“Ez dut puntu morerik edo adierazpenik nahi, politika feministak baizik”

a: Johanna Arzoz 2019ko ots. 8a, 09:49

Irantzu Varela, feminista

Zutunik! talde feministak antolatuta eta Faktoria Lilak koordinatuta, urtarrilean hasiera eman diote Larrabetzuko I. Eskola Feministari. Lehen tailerra Irantzu Varela feministak eta kazetariak eman du.  

Martxoak 8 ate-joka dugu, baina iazko greba feminista aipatu nahiko nuke lehenik. Nondik atera ziren hainbeste emakume?

Batzuek esan zuten bat-bateko zerbait izan zela, baina ez da egia. Alde batetik, mugimendu feministak hamarkadetan egindako lanaren emaitza izan zen; eta bestetik, hainbat faktore mediatikok ere izan zuten eragina, esaterako, La manada-ren ebazpena eta #metoo kanpainak. Sistema heteropatriarkalak eskaintzen dizkien indarkeriaz eta etorkizunaz gogaituta dauden emakumeak konturatu ziren emakumeoi gertatzen zaiguna ez dela zorte txarra edo norberaren pertzepzioa, emakume guztiok bizi dugun egoera baizik. Nahikoa dela esan genuen, eta emakume bati mina egiten badiote, emakume guztioi egiten digutela.

Zeintzuk dira aurtengo erronkak?

Iaz baino emakume gehiagok atera behar dugu kalera, eta hori oso erronka handia da. Batez ere Bizkaian, Bizkaiko eta Bilboko mugimendu feministaren lanari esker, emakume gehien bildu ginen lekua izan zelako. Erronka da gurea mugimendu indartsua eta iraultzailea dela erakusten jarraitzea. Izan ere, Agendan gero eta presentzia handiagoa izateak ez du ekarriko gure proposamen politikoa arintzea; guztiz kontrakoa: gehiago sakonduko dugu horretan.

Gero eta emakumezko kazetari, aktore, abeslari… gehiagok diote feministak direla.

Gero eta feminista gehiago egotea beti da ona. Feminismoa mugimendu horizontala da, erreferente asko dituena. Eta horrela, beren lanagatik ikusgai diren emakumeek feministak direla esatea ona da, mugimenduari estigma kentzen diotelako eta hura normalizatzen laguntzen dutelako. Hala ere, ez ditugu horiek gure erreferente bihurtu behar. Azken urte bietako galdera izan da Beyonce feminismoaren erreferentea den, eta nik hau erantzun dut: jainkosa izateaz gainera, pop musikaren erreferentea da; hala ere, feminista bada eta hori bere abestietan gero eta nabariagoa bada, ba, zoragarria da, feminismoa gero eta ezagunagoa egiten lagunduko baitu. Baina gure erreferenteak, gaur egun ditugun eskubideen alde, kalean borrokatu duten eta borrokatzen duten emakumeak dira, adibidez, 1917an kalera atera ziren Errusiako langileak eta Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak.

Feministon esanetan, emakumeen kontrako indarkeria estrukturala da.

Adibide argi bat da emakume guztiok etxera, gauez, bakarrik joaten garenean dugun beldurra, edo aparkaleku batera sartzean duguna. Gizonek ez dute beldur hori. Indarkeria estrukturala da, gizartearen estruktura guztiek onartzen dutelako: komunikabideak, legeak, hezkuntza- eta osasun-sistemak, herri-kultura…

Zer nolako erantzukizuna dute erakunde publikoek horretan?

Osoa, gizarteek dituzten indarkeriak gizarteek beraiek onartzen dituztenak direlako. Emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko dagoen modu bakarra prebentzioa da, eta prebentzioa desberdintasunak deuseztatzea da. Feminismoan urteak daramatzagunok badakigu emakumeon kontrako indarkeria suntsitzea epe luzerako lana dela, baina, era berean, argi dugu hori ez dela bakarrik legeen bidez konpontzen, baizik eta indarkeria legitimatzen duten estrukturak kentzen eta berriak egiten. Jakin badakit emakume gehiago hilko dituztela, baina espero dut gizartearen erantzuna gero eta handiagoa izatea, eta erakundeek beren erantzukizuna gero eta gehiago onartzea. Nik ez dut puntu morerik edo adierazpenik nahi; nik politika feministak nahi ditut, indarkeria matxista deuseztatu ahal duten bakarrak direlako.

VOX, feminismoaren kontrakoa, sartu berri da Espainiako bizitza politikoan.

Argi daukat beren lepotik barre egin behar dugula, asko, desaktibatu nahi baditugu; hala ere, benetan hartu behar ditugula ere badakit. Izan ere, lehen alderdi politikoa da bere programan esplizituki azaldu duena Espainiako estatuak indarkeria matxistaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko dituen tresna bakarrak deuseztatu nahi dituela, hala nola Genero-indarkeriaren Kontrako Legea, Berdintasun Legea, LGTBI Legea eta Abortuaren Legea. Baina gauza da gainerako alderdiek ere adierazpenak baino ez dituztela egiten. Aurreko urtearen amaieran, ia alderdi guztiek egin zuten bat Genero-indarkeria Deuseztatzeko Estatuko Itunarekin; hala ere, itun horrek ez du ez edukirik, ez aurrekonturik, eta ez da martxan ipini. Eta hurbilago ditugu emakume bat hiltzen dutenean minutuko isilunea egiten duten erakundeak, baina gero neurri eraginkorrik hartzen ez dituztenak eta mugimendu feministari entzuten ez diotenak. Bilbon, adibidez, indarkeria matxistari lotutako iazko datuak oso kezkagarriak izan ziren, baina Udalak aurrekontuaren % 0,3 baino gutxiago zuzentzen du Berdintasun Arlora. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan, tamaina ertaineko hiri bakarra da ez duena ez ahalduntze eskolarik, ez emakumeen etxerik.

Egunero, edo ia egunero, feminismoari buruz hitz egiten da komunikabideetan. Zergatik?

Martxoaren 8agatik. Kaleko mobilizazioek helburu bi dituzte: aldarrikatzea eta zenbat garen kontatzea. Feminismoan urteak gabiltzanok bagenekien gero eta gehiago ginela, baina egun horretan txundituta geratu ginen; eta kalera lehen aldiz atera ziren emakumeak ere asko garela konturatu ziren. Horrek indar eta ausardia handiagoa eman zigun. Alderdi politikoek, erakundeek eta komunikabideek ere zenbatu dute zenbat garen, eta ohartu dira ez garela “lau feminazi zoro eta haserre”, asko baizik. Are gehiago, gizarte-mugimendurik indartsuena eta jende gehien biltzen duena gara gaur egun. Komunikabideek indar bizia garela ulertu dute, eta entzun behar digutela. Bestetik, komunikabideetako estamentu guztietan ere badaude bizkortu diren emakumeak, eta beraien arlotik hasi dira lanean.

Matxismoak gazteen artean gora egin du. Zergatik ez da eskolan feminismoa irakasten?

Nire ustez, ez du gora egin; gertatzen dena da sistema gazteen errealitatera egokitzen dela. Hau da, desberdintasunak eta sistema patriarkalak beraien tresnak berritzen dituzte, eta gazteei funtzionatzen duten diskurtsoak eskaintzen dizkiete. Guk eskatzen dugu eskolan feminismoa irakasteko, eta hori desberdintasuna interpretatzeko eta deuseztatzeko tresnatzat hartzeko, indarkeria matxista suntsitzeko modu bakarra delako. Baina ez da egiten iraultzatzailea izango litzatekeelako, eta gizartearen estruktura askori komeni zaielako desberdintasunak egoten jarraitzea: lan berbera egiteagatik gutxiago kobra dezagun, erabakitzeko guneetan emakume gutxi egon daitezen… Ez nabil bakarrik multinazionalez, baizik eta, oso jatorrak direla uste duten arren, beraien amak edo bikotekideak zaintzeei lotutako doako lanaren % 89 egiten dieten gizon horietaz ere bai.

Larrabetzuko eskola feminista martxan dago. Azaldu, mesedez, horren planteamendua.

Gizarte-mugimendua izateaz gainera, feminismoa teoria politikoa ere bada eta, oinarrizko liburu guztiak irakurtzea beharrezkoa ez den arren, komeni da haren genealogia eta bilakaera ezagutzea. Zutunik! talde feministak eskatuta, gure ustez, gaur egun interesgarrienak diren gaiak aztertuko dira eskolan: oinarrizko feminismoa, generoaren eraikuntza soziopolitikoa, maitasun erromantikoa, ekonomia… Tailerrak teoria eta militantzia uztatzen dituzten pertsonek emango dituzte, eta hori ere inportantea da.

Gero eta gertuago dago heteropatriarkatuaren amaiera?

Nik uste dut baietz. Hala ere, epe luzerako helburua eduki beharrean, pentsatu behar dugu bakoitzak gaur zer nolako iraultza txikia egin ahal dugun. Gurea ez baita azkeneko helburua duen borroka, eguneroko hainbat helburu dituen borroka baizik, esaterako, emakume guztiok libre izatea eta matxismoa ez ezik zapalkuntza-modu guztiak deuseztatzea: esplotazio kapitalista, arrazakeria, dibertsitate funtzionala dutenek jasotzen duten diskriminazioa… Feminista izatea zapalkuntza-modu guztien kontra egotea da eta.

 

 

Militantea

Irantzu Varela feminista eta kazetaria da; Faktoria Lila egitasmoa koordinatzen du eta

El tornillo saioaren aurkezlea ere  bada. Horrezaz gainera, El nunca me pegó dokumentala zuzendu du. Bere hitzetan, ez du gogoratzen feminista egin zen eguna, baina bai sistema heteropatriarkala ez zitzaiola gustatzen konturatzen hasi zen eguna. “Txikia nintzela, cowboy-pelikula bat ikusten nengoen eta pentsatu nuen han agertzen ziren emakume tuntunek eta ahulek ez zutela zerikusirik nik inguruan nituen emakumeekin. Gero, emakumea izateak dakarrenari lotuta, haserrea, amorrua eta hainbat sentsazio barneratzen hasi nintzen, eta gainerakoa irakurketa feministen eta bidean topatu ditudan feministen eskutik heldu da”. Feminista izatea gogorra dela aitortu digu, “egiten duzun guzti-guztia zalantzan ipintzen duzu-eta. Hala ere, zoriontsua izateko ezagutzen dudan modu bakarra da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).