasuna edo autoerregulazioa ezarri den etxeetan ere ikusten da horrek funtzionatzen duela. Nola ez du egingo, bada? Guk askatasunari beldur diogu gure heziketaren produktua garelako. Pedagogia askea, edo aktiboa, haurrarengan konfiantza izatea litzakete, eta harengan berez egiten duguna baino gehiago ez eragitea.

Gure kulturak haurrei beren garapenean laguntzen dion modua aldatu behar dela diozu.

Errotik. Eta hori haurrak zaintzeko ardura dugun guztion artean egin behar da. Komunitateetan, eta animalien kasuan ere, helduek beti izan dute haurrak heztearen eginkizuna. Oso gauza naturala da. Baina, gure heziketaren produktua garenez, gure naturatik deskonektatuta sentitzen gara, eta gure buruarengan konfiantzarik ez dugunez, sistema bideratzaile hori iraunarazten jarraitzen dugu. Gure sena eta intuizioa berreskuratu behar ditugu, eta haurrekin egoteko beste modu bat garatu. Aldaketa politikoa eta kulturala behar da horretarako.

Umeak goizegi bidaltzen ditugu eskolara?

Bai. Ezarri beharreko paradigma horren gakoa da haurren beharrak ase behar ditugula, garatu eta loratu daitezen. Eta haurren beharren artean ez dago bi edo hiru urte bete baino lehenago eskolara joatea. Haurrak sei urtetik aurrera sentitzen ditu bere komunitatean eta kulturan integratzeko beharra eta gogoa. Beraz, orduan badu zentzua edukiak ikastea, munduaren arauak, zergatiak… Lehenagoa da jolastea, mendia, hostoak, lokatza, korrika egitea… Eta eskolara joan behar badu, gurasoek beste aukerarik ez dutelako, eskolak etxean hurbileko pertsona afektiboek eskainiko lioketen arreta bera eskaini beharko lioke.

Gizarteak amatasuna eta aitatasuna ulertzen dituen modua ere aldatu beharko luke, beharbada.

Haurtzaroak pertsona batengan duen garrantzia ezagututa, benetan sanoa den gizarte batek egundoko indarra ezarri beharko luke haurren hasierako urteen zainketan, helduaroren gaitz gehienen jatorria, ñabardurekin noski, haurtzaroan daudelako. Beraz, aitatasun eta amatasun kontziente, emana eta presentzial bat eskaini ahal izatea bermatu beharko luke, eta hori aitortu, zaindu, bere funtzio prebentiboa saritu eta sustatu, eta baja luzeak eman. Haurra haiek inork baino hobeto heziko dutelako, horretarako biologikoki gaudelako prestatuta. Baina, jasotako heziketaren ondorioz, gure naturarekin hautsi egin garenez, eta gure buruarengan konfiantzarik ez dugunez, beste batzuen esku uzten dugu haurren heziketa. Hau guztia jakina da, baina gauzek berdin jarraitzen dute. Pentsa daiteke norbaiti interesatzen zaiola. 

 

Ibilbidea

Ane Ablanedo Larrion (Iruña, 1973). Euskal Filologia ikasi du eta aditua da Psikoterapian eta neurosiaren prebentzioan. Bigarren Hezkuntzako euskara eta literatura irakaslea, Nafarroako eta Baionako Unibertsitateetan ere badabil irakasle. Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik, Hezkuntza sistema alternatiboak eta Haur psikologia ikastaroak eman ditu.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).