Udalak frontoia, igerilekuak eta eskola erabiliko ditu udalekua atontzeko, eta han sukaldari bat eta zortzi begirale boluntario –sei gazte larrabetzuar eta bi saharar– ibiliko dira umeekin. Ekainaren 1ean, Udalak proiektuaren berri emango du herri batzar batean. Ume sahararrak orain dela 28 urte etorri ziren lehendabiziko aldiz Bizkaira. Hasieran familiek hartzen zituzten, baina azken sei urteotan umeak Larrabetzun egingo den udaleku bezalakoetan ibili dira.
Udalekua “Oporrak Bakean” programaren barruan dago. Horren bidez, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren milaka eta milaka haur sahararrek bi hilabeteko oporraldia igarotzen dute Euskal Herrian. Programa horrek helburu bikoitza dauka: batetik, 8 urtetik 12 urtera bitarteko umeek basamortu gordina utzi eta, beste edozein umeren antzera, oporrez gozatzea; eta bestetik, Saharako herriak bizi duen gatazkaren berri ematea.
Saharako haurrek esperientzia erabat ezberdina bizitzeko aukera izango dute Larrabetzuko udalekuan euskal umeekin batera, inolako desberdintasunik gabe. Dieta orekatua eta mediku azterketak eskainiko zaizkie, eta hainbat hezkuntza-jarduera egiteko aukera izango dute. Horien bidez, euskara zein gaztelania ikasiko dituzte eta gure bizimodua ezagutuko dute. Azkenik, txangoak ere egingo dituzte parke naturaletara, kultur guneetara, udaletxeetara, herrietara, hondartzara, mendira...
Egoera latza
Sahararrak Aljeriako Tinduf inguruko errefuxiatuen kanpamenduetan, lurralde liberatuan eta Marokoren okupaziopean dagoen Mendebaldeko Saharako lurretan bizi dira duela 42 urtetik hona. Euskal gizarteak behin baino gehiagotan erakutsi die elkartasuna eta udaleku hau beste adibide baino ez da. Hainbat erakunde publikok zein pribatuk eskaintzen diote laguntza ekonomikoa “Bakeleku Udalekua” proiektuari. Dena dela, norbaitek babesa eman nahi badio, diru-ekarpenak egiteko aukera dago kontu korronte hauetan:
LABORAL Kutxa
ES05 3035 0037 4103 7005 0791
CAIXABANK
ES63 2100 4248 6621 0014 7895
KUTXABANK
ES08 2095 5174 9091 1793 1051
Samuel Ruiz: 605701463