Prentsaurrekoan Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendariak, Ione Narbaiza Txapelketaren arduradunak eta Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariak hartu dute parte.
Esan bezala, lehenengo kanporaketa urriaren 6an izango da Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Bigarren kanporaketa Santurtziko Serantes Kultur Aretoan izango da urriaren 14an eta bertan Malen Amenabar Larrañaga larrabetzuarrak hartuko du parte. Berarekin batera hauek arituko dira bat-batean: Arrate Illaro Etxebarria, Ekaitz Larrazabal Gutierrez “Katxo, Eneko Abasolo Txabarri “Abarkas”, Imanol Arrutia Azkueta eta Iñaki Iturriotz Zuluaga.
Hirugarren kanporaketa Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan egingo da; laugarrena, urriaren 28an Plentziako Jai Alai frontoian; eta bosgarrena, Berriatuko Mendibarren frontoian.
Lehenengo finalaurrekoa Berrizeko pilotalekuan izango da azaroaren 18an. Miren Amuriza Plaza eta Xabat Galletebeitia Abaroarekin batera, Gernika-Lumoko eta Plentziako irabazleak, eta puntuazioz bigarrena eta bosgarrena lotzen direnak arituko dira. Bigarren finalaurrekoa Igorreko udal kiroldegian izango da 25ean. Beñat Ugartetxea Ostolaza, Nerea Ibarzabal Salegi eta Onintza Enbeitia Maruregi bertsolariez gainera, finalaurreko horretan Santurtziko eta Berriatuko irabazleek eta puntuazioz hirugarrena lotzen denak hartuko dute parte.
Etxahun Lekue Etxabarria larrabetzuarra hirugarren kanporaketan egongo da abenduaren 1ean, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia eta Jone Uria Albizuri ere izango dira Lekeition, eta haiekin batera, Amorebieta-Etxanoko irabazlea eta puntuazioz lehenengoa eta laugarrena.
Finala abenduaren 15ean izango da Bilbon, Bilbao Arenan (Miribilla). Bizkaiko txapelarengatik hauek lehiatuko dira: Berrizeko, Igorreko eta Lekeitioko irabazleek eta puntuazioz lehenengo bostek. Saio guztiak arratsaldeko 5etan egingo dira.
Bestetik, esan beharra dago Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra talde antolatzailean dabilela, eta Leire Etxebarria Gaztelu larrabetzuarra epaile ibiliko dela.
Sarrerak
Aukera bi egongo da sarrerak erosteko: www.bertsosarrerak webgunearen bitartez edo txarteldegian bertan (16:00etan, kanporaketetan eta finalaurrekoetan; eta 15:00etan, finalean). Bonua ere erosi ahalko da, kanporaketa eta finalaurreko guztietarako balioko duena; baina ez finalerako.
Txapelketari buruzko informazio www.bertsozale.us/bizkaikotxapelketa webgunearen eta gizarte sareen bidez eskura daiteke.
Irudia eta mezua
Aurtengo txapelketaren irudia kolore desberdinetako baso bat da eta mezua Maite Berriozabal Berrizbeitiak idatzi du: “…Basoa zutik mantetzen
daben lurrak egonkor eusten deutsa datorrenari. Anitza da basoa. Aberatsa da
kolorez, formaz, izaeraz, biziz, soinuz... Eta basora ez goazenean ere basoa hor
bizi da. Bere ziklo, mugimendu, eraldaketa.... Izan be, basoan landatu barik
hazten da eta landatu ezkero hazi egiten da. Eta hori da hain zuzen be Bizkaiko
bertsolaritza: hazten iztea, landatzea eta hazten laguntzea.
Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema anitza da, berezia da, beharrezkoa da…”.
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak hainbat helburu dituela jaio da, hala nola bertsolariei euren bertsokeran garatzeko aukera ematea eta plazak eskaintzea, komunitate euskaldunari eta euskal kulturgintzari ekarpena egitea, eta Bizkaiko bertsolaritza azaleratzea.