Hitzek kantatzen digutena

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 16a, 10:48

Gotzon Barandiaran idazleak (Larrabetzu, 1974) Hitzen ahairea obra (Susa argitaletxea) atera berri du kalera. Obra horretan mende eta erdiko kantugintza izan du hizpide, idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutakoa hain zuzen ere. 

Egileak azaldu duen moduan, liburua idazteko akuilua Anari abeslariak eta Iñigo Aranbarri idazleak Literatura Eskolaren haritik eskainitako saio bat izan zen, musika eta literatura uztartu zituena. “Orain dela zortzi bat urte izango zen. Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez saioa prestatu zuten eta niri gogoa piztu zitzaidan, idazlea izateaz gainera, musikazalea ere banaizelako, eta beti gustatu zait diskoetako liburuxkak hartu eta aztertzea, testuak nork idatzi dituen ikustea, hitzak aztertzea…”. 

Orain bost urte, idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzari buruzko saioak prestatzen hasi zen Rafa Rueda musikariarekin batera, eta saio horiek ikastetxeetara, ordu bateko formatuan, eta Udako Euskal Unibertsitatera eta kultura elkarteetara, 12 orduko formatuan, eraman zituzten. “Euskaldunak zergatik espainolez gehiago irakurtzen duen, zergatik musika erdaraz gehiago entzuten duen… kezka genuen eta horrek bultzatu gintuen gure musikarekin, literaturarekin, kantagintzarekin… zer gertatzen ari zen aztertzera”. Hitzen ahairea liburua ikastaro horiek prestatzeko eta emateko lanorduen, eta entzuleekin partekatutako gogoeten emaitza da. “Saiakera bat da, irakurleengan gogoeta bat eragitea helburu duena, eta idazle eta musikarien arteko kantagintzari buruzko ikuspegi orokor eta integral bat eskaintzen duena”.

Koldo Izagirrek 40 poeten lana batu zuen XX. mendeko poesia kaierak bilduman eta horretan, atal bat, Diskografia, zuzendu zuen olerkari horien testuetan oinarrituta egindako kantuetara. Barandiaranek 140 kanta jaso ditu bere liburuan, eta horretarako, ezinbesteko altxorra izan du Izagirreren lana. Era berean, Pasaiako idazleak bilduma aurkeztu zuenean adierazitakoarekin bat eginez, Barandiaran ere ohartu da XIX. mendearen amaieratik XX. mendera bitarteko idazleen eta musikarien arteko kantagintzaren ezaugarri nabarmenenak ideia hau duela ardaztzat: galtzailearen kontzientzia kolektiboa. “Egia da beste gai batzuei ere kantatu diegula, maitasunari, esaterako. Baina gai horiek ez dira idazleen eta musikarien arteko kantagintzan gehien nabarmentzen direnak. Kantagintza horretan gailentzen direnak identitatearekin daude lotuta, hizkuntzarekin, lurraldetasunarekin, klase-borrokarekin…”. 

Bestalde, joera-aldaketa ere azpimarratu du larrabetzuarrak. “60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara arte gehienbat aldarrikatzeko kantak egiten dira: mezua zuzena da eta egilearen helburua da entzuleak jarrera aktiboa har dezala. Handik aurrera, berriz, ageriko gauzak esatetik iradokitzera pasatzen da, eta idazleek eta musikariek irakurketa bat baino gehiago eduki ditzaketen testuak kantatzen dituzte”. Egilearen esanetan, erbestea eta euskara ere oso presente daude gure kantagintzan, “beti identitate eta galtzaile ikuspuntu batetik”.

Genero ikuspegia ere aztertu du liburuan. Hala ere, aipatu duen moduan, asko ez dago arakatzeko, emakumea gure kantagintzatik ia desagertuta dagoelako. Salbuespen bakarra Itxaro Borda da. “Amaia Lasa moduko poeten testurik ez da musikatu. Eta gero, emakumea kantuetan agertzen denean beti dago negarrez, senarraren zain… Oso gutxitan izan da protagonista eta aztertu beharra dago zergatik den hori. Zor bat dugu horretan. Berriz aztertu eta gaur egunera ekarri beharko genuke. Galdera da, genero ikuspegitik, XIX. mendeko kantagintza hori dagoen moduan gaur egun erabili ote genezakeen”.

 

Euskaldunon imajinarioa 

Hiru ondorio nagusi atera ditu egindako lanetik. Lehenengoa da idazleen eta musikarien arteko elkarreraginak garrantzia izan duela euskaldunok sentitzeko, izateko eta pentsatzeko moduan. “Gure identitateari, hizkuntzari, lurraldetasunari, klase-kontzientziari buruz ditugun diskurtsoa eta imajinarioa kantagintza horren bitartez elikatu dugu. Adibidez, Euskal Herria zazpi probintziek osatzen dutela kanten bitartez ikasi dugu, edo euskara dela euskaldunon egiten gaituena, Xabier Amurizaren hitzen eta Oskorri taldearen kantaren bidez. Nire euskalduntasuna edo sentimendu abertzalea, eta nire herriarekiko eta hizkuntzarekiko dudan atxikimendua neurri handi batean kantagintza honetatik datoz”.

Bigarren ondorioa da kantua oinarria izan dela historia kontatzeko eta horretaz jakiteko. “Esate baterako, guk oso gutxi ikasi genuen karlistaldiei buruz, baina Joseba Tapiaren Eta tira eta tunba diskoari esker jakin dugu zer-nolako ezinikusia zegoen euskaldunen artean, karlista eta liberalean artean. Disko horrekin, Agur Intxorta maite eta beste kantu batzuekin ibilbide historiko bat egin daiteke, Orreagatik hasita gaur egunera arte”. 

Azken ondorioa da euskal kantagintzak bilakaera bat izan duela, eta gaur egun beste modu ezberdin batean kantatzen zaiela gizarte gaiei. Horrela, lehen esan bezala, aldarria ia desagertuta dago idazleen eta musikarien arteko kantagintzan, eta idazleek irudiei eta metaforei lotuta dauden baliabideak erabiltzen dituzte, irakurleari ulertzeko ahalegina eskatzen diotenak eta irakurketa bat baino gehiago eduki ditzaketenak. “Kantagintza oso atomizatuta dago eta talde bakoitzak bere publikoa du. Idazle bakoitzak ere badu bere irakurle-kopurutxoa. Jada ez dago helburu kolektiborik eta banakotasunera jotzen da. Musika estiloek ere asko bideratu dute hori, testu batek ez duelako balio edozein musika estilotarako”.

Hitzen ahairea liburua Bilduma Urdinerako, sakelako liburuek osatuta, argitaratu du Susak. Liburua argitaletxearen webgunean (http://www.susa-literatura.eus/liburuak/best24)  ipini dute irakurgai, debalde, eta hor obran aipatzen diren 140 kanten 227 bertsio ere bildu dituzte: http://susa-literatura.eus/liburuak/best2408. “Bata bestearen atzetik entzunez gero, konturatzen zara gure bizitzaren parte bateko soinu-banda bat direla, eta kantak garai, egoera, pertsona... jakin batzuekin lotzen dituzu. Era berean, ikuspegi bat ematen dizu gaur egungoa ulertzeko oso lagungarria izan daitekeena. Zeri idatzi eta kantatu diogu gaur egun arte, eta zeri gaur egun”. Idazle eta kanta bakoitzaren testuinguru soziopolitikoa ere jaso du Barandiarenek liburuan, “ezin delako testu edo kanta bat bere garaitik kanpo ulertu”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).