Grabazio-estudioan zabiltza Ibilaldirako eta Gure Esku Dagorako abestiak lantzen. Noizko zure hurrengo lana?
Bada, abesti berriak prestatzen nabil, urtea bukatu baino lehen EP bat kaleratu nahi dudalako. Oso urte “potentea” dator.
Aurrekoa, Izotz erregina, euskara hutsez kaleratu zenuen. Bide horretatik jarraituko duzu?
Bai, ideia hori da, beharrezkoa dela uste dudalako. Euskaraz ikasi nuen arren, hizkuntza oso ahaztuta nuen eta niretzat erronka izugarria izan zen Izotz erregina egitea. Koadernoa zirrimarraz beteta eduki nuen eta pentsatzen nuen: “Hau ezinezkoa da!”. Oso zaila izan zen, baina lortu nuen. Eta egia esan, ez dakit egundoko akatsik egongo den diskoan (kar, kar), baina gauza da saiatzea eta euskara euskal rapean zabaltzea. Izan ere, erreferente berriak behar ditugu, bai emakumezkoak, bai gizonezkoak zein hizkuntzari lotutakoak. Espero dezagun hemendik aurrera jende asko animatzea rapa euskaraz egitera.
Zuk 16 urte zenituela erabaki zenuen rapa egingo zenuela, 90ko hamarkadan. Musika estilo hori ia erabat ezezaguna zen Euskal Herrian garai hartan, eta zu, gainera, emakume bakarra. Hasiera gogorrak, ezta?
Oso, ezagutzen nituen rap-kantariak mutilak ziren, eta ni baino nagusiagoak, gainera. Orduan, euren artean abesten zuten. Hamar urtean, Euskal Herrian, emakume rap-kantari bakarra izan naiz, eta txarto eduki dut. Baina orain, urteek aurrera egin ahala, atzera begiratzen dut eta diot: “Kristorena izan da!”. Nik hau egin nahi nuen eta burugogorra naiz, oso. Nire lana da orain eta harro nago.
Izan ere, euskal raparen erreferenteetariko bat zara gaur egun. Asko aldatu da rap mundua ordutik hona?
Beno, beno, ez dakit nik inorentzat erreferentea izango naizen (kar, kar). Eta bai, rap mundua asko aldatu da. Euskal rapari dagokionez, ni hasi nintzenean euskarazko talde bakarra zegoen, Selektah Kolektiboa, eta orain talde pilo bat daude gauza ezberdinak egiten. Eta orokorrean ere esan dezakegu gauzak aldatzen ari direla rap munduan. Lehen baztertuta geunden eta oso arraroa zen irratian rapa entzutea edo Bilborocken, esate baterako, rap kontzertu bat ikustea. Orain jendea badoa rapa ezagutzen eta badaki zertan dan… nahiz eta egia den hitzetan ez dela aldaketa handirik egon. Rapa gizonezkoen mundua da eta oso hitz gogorrak daude emakumeen kontra. Horri lotuta, gauza batzuk aldatu dira 20 urtean, baina beste batzuek berdin jarraitzen dute. Azken batean, dugun rap-abeslariaren estereotipoak hau izaten jarraitzen du: lagun beltz bat, praka handiak jantzita dituena eta superguay dena. Eta bere alboan emakumeak daude, ipurdia mugitzen.
Eta emakume ikuspuntutik?
Gauzak ez dira asko aldatu. Lehen ni bakarrik nengoen, eta orain 10 gaude. Emakumeak rapa egiten behar ditugu, oholtza gainean, eta rapa beste ikuspuntu batetik jorratzen. Nik emakumea iraintzen duten hitz horiek gorrotatzen ditut, ez ditut ulertzen, eta uste dut halako jarrerak suntsitu behar ditugula. Hala ere, badakit ez dela hain erraza.
Emakume erreferenteak Frantzian dituzu, Keny Arkana, tartean. Zail suertatu zaizu erreferente horiek topatzea?
Oso zaila. Horri lotuta, Aneguriak eta biok Eskina Femenina egitasmoa ipini genuen martxan, munduan zehar emakumeek egiten dugun rapa ezagutzera emateko. Kanal bat ireki genuen YouTuben eta dagoeneko 1.600 bideo baino gehiago eskegi ditugu bertan. Festibalak ere antolatu ditugu eta elkar ezagutzeko aukera izan dugu. Baina oso gutxi gara, Euskal Herrian zein Estatuan. Beste herri batzuetan emakume rap-abeslari gehiago daude, aukera gehiago ematen dizkietelako. Baina, gero, haiekin hitz egiten duzunean, egia da esaten dizutela zailtasun askori egin behar izan dietela aurre. Izan ere, lehen esan dudan moduan, rapa gizonen mundua da eta ez da hain erraza zure tokia lortzea, errespetua. Dena dela, nik beti entzun dut emakumeek egindako rapa eta ahalegindu naiz emakumeen lana hemen eta hor topatzen. Beste emakumeen lana zabaltzea gustatzen zait, hori ulertzea, eta nik bizi izandako hau guztia euren ahotik ere entzutea.
Oso rap pertsonala egiten duzu eta zure abestietan zutaz, inguratzen zaituenaz eta arduratzen zaizunaz hitz egiten duzu. Rapa hain estilo sendoa, gogorra… izanda, beti ez da erraza izango sentimenduak jendaurrean ipintzea.
Egia da batzuetan koraza antzeko bat janzten duzula, baina niri gustatzen zait gertatzen zaizkidan gauzez hitz egitea, ezagutzen dudanaz, eta gustatzen ez zaidana salatzea ere badut gustuko. Asko hitz egiten dut askatasunaren inguruan, emakumeen inguruan… Orain ikusten duzuna ondo egon edo oso polita izan arren, horrek ibilbide bat eduki duela azaltzea, eta gogorra izan dela. Oso rap pertsonala egiten dut, bai, baina uste dut jendeak azkenean berarekin bat egiten duela, beharbada bizitza oso antzekoa eduki dugulako. Nik ez dakit beste rap bat egiten. Rapa borroka da niretzat eta buruan dudan hori guztia kaleratzeko erabiltzen dut.
Nolako rap-abeslaria zara?
Gerlaria naiz. Horrela izatea egokitu zaidalako. Azken batean, nire lana defendatu behar izan dut, nire rapa. Burugogorra naiz eta ez dakit nora ailegatuko naizen… baina helduko naiz.
Hitz gogorrak
Une latzak dira adierazpen askatasunerako. Twittero eta rap-abeslari batzuei isunak eta espetxe-zigorra ezarri dizkiete euren hitzengatik; haien artean, Pablo Hasel edo Valtonyc rap-abeslariak. “Bitxia iruditzen zait. Rapean oso hitz gogorrak erabili ohi dira beti emakumeen inguruan, diruaren inguruan… Baina horretarako ez dago isunik. Nahi duzuna esan ahal duzu, baina erregearen kontra aritzen bazara, edo gai konkretu batzuk aztertzen badituzu, kartzelara zoaz. Ez dut ulertzen eta ez dut onartzen. Ezin ditugu gauzak horrela utzi. Borrokatu behar dugu gauzak aldatzeko”. Rapa salatzeko musika da. La Basuren esanetan, halako zigorrek, tamalez, abestietan esaten dena behin baino gehiagoetan birpentsatzera behartzen dituzte egileak. “Ez dago adierazpen askatasunik eta egon behar da. Azkenean, kultura egiten dugu eta haiek gauzak txarto egiten badituzte… bada, hitz egingo da horri buruz”.