Martxoak 8

Ana Mezo, Oneka plataformaren kidea: “Pentsiodunok, feministok eta gazteek burruka bateratua egingo bagendu, itzela litzateke”

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 6a, 10:08

Oneka Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunen eta feministen plataformea da, eta orain dala hilabete gitxi, urrian hain zuzen be, aurkeztu zan jendaurrean. Ana Mezo larrabetzuarraren eskutik ezagutu doguz plataformearen nondik norakoak, eta pentsiodunen errebindikazinoak be eduki doguz hizpide.

Zergaitik emakume pentsiodunen plataformea sortu?

Onekako kideok pentsiodunen beste plataforma misto batzuetako kideak be bagara, baina ikusten genduan emakumeak izateagaitik beste arazo batzuk be bagenituela: pobrezia, bakardadea, indarkeria matxista, ikusezintasuna, informazinorik eza… Plataformea arazo horreek kaleratzeko eta salatzeko egin genduan, eta gure eskubideen alde modu positiboan burrukatzeko: gugaitik eta atzetik datozenengaitik be bai.

Hirurehun emakume inguru zabilze Onekan; bakotxak bere ibilpidea* (?) eta historia dauz.

Batzuk talde feministetan ibili dira lanean, sindikatuetan, politika munduan… baina beste askok bakarrik etxean egin dabe lan, eta batez be horreek dabe arazorik handiena.

Hego Euskal Herrian 680.000 pentsiodun gara; biztanleriaren % 25. Berrehun eta berrogeta hamar mila pentsiodunek 600-700 euroko pentsinoa dabe, eta horreen % 82 emakumezkoak dira. Hirurogeta bost urtetik emakume askok ez dabe inoz kotizau, etxean geratu diralako, senarra, seme-alabak edo familiako nagusiak zaintzeko. Baina emakume horreek dirua aurreztea ekarri deutsee erakundeei, izan be, etxetik kanpo lan egin balebe, azpiegituretan inbertitu beharko zatekean: haurtzaindegi edo haurreskola gehiagotan, esaterako. Gainera, Eustaten datuen arabera, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa 21.342 milioi eurokoa izan zen 2013an. Hau da, Euskadiko Barne-produktu gordinaren % 32,4; eta horren % 66 emakumeek egindako lana da.    

1.080 euroko gitxieneko pentsinoa eskatzen dozue. Gobernuak eta patronalak dinoe horretarako dirurik ez dagoala.

Pentsinoez dabilzanean beti gastuen gainean egiten dabe berba. Eta diru-sarrerak? Oraintxe aitatu dodana, adibidez, diru-sarrera da. Edozelan be, hausnarketa sakona egin behar da hainbat gairen gainean. Esate baterako, Madrilen kutxa bat dago pentsinoak ordaintzeko, baina kutxea hutsitu egin dabe, 2008ko krisiaren ondorengo erreskateak kutxan egoan dirua erabilita ordaindu dabezelako; hau da, ez dago dirurik, kutxako dirua behar moduan ez dabelako erabili. Bestetik, gastuak be badagoz, noski; azpiegituretan, adibidez. Baina zelango azpiegitura dira horreek? Horeetako asko be ez dira erabilten. Eta gero monarkia dago, izugarrizko gastuak dituana… Patronalekoek dinoe presino fiskal handia dabela; bada, norbanakook be bai. Gainera, uste dut hareei txikitu gitxitu egin jakela presino hori. Gai horreek guztiak mahai gainean ipini behar dira, eta gobernuari galdetu behar deutsagu zeintzuk diran bere lehentasunak.

Politikari batzuen ahotan entzun dogu pentsino-plan pribatuetara jotzea konponbidea izan leitekeela. Hori esatea arduragabekeria da?

Bueno, plataformakoak ez gara horretan sartzen; bakotxak jakingo dau bere diruagaz zer egiten dauan. Guk geure pentsino-sistema publikoa eskatzen dogu, eta horretara goaz. Dana dala, inozoak ez gara, eta guztiontzat 1.080 euroko pentsinoa eskatzen dogunean, badakigu salbuespenak egon daitekezala, gobernuak gitxieneko pentsino horren alde egiten badau, aratu beharko dalako. Gaia da honetan asko sakonduz gero sistema neoliberala hankaz gora jarriko litzatekeela, eta ekonomia herritarren mesedetara ipiniko geunkeela; ez enpresari handien mesedetara.  

1.080 euroko gitxieneko pentsinoa ezeze 1.200 euroko gitxieneko soldatea be eskatzen dozue.

Enpresariek dinoe gaur egun ez dagoala dirurik pentsinoak ordaintzeko. Jakina! Horretarako, gazteen lana eta soldata duindu behar dira, eta ez egin guztiok ezagutzen doguzan tranpak. Izan be, askok zortzi ordu egiten dabe lan, baina lau orduko kontratua dabe. Benetan zortzi ordu kotizatuko balira, gure pentsinoak-eta ordaintzeko dirua egongo litzateke.

Zuena lanean urteak daroazan mugimendua da, baina batez be igazko urtarrilean hasi zineten kalera urteten. Politikarien agendan egotea lortu dozue, pentsino txikienak % 3 handitzea, eta besteek Kontsumoko Prezioen Indizearen araberako igoera izatea. Lorpen txikiak dira, baina garrantzitsuak?

Kalera urteten hasi ginan, Madrilek iragarri eban % 0,25eko igoera burlagarri hori azken tantea izan zalako. Eta esandakoa lortu bada, hori kalean gagozalako izan da. Halanda be, ezin da ahaztu horreek 2019rako lortu dirala, eta ez dakigula 2020an zer gertatutako dan. Gainera, ez dago ezer sinatuta. Eta bai, lorpen txikiak dira, baina guk oso modu positiboan baloratzen doguz, lorpen txiki askok lorpen handi bat ekarri ahal dabe eta.

Argi dago presino-talde handia zariela, eta hauteskundeen atarian gagoz. Politikariak zuengana hurbiltzea espero dozue?

Ez dakit egingo daben, baina gure errebindikazinoak behintzat hartu beharko leukiez kontuan. Eta gero gutariko bakotxak jakingo dau nori emoten deutson boza bere ideologiaren arabera. Aitatukoez gainera, beste errebindikazino batzuk be badoguz, hala nola 2011ko eta 2013ko lan-erreformak deuseztatzea, kopagoa kentzea eta aurretiko erretiroa ez zigortzea.

Oso gutxi falta da Martxoaren 8rako eta Maiatzaren 1a be laster izango da. Egun horreetan be urtengo zarie kalera?

Bai, duda barik, eskualdeetako Martxoaren 8ko mobilizazinoetan egongo gara, eta, arratsaldean, hiriburuetako manifestazinoetan be hartuko dogu parte. Gainera, ahal dogun neurrian, antolatze-lanetan be bagabilz modu aktiboan. Era berean, hau guzti hau arazo soziala eta politikoa dan neurrian, Maiatzaren 1a be aintzakotzat hartuko dogu. 2018a emakumeok kalera urten ginan urtea izan zan, eta 2019an pentsiodunok, feministok eta gazteek burruka bateratua egingo bagendu, itzela izango litzateke. Nire ustez, burruka guztiak oso atomizatuta egon dira – zu zeurera–, eta pentsatzen dot horretan indarrak batu behar dirala. Eta gazteez nabilenean, 40 urteko gazteez be banabil: batzuek pentsatu daikie etorkizuna aseguratuta dabela, baina ni ez nintzateke hain ziur egongo, badaezpada.

 

Informazio gehiagorako: oneka.emakume.pentsionistak@gmail.com 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).