Kontxa amets

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 21a, 11:11

Izaro Lezkano Pereiro, arraunlaria

Larrabetzuko arraunlariak gogotsu ekingo deutso denboraldi barriari. Kadete kategorian eta doble skull modalitatean lortutako Bizkaiko eta Euskadiko txapelak berrestea dau helburu, baita Espainiako txapelketan emaitza hobea izatea be. Hori guztia arraunketan denak emonda disfrutatuz egingo dau.

Izarok 15 urte dauz eta arraunketan orain dala hiru urte hasi zan. Aita Barakaldokoa da, Kaiku Sestaoko klubaren zalea, eta estropadak oso hurbiletik bizi izan dabez betidanik etxean. Gainera, aitaren osaba bat be Castroko Arraun Klubean ibilia da, patroi. “Estropadak ikustera joaten ginan eta neuk be probau gura izan neban”. Kaikun hasi zan eta hor jarraitzen dau. Gustura. “Lehenengo urtean euki nebazan entrenatzaileak oso onak izan ziran eta hareek irakatsi eusten arraunean ondo egiten eta kiroltasuna zer dan. Kideakaz be euki dot zorte handia, lagun moduan zein kirol arloan”.

Arraunketan hasi eta asko gustatu jakon. Eta egia esan, asko gustatu behar jako, ia egunero Larrabetzutik Sestaora joateko, eta gero alderantzizko bidea egiteko. “Oso kirol gogorra da eta konpromisoa hartzen badozu, horri eutsi eta egunero entrenatu behar dozu. Estropada denporaldia ez danean, aste barruan hiru egunetan eta asteburuan egun baten egiten dogu entrenamendua. Baina denporaldian gagozenan, aste barruan, bakarrik egun baten, hartzen dogu atsedena. Asteko gainerako egun guztietan entrenatu behar dogu”. Aurre-denporaldian korrika, ergometroa eta ariketen taulak egiten dabez, eta urtarriletik aurrera uretera urteten dira. “Batelean ateraten bagara, Sestaotik, Barakaldotik eta Bizkaiko zubitik ibilten gara. Santurtziraino be joaten gara. Baina banku mugikorra egiten dogunean, Bilbo aldera joaten gara, ura bare egotea behar dogulako. Itsasadarretik ordubete inguru egiten dogu”.

Kirol gogorra eta sakrifikatua da arraunketea. Hori ondotxo daki gazteak. “Denpora asko kentzen deust. Ikasteko, esaterako, ze etxetik arratsaldeko 4:30ean urteten naz eta gaueko 9ak arte ez naz bueltatzen. Afaldu eta oso nekatuta nagoala etxerako lanak egin behar dodaz, ikasi… Eta asteburuetan gauza bera. Lagunakaz egoteko denporea be kentzen deust, eta familiak nire atzetik ibili behar dau planak egin ahal izateko. Era berean, kontuz ibili behar dot janariagaz…”. Halanda guztiz be, bere esanetan, sakrifizio hori guztia egitea merezi dau. “Bai horixe!”.

Eta sakrifizioak bere saria badau, igaz, Haizea Casamayor Milego kideagaz batera, urrezko domina lortu ebalako Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan, kadete kategorian eta doble skull modalitatean (banku mugikorra). “Pozik nago emaitzakaz. Nik kadete kategorian jarraituko dot, baina Haizea gazte kategoriara igoko da eta, ondorioz, kide barri bategaz ibiliko naz. Ea zelan moldatzen garen! Edozelan be, helburua da titulu horiek berrestea eta Espainiako txapelketan barriro sartzea. Aurten laugarrenak lotu gara”.

Kaikuk emakumezkoen trainerua osatu dau aurreko denboraldian eta larrabetzuarrari bertan sartzea gustatuko litxakio. “Asko. Azken batean, gurea, bertakoa, banku finkoa da. Gu bateletik trainerillara pasatzen gara, eta gero trainerura. Gazte kategorian zagozala hasi ahal zara traineruan arraun egiten, baina normalean senior kategorian egon behar da han aritzeko”. Azaldu deuskun moduan, batelean ekainaren hasiera arte ibilten dira kadete kategorian; eta gero, uztailean eta abuztuan, banku mugikorra egiten dabe.

Arraunlari saiatua

Maiatzean, Emakumeen Traineruen Elkartea sortu zan, eta horren barruan 14 klub dagoz; Kaiku, horreen artean. Emakumeen traineru lehiaketak arautzearen beharrak bultzatu ditu alkartea sortzera, emakumeek arraunean abotsa eta baliabide duinak eduki dagiezan. Arraunlariek EuskoTren Ligan parte hartzen jarraituko dabe, baina liga horretan sartzen ez direnek bigarren mailako liga baten ibiltzeko aukerea izango dabe. Izaroren eritxiz, emakumeen kirola bultzatzea helburua daukien egitasmoak beharrezkoak dira. “Kirolean ez dagoalako gizonen eta emakumeen arteko bardintasunik. Nahiz eta arraunketan gauzak apur bat hobeto egon. Aurten, adibidez, gizonezkoek eta emakumezkoek diru-kopuru bardina kobratu dabe Kontxako Bandera irabazteagaitik. Baina gogoratzen dot, haur-kategorian nengoala, bigarrenak lotu ginala Euskadiko txapelketan, batel modalitatean, eta horrek txartela emoten euskuela Espainiako txapelketara joateko. Ezin izan ginan hara joan, gure kategorian emakumezkoen txapelketarik ez zalako antolatu; gizonezkoena, bai, ostera. Txapelketa ez antolatzeko, guk ez genduala indar nahikorik erabili eben aitzakiatzat. Ez jat ondo iruditzen”.

Bardintasun arloan asko hobetu behar bada be, orain dala urte batzuk baino hobeto ikusten dau emakume arraunlarien egoerea. “Maila handia dago, baina klub bakotxaren baliabideek be eragin handia daukie horretan. Baita entrenatzaileak zer eta zelan irakasten deutsun be”. Bera arraunlari saiatua da, gogotsu lan egiten dauana eta entrenatzailearen azalpenei eta zuzenketei kasu egiten deutsena. Etorkizunari begira, traineruan sartu eta Kontxako Banderan lehiatzea gustatuko litxakio. “Irabaztea ez dakit, hori beste kontu bat dalako. Baina parte hartu sikiera… Ze oso polita da. Gero, banku mugikorrari jagokonez, munduko txapelketak be badagoz…”.

Bitartean, Kaikun jarraituko dau. Han gustura dagoalako eta bat egiten daualako Sestaoko klubaren harrobi-filosofiagaz. “Animatu gura dot jentea aurraunean egitera eta Kaikura etortzera. Kirol gogorra da eta asko sakrifikatu behar da, baina oso ondo pasatzen da eta oso gauza polita be bada”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).