2025eko Larrabetzu lantzen dabilz herritarrak

Idoia Andres eta Larrabetzuko Udala 2018ko mar. 28a, 09:00

Larrabetzuko Udalak prozesu parte-hartzaile bat bultzatu dau, datozan urteotan jarraitu beharreko udal politikea herritarrakaz batera eztabaidatzeko eta horreri lotutako irizpideak ipintzeko. Hau da, Larrabetzuko Plan Estrategikoa guztien artean zehazteko.

Eunate Guarrotxena da Hirigintza arloko zinegotzia eta prozesu parte-hartzailearen arduraduna. Azaldu deuskunez, Udalaren eskumena diran hamar gai edo arlo landuko dira: kulturgintzea, euskerea, ingurumena, ekonomia, hondakinak, gazteak, kirola, memoria historikoa, etxebizitzea eta kirola. “Igazko otsailean batzar zabal bat egin genduan eta herritarrei jakinarazo geuntsen Plan Estrategikoa garatzeko asmoa genduala. Herritarrek eskari bi egin euskuezan: alde batetik, 2025eko Larrabetzu zelangoa izatea gura genduan jakiteko, interesgarria izango litzatekeala gaur eguneko argazkia egitea; eta bestetik, prozesuan teknikari baten laguntzea beharko genduala”.

Lehen aitatutako gaien inguruan lanean dabilzan herriko eragileakaz batu ziran eta, zortzi hilabeteko lanaren ostean, Larrabetzuren argazkia atera eben. “Gurea oso herri bizia da. Lan piloa egin da eta egiten gabilz, eta hori oso positiboa da. Baina aurrerantza joan gura dogu eta beti dagoz gauzak hobetzeko. Esate baterako, Europak hondakinen inguruan orain ezarritako kuotei heldu gura deutsegu. Beraz, hondakinak gitxitzeko zer egin daikegun hausnartu behar dogu”. Euskerea landu beharreko beste adibide bat da. “Larrabetzu arnasgunea izan arren, arazo batzuk antzeman doguz gazteen artean. Gura dogu arnasgunea ez galdu, eta ahalik eta euskaldun gehien izatea, eta euskerea kalean ahalik eta gehien erabili daitela”. Teknikariari jagokonez, Parte Hartuz ikerketa taldeko teknikari bat kontratatu dabe, herria eta bertan egon diren beste prozesu parte-hartzaileak ezagutzen dauzana. Parte hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko taldea da eta ikerketa-lanak egiteaz gainera, laguntzea emoten dau prozesu parte-hartzaileak aurrera eroateko.

Eskari biak bete ondoren, lanean hasi dira Udala eta herritarrak. Gainera, www.larrabetzu2025.eus webgunea ipini da martxan eta hor prozesuari lotutako informazino guztia kontsultatu daiteke. Era berean, webguneak aukerea emoten deutse larrabetzutarrei, euren ekarpena era birtualean egin dagien. Izan be, modu bi dagoz egitasmoan parte hartzeko: aurrez aurreko topaketen bidez, edo topaketa birtualen bidez.  

Gaiak multzo bitan banandu dabez eta momentu honetan ondoko gaiak aztertzen dabilz: kulturgintzea, euskerea, ingurumena, ekonomia, hondakinak eta etxebizitzea. Udalekoak pozik azaldu dira herritarren erantzunagaz. “Gaiak batzar ezberdin bitan aztertu doguz –baten, hiru gai; eta bestean, beste hirurak–, eta batzar bakoitzean 30 bat lagun agertu dira. Aurrez aurreko topaketak egin dira, eta horreetan gai bakotxari lotutako kezkak azaldu dira eta proposamenak be azaldu dira. Hurrengo pausoa herritarrei emaitzak jakinarazotea da. Hori apirilean-edo egingo dogu”.   

Udala, gestorea

Batez be emakumeek hartu dabe parte aurrez aurreko topaketetan zein topaketa birtualetan, eta gazteek interesa erakutsi dabe kulturagaz eta etxebizitzagaz. Hogeta hamar urtetik 40 urtera bitarteko herritarren parte-hartzea txikia izan da eta 18 urtetik beherako gazteak ez dira prozesuan egon. Irailetik aurrera ekingo deutsee gainontzeko gaiei –gazteak, kirola, memoria historikoa eta eskola-, eta horretarako prozedura berbera erabiliko dabe, dagoeneko gai horreen azterketea eginda dauken arren.

Prozesua amaitu ondoren, Udalaren esku geratuko da herritarren eskariak betetzea. “Udalak gestore bat izan behar dau eta herritarren nahiak kudeatu behar dauz. Adibidez, plan orokorra landu genduanean be prozesu parte-hartzaile bat sustatu zan. Prozesu horretatik gure umeak eta nagusiak herrian segurtasunez ibiltea gura genduala atera zan ondorio, eta Udalak neurriak hartu ebazan bide horretatik: eskola inguruan aparkalekuak kendu edo abiadura moteltzea, tartean. Orduan, oraingo honetan be, herritarren irizpideak kontuan hartu behar doguz eta, gure gaitasun guztiakaz, hareek lortzeko ekimenak martxan jarri”.

Guarrotxenaren ustez, prozesu parte-hartzaileek herri hobeak egiten dabez. “Nire kezka da biztanle bihurtzen gabilzala, eta ez herritar. Eta guk aldarrikatzen doguna herritar izatea da. Herritarra subjektua da eta berbea eta indarra daukoz. Baina azken urteotan ohitu egin gaitue biztanleak izaten eta, “guk ez dakigunez ezer”, erabagiak beste batzuen esku uzten. Dinamika horregaz apurtu behar dogu, nahiz eta erraza ez izan”.

Prozesuari abenduan emongo deutsee amaierea eta datorren urtean udal hauteskundeak izango dira. “Beharbada, gu ez gara udaletxean egongo; halanda be, gu edo beste batzuk egonda, inportanteena da bide bat zabaldu dala, eta herritarrak eztabaidatzeko, pentsatzeko eta erabagitzeko eskubidea dabela kontziente diranean, oso gatxa dala martxan ipinitakoa geldiarazotea. Hau inportantea da udal politikarako, baita herriarentzat be. Guk horren zaintzaileak edo kudatzaileak izan behar dogu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).