Historia txikiaren istorioak

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 30a, 09:14

Toti Martizenez de Lezea Larrabetzuko idazleak bere azken eleberria kaleratu berri du: Malkoak lur antzuan. Horretan, miseria gorritik ateratzeko ahaleginetan dabilen Badajozeko nekazari baten istorioa kontatzen digu; Damasoren istorioa. Eta gerrak nola iraultzen duen bere bizitza, eta bere familiarena. Jende arruntaren historia da; historia txikia.      

Idazlea etxean harrapatu dugu, bere azken liburua eskuetan duela. “Lehenengo eleberria ezustea izan zen, eta hainbat egunetan eduki nuen irribarrea aurpegian. Harrezkero 20 urte pasatu dira eta, beste obra batzuez gainera, 24 eleberri idatzi ditut. Azken liburuaren aleak ekartzen dizkidatenean, irribarre hori azaltzen zait berriro. Liburua hartzen dut, ukitzen dut, usaintzen dut…”.

Malkoak lur antzuan liburuarekin Isilpean gordea liburua idatzi zuenean zabaldu zuen bidetik jarraitu du Martinez de Lezeak. Hala, istorioa 36ko gerraren eta hurrengo urteen testuinguruan kokatu du. “Gerra hasten denean –eskatu ez duten, baina jasaten duten gerra–, pertsona arruntei gertatzen zaiena kontatu nahi izan dut liburuan. Istorioa Badajozeko herri batean gertatzen da, eta ez irakurtzen, ez idazten ez dakien gizon baten istorioa da –eta bere familiarena–; ideia politikorik ez duen gizon baten istorioa, baina, zergatik jakin barik, egoera batetik bestera bultzatzen dutena. Istorioa 30 urte beranduago amaitzen da Bizkaian. 1966an, greba handiak izan ziren; batez ere bat, Laminación de Bandas en Frío Etxebarriko enpresarena, ondoriotzat salbuespen-egoera ekarri zuena”. Aurrekoan bezala, idazleak ez du izenik aipatu, ez bandorik, ezta indar armaturik ere. “Bakarrik herri txiki bateko jende arrunta, bizirauten saiatzen dabilena eta bat-batean drama honekin topo egiten duena”.

Baina zergatik istorioa Extremaduran kokatu? “Milaka euskaldunen aitona-amonak handik ziztu bizian irten behar izan zirelako. Inork ez du bere etxea nahita uzten; hori hainbat arrazoirengatik egiten du, eta batez ere goseagatik eta beldurragatik. Gainera, nahiko ahaztuta dagoen herrialdea da eta bertan gertatu zena sarraskia izan zen: 20 urtetik 50 urtera bitarteko 20.000 gizon –emakume batzuk ere bai–, nekazariak zirenak, fusilatu zituzten, eta gero haien senideei ez zieten lanik ematen”. Azaldu digunaren arabera, 1936ko martxoan, 80.000 nekazari extremadurarrek 3.500 lursail hartu zituzten. Horiek lur-jabe gutxi batzuenak ziren eta ez zituzten landatzen, horrela ez zietelako langileei ordaindu behar. “Mendekua izan zan. Abuztuan, 12.000 pertsona fusilatu zituzten Badajozen; eta 8.000, Cáceresen. Guk dakigula”. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak lantegiak ez suntsitzeko erabakia hartu zuen gerra hasi zenean. “Besteei ondo etorri zitzaien erabakia, baina jendea behar zuten lantegietan ibiltzeko, eta pertsona haiei, extremadurarrei, esan zieten hona etortzeko. Meategietara eta lantegietara etorri ziren lanera, oso egoera negargarrian, eta euskal industriak, neurri batean, haien lanari esker iraun zuen. Egia da gero beste etorkin-saldo batzuk egon zirela, baina oraingo honetan hau izan da interesatu zaidana”.

Irakurleak istorio gogor batekin egingo du topo, liburuaren orriak pasatu ahala. “Idazten dudanean, ondo pasatzea gustatzen zait eta liburu honekin ez dut egin. Gustatu zait  idatzi izana, baina ez dut ondo pasatu. Gogorra izan da pertsona hauen istorioa kontatzea, haiengan pentsatzen duzulako, zer gerta lekiekeen… Ihes egiten imajinatzen dituzu, oinez, bizirik ateratzeko aukera gutxi dutela, eta imajinatu ere egiten duzu nola lortzen duten bizirautea”. Hala ere, esperientzia gogorra izan den arren, Martinez de Lezeak, etorkizunean, ildo bereko istorio gehiago kontatzeko asmoa du. “Hau da, Historia txikiari lotutako istorioak. Historia txiki hori, nire ustez, garrantzitsuena da, gutariko gehienon historia delako: pertsonen eta familien drama, kontatu dizkidaten edo nik ezagutzen ditudan istorioak…”.

Emankortasuna

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka abenduaren 5etik 9ra izango da aurten, eta, Malkoak lur antzuan eleberriaz gainera, larrabetzuarrak Nur ipuin-bildumaren azken lana –Nur eta ortzadar-txoria– ere eramango du hara. “Azokara hainbat arrazoirengatik joaten naiz: alde batetik, liburuak atera ditudanez, logikoa delako han egotea; eta bestetik, irakurleak ditudalako bertan, liburuak sinatzen dizkiedan zain. Eta egia esateko, ez dakit nola duten hain pazientzia handia ilaran itxaroteko; nik ez nuke edukiko. Azkenik, Durangokoa urtean zehar dugun euskal ekoizpenaren erakusleihorik onena da, eta euskal ekoizpen guztia leku berean topa dezakegu. Hori da, hain zuzen, hara joateko arrazoi nagusia. Gure herriaren zatia naizelako, eta han egon nahi dudalako. Azoka hasiera-hasieratik ezagutzen dut: lehenengo urteetan, lau mahai ipintzen ziren eliz atarian; gero, merkatura eraman zen; eta gero, Landako Gunera. Gaur egungo eraikina egin baino lehen, plazan bertan atontzen zen azoka eta gogoratzen dut euria egiten zuenean plastiko bat ipintzen zela liburuen gainean… Gogoratzen dut ura etengabe ari zela plastikotik tantaka… Azokaren beraren eta euskal ekoizpenaren lekukoa izan naiz urteetan, eta gozamena da. Goiz-goizetik joan ohi naiz, zerbait ikusi ahal izateko, standean, gero, ordu asko ematen ditudalako. Era berean, urtearen gainerako egunetan ikusten ez ditudan lagunekin egoteko gunea ere bada”.

Idazlea Nur bildumaren hurrengo ipuinean dabil lanean, eta, aldi berean, bere hurrengo eleberria idazteko materiala jasotzen dabil. Euskal idazleen emankorretarikoa da, emankorrena ez bada, eta, besteak beste, mitologia, nobela historikoa, umeen eta gazteen literatura, umorezko kontaketak, eta nobela epiko-fantastikoak eta historikoak jorratu ditu. Bere emankortasunaren sekretua idazleak berak kontatu digu: “Asmatzeko gaitasuna dut; imajinazio handia, txikitatik. Asko irakurri izana eta lanean ordu asko ematea ere badira lagungarriak. Urtero liburu bat kaleratzen dut. Zer egingo dut? Gorde? Berandu hasi nintzen idazten, eta istorio asko ditut kontatzeko. Guztiak kontatu nahi ditut”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).