"Ipurtarina naz"

Aikor aldizkaria 2018ko eka. 8a, 10:13

Ainhoa Larrabe, kazetaria

Ainhoa Berria egunkarian egiten dau lan, baina ez eban Kazetaritza ikasi, Historia baizen. Gazte larrabetzuarra horrelakoa da, ipurtarina, zenbait arlotan dauka interesa. Eta inplikatu egiten da, hainbat proiektutan murgilduta dagoalako. Lotsatitzat jotzen dau bere burua, jente aurrean berba egitean, baina gu oso gustura ibili ginan beragaz.

Zergaitik ikasi zenduan Historia?

Institutua bukatu nebanean, ez neban argi zer ikasi. Hiru aukerari buruz pentsatu neban: Historia, Kazetaritza eta Soin Hezkuntza. Badakit oso desbardinak dirala, baina ni horrelakoa naz, ipurtarina. Eta azkenean, Gasteizera joan nintzan Historia ikastera.  

Zelan Gasteizen?

Ondo, pozik bizi izan nintzan bertan. Garai hatan ez neban uste Larrabetzura itzuliko nintzanik. Historia karrera normalean lau urtean bukatzen da, baina nik sei urte emon nebazan, patxadaz hartu nebalako eta ikasten nenbilela lanean be ibili nintzalako. Baina ikasketak bukatutakoan, aldaketa behar neban eta Larrabetzura itzuli nintzan.

Eta zelan herrian barriro?

Pozik nago hartutako erabagiagaz. Hiriburuek porlan gehiegi dabe. Larrabetzu, aldiz, lasaia da. Lasaia, baina bizia. Herri mugimenduak izugarrizko beharra egiten dau eta batzuetan ez dakit hori behar dan moduan aintzat hartzen dan. Herria txikia da eta guztiok ezagutzen dogu alkar. Larrabetzu aldatu egin da azken urteotan, kanpoko jente asko etorri dalako, baina eroso bizi naz. Ez neuke ezeren truke be aldatuko. 

Historia oso zabala da. Zein da gehien interesatzen jatzun garaia?

Garaikidea, zalantza barik. Orokorra eta, noski, bertokoa. Politika be interesatzen jat. Nire ustez, historia gertu horrek laguntzen deusku gaur egungo gizartea eta politika ulertzen. Ez dogu gure gertuko historia gehiegi ezagutzen eta hori tamalgarria da. Egia da oso azkar bizi garala, baina gure historiatik dator gure nortasunaren zati handi bat. Batzuetan pena emoten deust ze gitxi dakigun gure iraganari buruz. Badirudi gure aitite-amamen historia bardin deuskuala. Gizarteak historiaren garrantziaz jabetu beharko leuke.

Karrera bukatu eta berehala, beka egin zenduan Berria egunkarian. Zelan sortu zan aukerea?

Berria egunkarira kasualidadez heldu nintzan. Gasteiztik etorri nintzanean, ez nekien zer egin. Master bat hasi nintzan euskal abertzaletasunari buruz, baina ez neban bukatu. Eta kuadrillako bategaz hasi nintzan txantxetan ea beka egiteko eskaera egingo neban. Ez ebezan Kazetaritza ikasketak eskatzen eta azkenean animatu nintzan. Beranduago, aukeratu ninduten beka egiteko eta hori amaitu nebanean, kontratua egin eusten. Lagunek intrusismoa leporatzen deuste txantxetan (kar, kar).

Zelan izan zan historialari batentzat, kazetari lan egitea?

Hasieran, gogorra izan zan eta txarto pasatu neban. Izan be, ez nekien izenburu bat be egiten. Gainera, konturatu nintzan euskerea ez genduala behar bezala zaintzen. Hau da, nahiz eta euskaraz ikasi eta bizi, oso txarto idazten dogu euskeraz eta askotan garrantzi gitxi emoten deutsagu honeri. Eta gazte askok ez dabe euskaraz adierazteko gaitasun handirik, ez ahoz, ez idatziz. Niri be gertatzen jat: arazoak dodaz jente aurrean berba egiteko. Eskolan arreta gehiago emon beharko jako adierazpenari. Batzuentzat txorakeria izango da, baina euskerea gure hizkuntza da eta zaindu behar dogula uste dot.

Berria egunkarian danetarik idatzi dozu, baina batez be kultura eta politikari buruz…

Bai, politikagaz ez daukat arazorik, baina kulturea kostau egin jat. Egokitu jat horren inguruan idaztea eta egin dot, gustura, baina seguruago sentidu naz politikari buruz idazten. Berria egunkariak askatasuna eta malgutasuna emoten deutsu gaiak jorratzeko eta proposatzeko, eta gura dozuzan moduan lantzeko, zuen interesen arabera. Zentzu horretan zorte handia daukat. 

Berria erreferentea da Euskal Herrian. Harrotasun berezirik ekarten deutsu bertan behar egitea?

Bai. Komunidade baten parte sentiduten naz. Eta lana ez da erraza, nahiko estua dalako: soldata ez da ona, ezta ordutegiak be… Militantzia handia ekarten dau, behintzat beste lan batzuek eskatzen ez dabena. Nik beti esaten dot munduko egunkaririk onena egiten dogula (kar, kar).

Non ikusten dozu zeure burua 10 urte barru?

Bizitza aldatu egin da, gure gurasoen moduan bizi gura dogu, baina ezin da. Lan-baldintzak ezbardinak dira eta ez dago segurtasunik. Ez dakit non egongo nazen 10 urte barru. Bizitza osoa emango dot horrela, gauza barriak ikasten eta arlo ezbardinetatik mugitzen. Ez dot sinisten bokazioen kontu horretan, betiko kontuak aspergarriak diralako. Plan handirik ez dot egiten, baina aldi berean, horrek antsietatea ekarten deust (kar, kar). Bakotxaren kontraesanak, zer egingo deutsagu!

 

 

 

 

 

 

Ekintzailea eta konprometidua

Ainhoa Larrabe Arnaiz Larrabetzun jaio zan 1988an. Historia ikasi eban eta kazetari dabil lanean, baina Ainhoak jakinmin handiko neska bat da. Esate baterako, Irakaskuntzarako gaitasun agiria lortzeko ikastaroan dabil egiten. "Oraindik ez dakit azkenean maisu bukatuko neban ala ez, baina tira, badaezpadan… Praktikak Derioko institutuan egin dodaz, eta oso gustura ibili naz. Izan be, nire maisua izan zanagaz, Ana Hurtadogaz, egin dodaz. Esperientzia polita baina gogorra izan da, irakaskuntzan ondorengo belaunaldiak hezten zabiltzalako. Ez dakit lan hori egiteko pertsonarik egokiena nazen".

Hezkuntza betidanik interesatu jako. Unibersidadea bukatu bezain laster, Euskal Herri Bere Eskola mugimenduan ibili zan. "Horrek hezkuntza sistema nazionala lortzea dau helburu. Izan be, Madrilek antolatzen dau gure hezkuntza-sistema. Eskola da herri baten etorkizuna eta isla, eta ez badoguz guk gura doguzan herritarrak hezten, jai daukagu. Gure hizkuntza-sistema oso jakobinoa da: hizkuntza bakarra, kurrikulum nazionala, pedagogia bakarra… Euskal gaiak ikasi behar dabez euskal umeek, noski, baina tokikoak, be bai. Hau da, Larrabetzuko ume batek Larrabetzuko edukiak ikasi beharko leuke; eta Lezamako batek, Lezamakoak. Ez dot sinisten testu liburuetan oinarritutako sistema baten, testu liburuek helburu zehatz bat dabelako, kurrikuluma betetzea, hain zuzen be".

 

Aranzadi

Bere herria eta bere historia be badira Ainhoaren kezkak. Ez da harritzekoa, beraz, Karraderan alkarteko kidea izatea. "2015ean, mendi lasterketa antolatu genduan eta bitartean, Burdin Hesiaren aztarnen bila ibili ginan menditik. Eta hori serio egiteko, Aranzadi alkarteagaz jarri ginan hartu-emonetan. Eurek kontratu txiki bat egin eutsien ikerketa aurrera eroateko. Nire kabuz nabil, ahal dodanean, baina gustauko litxadakeen baino askoz astiroago noa".

Horri lotuta, Ainhoa jente nagusia grabatzen hasi da, gerra garaiko esperientziak jasotzeko. "Tamalez, 1936ko gerra zuzenean bizi izan eben gehienak hilda dagoz. Eta bizirik dagozanek 5-6 urte ebezan garai hatan, eta euren gogorapenak ez dira oso argiak. Halanda be, hori guztia jaso behar da. Ez dakit zer egingo dogun materialagaz, ziur asko data-basea osatu eta hori Udalari emon. Eta gerra Interesatzen jat, baina hori baino gehiago, garai hatan egon zan aldaketea maila guztietan: politika, gizartea, kultura…".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).