Asla taldea: "Nire musika oso pertsonala da"

a: Txaber Miravalles 2019ko api. 16a, 09:26

Hori Bai gaztetxea areto garrantzitsua da Txorierrin. Izan ere, abeslari eta talde euskaldun onenek bertan eskaini dituzte kontzertuak. Batzuetan hasiberriak ere aritzen dira Larrabetzun, eta horietako bat Asla izan da. Bilbotarrak bere maketa aurkeztu zuen bailaran eta Aikor! aldizkariak ez du bera ezagutzeko aukera alferrik galdu. 

Zelan Larrabetzuko kontzertua?

Oso ondo, oso pozik nago. Gu eta antolatzaileak gustura ibili ginen, eta esan digutenaren arabera, publikoa ere bai. Askotan joan naiz Hori Bai gaztetxera kontzertuak ikustera, eta orain neu izan naiz agertokiaren gainean ibili dena. Lekua oso berezia da, atsegina, eta giro polita sortu zen kontzertuan. Normalean tabernetan-eta eman ditugu kontzertuak eta zarata asko egoten da han. Gainera, batzuetan jendeak ez dizu jaramon handirik egiten. Ostera, Hori Bai gaztetxean jendea jesarrita egoten da, norberari begira… Erabat desberdina da. 

Zelan hasi zinen musikan? 

Hasiera-hasieran, familiarengatik. Aitak gitarra jotzen zuen, baita lehengusu Garik ere. Berak kanta propioak egiten zituen eta hori harrigarria iruditzen zitzaidan. Ez nuen uste ni neu egiteko gai izango nintzenik. Baina, ia nahi gabe, lehenengoa atera zitzaidan, eta handik aurrera beste batzuk etorri dira. Geroago, 2001ean, institutuan nengoela, Malda taldea sortu nuen anaia eta lagun birekin batera. Hiru urte geroago, taldea desegin zen eta urte batzuk eman nituen jendaurrean ezer egin barik. Nire kabuz kantak egiten jarraitu nuen eta 2012an hasi nintzen bertsioek osatutako kontzertuak eskaintzen tabernetan. Handik gutxira, kontzertu parte-hartzaileak ematen hasi nintzen, zuzeneko karaokeak, nolabait esanda. Eta 2016an nik egindako kantak abestu nituen lehendabiziko aldiz jendaurrean. Horrek jendaurrean berriro jotzeko egiteko gogoa eman zidan eta horrela sortu zen Asla.

Zer da musika zuretzat?

Musika barruan duzuna kanpora ateratzeko modu bat da; bestela, jendearekin konpartitzen ez baduzu, musika egiteak ez du zentzu handirik. Nire musika oso pertsonala da: norbera bakarrik, gitarrarekin, agertoki gainean... Baina oso gustura sentitzen naiz. 

Zelan izan da aldaketa: hasieran, kontzertu parte-hartzaileak; orain, Asla taldea?

Ez dute zerikusi handirik. Kontzertu parte-hartzaileak informalagoak dira. Horiei esker, jendaurrean egoten ikasi dut. Asla taldean, ordea, nire hitzak dira, barrutik ateratakoak, eta horrek ardura handiagoa ematen dit. 

Maketa grabatu duzu eta Gaur bideoklipa ere argitaratu duzu eta Interneten dago ikusgai. Nolako taldea da Asla? 

Pop-rock estiloko taldea gara. Nire abestiak kantatzen ditugu. Lehenengo kontzertua bakarrik eman nuen, baina harrezkero Gurutze Etxebarria ere taldean dago. Momentuz formatu akustikoa jorratzen dugu, bi bakarrik gaudelako, baina etorkizunean banda formatuko talde bat osatzeko asmoa dut. Eta hori da, hain zuzen ere, Gaur bideoklipean erakusten duguna. Bideoklipa Gorlizeko No Studios estudioan egin genuen, Joseba Azabalen eskutik. Imanol Pagarizabal (bateria), Mikel Torrijos (baxua eta saxofoia) eta Andoni Arrizabalaga (gitarra) musikariek ere hartu zuten parte bertan. Ibilbidea pausoz pauso gabiltza lantzen: maketa eta egin ditugu, orain Taupaka kultur elkartearen kide egin gara, haiek gure agenteak izateko... 

Aslan ez zaude bakarrik. Zer ematen dizu Gurutze Etxebarria abeslariak?

Berak Gurutze’s Manouches jazz taldean abesten du eta, bestetik, bai nirekin ere. Bere kontzertu batean ezagutu nuen, taberna batean. Gurutzek izugarrizko ekarpena egiten dio taldeari. Beste mundu musikal batetik dator, baina gure ahotsek primeran egiten dute bat. Oso aberasgarria da, izugarrizko balioa eman dio proiektuari. 

Zein da zure helburua? Ametsen bat duzu musikan?

Gaztea ez naiz, baina hasiberria, bai, ordea. Eskarmentua badut, baina ez naiz proiektu serio batean; ez behintzat Asla bezalako talde batean. Ametsak bata bestearen atzetik etortzen dira, hau da, bat lortzen duzunean, beste baten bila zabiltza. Gaur egun, benetako disko bat grabatzea dut amets. Eta noizbehinka, kontzertuak emateko aukera izatea, baldintza duinetan. Gehiagorik ez dut behar, eta gehiagorik ez dut eskatzen. Zorionez, datozen asteotan, zenbait kontzertu emango ditugu. 

 

Asla jarraitzeko: 

Facebook, taupaka.eus,
Instagram eta YouTube

 

Derioztar baten semea

Oier Asla Iglesiasek (Bilbo, 1978) Biologia ikasi zuen, baina gaur egun administratibo egiten du lan Basauriko Udalean. Nahiz eta Etxebarrin bizi, lotura handia du Txorierrirekin, ama Deriokoa baita. "Izeko oraindik han bizi da, Logabaz aldean. Alboan, familiak etxetxoa ere badauka eta batzuetan han batzen gara", esan digu Oierrek. Ama hain da garrantzitsua, ezen mutilak bere abizena hartu baitu taldeari izena emateko. "Asla amaren abizena da. Aspaldian, abizenen ordena aldatu nuen eta amarena lehenengoa jarri nuen. Hori berezia denez, taldea proiektu pertsonala denez eta abizena gustuko dudanez, Asla aukeratu nuen".  

Musika beti izan da Oierren bizilaguna. Normalean tabernetara joaten da kontzertuak zuzenean ikustera. Musikazale amorratua da eta Berri Txarrak bere talde kuttunetako bat da. Garai txarra Gorka Urbizuren taldearen zaletua izateko, nafarrek musikari utziko diotela iragarri dutelako. "Aspaldian ezagutu nuen Berri Txarrak taldea, hasiera-hasieran, maketa grabatu zutenean, inork ezagutzen ez zituenean. Ondoren, maketa horri esker, Euskadi Gaztea irratiko saria irabazi zuten".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).