Herri bat dantzan

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 19a, 12:20

Bizkargi dantza taldea 

Aurten lau urte beteko dira Bizkargi Larrabetzuko dantza taldea sortu zanetik. Herrian dantzan ibilteko gogoa egon da beti, eta dantzariak gogo hori ase eta herria dantzan ipintzera etorri dira.

Ofizialki 2014ko azaroan sartu ziran Eusko Jaurlaritzaren alkarteen erregistroan, baina dantza taldearen sustatzaileak dantzari lotutako egitasmoetan mur­gilduta ebiltzan aurretik, herrian bertan, eta bakotxak bere aldetik. Bizkargi horreek guztiak batzeko sortu eben. “Alde batetik, mutil dantzak entseatzen ziran Ho­ri Bai gaztetxean; eta bestetik, euskal dantzak egozan udal ikastaroen artean. Era berean, eskolan be euskal dantzak irakasten ziran eskolaz kanpoko ekintza mo­duan”, azaldu deusku Mireya Artabek, lehendakari ordeak. 

Ehun dantzari inguru dagoz taldean: 60 ume inguru eta 40 nagusi. Dantza talde gehienei gertatzen jaken moduan, La­rrabetzun be badaukie mutilen beharrizana. “Beno, gitxienez lortu dogu mutilen zortziko taldea plazara ateratea, baina orokorrean egia da emakumezkoak askoz gehiago garela. Eta umeen taldeetan be nabaritzen da”. Igaz, halanda be, sorpresa hartu eben. “Egundoko kanpaina egin genduan mutikoak animateko, eta taldean hasi ziran guztiak, bada, mutikoak izan ziran, neskatila bat izan ezik (kar, kar)”. Umeen adi egon behar da, baina, Mireyaren esanetan, benetako beharra ekarten dauana nagusien taldea da. “Batzuk dantzatan ibili dira beti; beste batzuek badakiez plazako dantzak, baina ez besteak; beste batzuk zerotik hasi dira… Eta hori dana kudeatu eta aurrera ateratea gatxa da, baina horretan gabilz”. 

Gaur egun, Jone Jauregi eta Aitor Santxo dabilz irakasle Mireyagaz batera. “Gaizka Renovales be ibili da Dantzari dantza irakasten aurreko ikasturtean, horretan oso jantzia dalako. Irakasleok talde askotan ibili gara eta horregaitik batzuetan gertau daiteke bakotxak dantza bat bere erara egitea. Zalantzak eduki doguzanean, urteerak egin doguz, adibidez, Zuberoara, pausoak ondo ikasteko; edo baten bat ekarri dogu, esate baterako, dan­tza soltea ikasteko”. Aitatukoek nagu­sien taldea daukie euren ardurapean, baina umeei taldeko gazteek irakasten deutsee, “horrek hurbiltasuna emoten deu­tselako”. Umeen lau talde dagoz Bizkargin, sei urtetik 14 urtera arte; eta nagusien talde bat, 15 urtetik 80 urte eta piko arte. 

Probintzia guztietako dantzak lantzen ahalegintzen dira eta, beharbada, gazteok erronkatzat hartu dabe Zuberoako Maskaradaren pausoak ikastea, “gatxagoak diralako”. Dantzan beti dagoz puristak eta Bizkargin be luze eztabaidatu dabe horren gainean. “Alde batetik, beharrizanak behartuta, beti mutil gitxiago dagozalako; eta bestetik, garaiak aldatzen diralako. Tradizinoa ahiztu barik, ahaleginak egin doguz barrikuntzak sartzeko. Esate baterako, Agintariena eta Sorgin Dantzak egitera mutilak eta neskak urten dira plazara. Batzuentzat sakrilegioa izango da eta sutara botako gaitue, baina tira… (kar, kar)”. 

 

Babesa

Dantzariei zuzendutako ikastaroak antolatzen dabez; baina herritar guztiei zuzendutakoak be bai: Arratiako jota eta Porrua ikasteko, esaterako. Bestelako ikas­taroak be egin dabez, adibidez, euskal jantziak ondo janzteko. “Txangoak be egiten doguz, ikasteko asmoagaz, baina parranda apur bat egiteko be bai. Bestetik, gu ez gagoz federauta eta ondorioz ez dogu Dantzarien Egunean parte hartzen. Halanda be, hara joaten gara dantzak eta giroa ikustera. Bilboko jaietara be joan ohi gara egun pasara”.

Mireyaren ustez, herriaren babesa da dantza taldearen indargunea eta babes horrek arindu deusku hasierako gogortasuna, herritar askok lagundu deutseelako jantziak josten eta materiala lortzen. “Hori oso inportantea da, gogo pilo bat dago eta egundoko harrobia dogu”. Euren ahulezia orain arte musikaririk ez eukitea izan da. “Orain txistularia falta jaku eta erronkea hori topau eta musikarien benetako taldea sortzea da. Mutilak erakartzea be bada erronkea, baita harrobia mantentzea be, belaunaldien arteko loturak sortzea… Dantza taldea danok garelako eta lana danon artean egin behar dalako”. 

Bizkargi dantza taldeak helburu nagusitzat ditu euskal folklorea sustatzea eta zabaltzea, belaunaldiz belaunaldi helarazotea, herria dantzan ipintzea eta ondo pasatzea. Gainera, hareek be ekarpena egiten dabe Larrabetzuren izena kanpoan zabaltzeko eta bizitasuna emoten deutsie herriari. “Adin eta profil askotako jentea batzen da taldean eta batzuei euskeraz ibilteko aukerea emon deutse”. Hor dabilzanek musu truk egiten dabe lan, ilusino eta esfortzu handiakaz. Alkarlanean be badabilz herriko beste alkarteakaz eta hainbeste esfortzuk eta lanak beren saria dabe akabuan. “Polita da, amuma, aita eta alaba alkarregaz dantzan ikusten dozuzalako”.   

 

 

Milioi bat ikustaldi baino gehiago YouTuben

Bizkargi dantza taldeak koreografia asmatu dau Xabi Solanoren Erre zenituzten abestirako eta hori biral bihurtu da, lerro honeek idatzi orduko, YouTuben milioi bat aldiz baino gehiago ikusi dalako. “Emakumeen Egunari begira asmatu genduan. Jai bat egin zan frontoian eta pentsau genduan ohiko dantza bat egitea ez zala egokia” azaldu deusku Mireyak. “Abestia lar pentsau barik aukeratu genduan: gura genduan ondino ondo ezaguna ez izatea, nahiko mugidua eta bizia izatea… Muntaia guztia Ane Baraiazarrak eta Jone Jauregik egin eben gaztetxoakaz, eta guztiok oso gustura lotu ginanez, pentsau genduan bideo bat grabau ahal zala gazteak motibatzeko. Bideoa Gaizka Peñafielek egin eban”.

Herrirako izango zana laster zabaldu zan kanpoan eta dantza taldeak Solanogaz harremanetan ipintzea erabagi eban. “Izan be, ez geuntsan baimenik eskatu abestia erabilteko eta badaezpada… Bada, ez euskun arazorik ipini eta otu jakun alkarregaz zerbait egin geinkela. Halan, Inpernuko ikuskizuna prestau ebanean deitu euskun bertan parte hartzeko. Aurkezpenetan gure zatitxoa egin dogu, eta denok pozik. Gainera, motibagarria ere izan da taldeko gazteentzat”.

Larrabetzuko dantzariak Kepa Junkeraren Maletak bideoan be azaltzen dira eta Korrontzi Benefic galan ibili izan dira. “Esperientzia polita da, agertoki gainean dantza egitea zer dan ikusten dalako, zer dagoen ikuskizunaren atzean…”. Erre zenituzten abestirako koreografia ez da asmatu daben bakarra, igaz beste bat egin ebelako Burdinazko Hesia suntsitu eben 80. urteurrenaren haritik. Dantza taldeak lau urte beteko ditu azaroan eta urteurrenerako be dantza barri bat prestaten dabilz.       

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).