“Erakutsi dogu frontoi bat beteteko gauza garela”

a: Emakume Master Cup eta O.A. 2018ko api. 25a, 11:57

Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz, pelotariak

Olatz Arrizabalagak (Gernika) eta Leire Etxanizek (Etxebarria) Laboral Kutxa Emakume Master Cup binakako pelota txapelketea irabazi dabe bigarrenez. Pelotariak Olarreta Larrabetzuko pelota klubean dabilz entrenamenduak egiten, eta euren garaipena zein txapelketak emakumeen pelotari egin deutson ekarpena euki doguz hizpide. 

Arrizabalagak eta Etxanizek 22-7 irabazi eutsien Patri Espinarri eta Eneritz Arrietari, Lehen Mailako final handian. Titulua berretsi dabe eta, zelan ez, poz-pozik azaldu dira. “Lehenengo urtean irabazita, hurrengoan be pentsetan dozu irabaztea. Gainera, bikote bera izanda oso polita izan da”, esan deusku Leirek. “Halango txapelketa baten parte hartu eta jokatu ahal izatea, egundoko esperientzia izan da guretzat”, gaineratu dau Olatzek. “Alde batetik, pelotan berriro jokatu ahal izateko aukerea emon euskuen igaz; eta bestetik, txapelketeak igaz lortu eban garrantzia ikusita, bada, lortu dogu bai nesken kirola bultzatzea, bai errespetu apur bat”.

Izan be, biek 15 urtegaz utzi eutsen pelotan aritzeari, mutilakaz jokatzen ez baeben, ez ebelako euren ibilbideagaz aurrera jarraitzeko aukerarik. Laboral Kutxa Emakume Master Cup joan dan urtean lehen aldiz antolatu izanak aukerea ekarri eutsen berriro. “Eskoletan dabilzan neskatilentzat inportantea da holango erreferenteak eukitzea. Gainera, uste dot txapelketa honi esker aukera gehiago eukiko dabezala”, aitatu dau Leirek.

Olatzek nesken pelotea eta kirola orokorrean hartzen dabilzan garrantzia azpimarratu dau. Gernikarrak Bizkaiko neska gazteak eroaten dauz kontzentrazinoetara eta azkenean 30 pelotari gaztek eman dabe izena. Hori kopuru eta seinale ona da, bere eretxian. “Txapelketak inportanteak dira, neskek euren erreferenteak izateko, gure kirolean erreferente gitxi dagoelako. Partiduak telebistan emon dabez eta hori be bada aurrera jarraitzeko eragingarria”. Azkenaldian, nesken kirola gero eta ikusgaiago dago komunikabideetan. “Esan lei hasi dirala guri kasu gehiago egiten. Guk be txapelketearen oihartzuna aprobetxau behar dogu”.

Antolatzaileek eurek adierazo daben moduan, aurtengoa txapelketa historikoa izan da. Bai ze aurreko marka guztiak hautsi eta ehun pelotarik baino gehiagok hartu dabe parte txapelketak iraun dauen hilabete bietan jokatu diren bost kanporaketetan. “Gauza handia da guztiontzat”, esan dau Leirek. Kanporaketa horreetako bi Txorierrin izan dira, Larrabetzun eta Zamudion, hain zuzen be. Era berean, final historikoa bizi izan zan Astelena Eibarko pelotalekuan. Harmailak pelotazalez lepo egon ziran eta giro ederra izan zan partidu aurretik, bitartean eta baita ostean be. Etxebarrikoak aitortu deusku ez ebala inoz imajinau halango frontoi baten arituko zanik. “Eta gainera, jentez gainezka. Oso polita izan zan”. Olatzentzat be bai. “Guk ez daukagu hainbeste jenteren aurrean jokatzeko ohiturarik, eta frontoira urtetea eta 1.000 pertsona ikustea... ba, itzela izan zan. Erakutsi dogu frontoi bat bete eta jentea erakarteko gauza garela. Orain aurrera jarraitu behar dogu eta etorriko diren erronkei heldu”.

Txapela defenditea

Gernikarren esanetan, txapelketearen hasieran “apur bat arraro” sentidu zan, “urte oso bat palan jokatzen emon dodalako, baina gero neure burua gero eta hobeto ikusi dot txapelketan”. Leireren ustez, konfiantza osoz emon dabe euren maila. “Egia da finalaurrekoetan ez ginela oso ondo ibili, baina partiduak jokatu ahala hasi ginen geure buruan konfiantza berreskuratzen, eta irabazi egin genduan”. Hurrengo txapelketeari begira, argi dago helburua. “Txapela defenditea, noski. Gure mailari eusten badeutsagu, posible da, baina ez dogu ahaztu behar aurkariak be indartsuak direla”. Txapelketa bi irabazi ostean, Olatzek ez dauka argi hurrengo urtean be alkarregaz jokatzen utziko deutsiela. “Gatxa izango da. Halanda be, ziur nago bakotxa bere aldetik saiatuko dana finalera ailegaten eta hori irabazten. Master Cupi jagokonez, zein Bizkai eta Euskal Herri mailan dagozen beste txapelketa batzuei jagokenez be bai”.

Bitartean, daukiezan konpromisoez arduratuko dira. “Joan dan urteko txapelketearen ostean igarri genduan handik eta hemendik dei asko jasoten genbilzala erakustaldietan eta partiduetan parte hartzeko. Gitxienez 30 partidu jokatu genduzan leku ezbardinetan. Aurtengo Aste Santuan be Zamoratik ibili gara Leire eta biok. Pelota modan ipini da eta aprobetxau behar dogu”. “Ilusino handiagaz jokatuko doguz partidu horreek guztiak”, ziurtatu dau Leirek.   

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).