Euskaraldia aurkeztu da Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 21a, 14:08

a: Idoia Andrés

Maiatzaren 18an Euskaraldia aurkeztu zen Larrabetzun. Egitasmoak hizkuntza ohituretan eragitea du helburu eta Euskal Herriko hainbat herritan ipini da martxan.

Guztira, 11 hizkik osatzen dute “euskaraldia” eta, horren haritik, larrabetzuarrek hitz-joko bat egin zuten eta euskararen aldeko hamaikakoa aurkeztu zuten. “Erabileraren “E” letrarekin, Aitor Santxo, oinak arin eta ahoa beti bizi; euskararen lurraldearen “U” letrarekin, Uritarra futbol taldeko Borja; sendotasunaren “S” letrarekin, saltzaile bizia eta prestua dugu Cristina; aktibazioaren “K” letrarekin, kirolarien trebatzaile kantxan eta mihian: Maialen; aldaketaren “A” letrarekin, Arabatik Larrabetzura prestu etorria, ez daukagu galtzeko, ez dugu galduko Itxaropena; urratsez urrats, “R” letrarekin, erresto ona egin dio ahobizien sakeari Eneko pelotariak; alaitasunaren “A” letrarekin, Asturias utzita, larrabetzuartutako belarri fina, Lutxi; lana eta elkarlanaren “L” letrarekin, gazte bizien ordezkari Amets; denona “D” letrarekin, denok ezagutzen dugun eskolako irakasle Jaione, hamaika ahobizi egiten urteetan ibilia; ikusgarritasunaren “I” letrarekin, Iñaki, zentzumen guztiekin dastatzekoa izango ahal da ariketa soziala; eta aniztasunaren “A” letrarekin, Jokin kataluniar euskalduna, hurbil-hurbiletik biziz egunero dibertsitatea”.

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren 16 urtetik gorako herritarrak izango dira ekimeneko protagonistak, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskararen erabilera bultzatzeko. Herritarrak Ahobizi edo Belarriprest izango dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Besteak beste, hauek daude ekimenaren sustatzaileen artean: AEK, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Eudel, Eusko Ikaskuntza, Herri Elkargoa, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Irrien lagunak, Tokikom eta UEU. Dinamika gure bailaran martxan jartzeko, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea, euskara elkarteak eta gainontzeko eragileak arituko dira elkarlanean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).