Gernikakoa oso pozik azaldu da Parisen lortutako emaitzarekin. “Egia esan, partida bakar bat irabaztea nuen helburu. Izan ere txapelketa honetara munduko onenak datoz eta nik ez nuen nahi beste entrenatu, unibertsitatean azterketekin gabiltzalako. Baina, tira, ondo joan da azkenean”.
Arrizabalagaren esanetan, nahiko gustura ibili zen aurretiko partidetan eta dezente kostatu zitzaion finalaurrekoetan aurrera egitea. “Finala munduko txapeldunaren kontra galdu nuen… Beno, lanak eman nizkien arerioei eta uste dut gustura egoteko moduko txapelketa egin dudala”. Olarretako pilotariak iaz ere hartu zuen parte munduko txapelketan, Mexikon, eta bosgarrena lotu zen han. “Progresioa egon da. Ea hurrengo urtean apur bat gehiago entrenatzen dudan eta txapela lortzen dudan!”.
Pilotariak azaldu digunaren arabera, frontball modalitatea 2008. urtean sortu zen. Edozein horma erabil daiteke modalitate honetan jolasteko eta bertan bost metroko altuera eta zazpi metroko zabalera duen gune bat markatzen da. Berrogeita hamar zentimetrora-edo txapa ipintzen da. Pilota eskupilotan erabiltzen dena baino arinagoa da eta bote gehiago ematen ditu. Dena dela, aurten aldatu dute pilota eta orain lehen baino pisutsuagoa da, eta goma-aparraren antzeko materialaz egindakoa. Eskupilota eta frontaball-aren arauak berberak dira, baina, Arrizabalagaren ustez, frontball-a askoz gogorragoa da. “Oso dinamikoa da. Leku txiki batean jolasten da eta leku batetik bestera joan behar da korrika, esprint asko egin… Partidak laburragoak dira, ordu erdi batean amaitu daitezke, baina askoz gehiago nekatzen zara”.