Edorta Jimenez, idazlea: "Irakurleek nire kontatzeko gogoarekin gozatzea nahi dut"

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 2a, 10:19

Edorta Jimenez berriro etorri da Larrabetzura, oraingo honetan bere azken eleberria, Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua, aurkeztera. Idazle mundakarra gustura dago irakurleekin, beste ikuspuntu bat ematen diotelako. Txorierri ere gustatzen zaio, Larrabetzuk "tradizio literario sakona baitu". 

Berriro Larrabetzun. Zertarako balio dute horrelako ekitaldiek, irakurleekin?

Horretarako, hain zuzen ere, irakurleekin egoteko. Eta ez edozein irakurlerekin. Larrabetzuk tradizio literario sakona du. Beraz, harremana ederragoa eta aberasgarriagoa izaten da guretzat. Larrabetzu berezia da niretzat. Izan ere, nire ustez, kultura deszentralizatu egin behar da, hau da, dena ez da Bilbon gertatu behar, baita Larrabetzu bezalako herri txikietan ere. Eta horretan Larrabetzu aitzindaria izan da. Pena izan da Literaturia azoka Zarautzera eraman behar izana, Gipuzkoako herria handiagoa delako. Literaturian ere egona nintzen.  

Zer ematen dizuete idazleoi irakurleek?

Guk idatzi egiten dugu eta sarritan idatzi dugunaz ohartu ere ez gara egiten. Irakurleek euren ikuspuntua ematen digute, eta batzuetan guk ez diogu garrantzirik ematen haiek azpimarratzen digutenari. Feedbacka ikaragarria da. Esate baterako, batek esan zidan nire azken liburua ipuin-sorta bat zela. Hori ez zen nire asmoa eleberria idatzi nuenean, baina tira…  

Hitz egin dezagun liburuari buruz. Zer da Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua?

Nobela da, 2017. urtean gertatzen dena. Atzean Kataluniako auzia dago. Liburuan pertsonaia batzuk daude, eta apurka-apurka euren bizitzak uztartzen ditut: ertzain bi, preso bat, aingeru bat… Hainbat gai jorratzen ditut eleberrian: sexua, gatazkak, biolentzia, maitasuna… Nobela beltza da, gatazkaz betea. Eta beltza da, krimenen ikerketa dagoelako: batetik, ertzain batek inpunitatez egindako torturak; eta bestetik, txakurrak hiltzea. 

Liburuaren izenburua nahiko enigmatikoa da. Azalduko diguzu?

Ez, irakurleak azken orrialdeetan jakingo du. Ez da komeni dena argitzea. Zerikusia du tradizioarekin: irlandarrek uste dute ostadarrak lurra ukitzen duen lekuan altxorra dagoela. Eta euskal tradizioak? Bada, misterio bat dago horren inguruan eta ezin dut argitu, amaiera hondatuko baitut. Nik aurkitu nuen eta horregatik jarri nuen izenburu hori. Eta horri esker, konpondu ahal izan dut idatzi nuen korapiloa. Nobela korapilatsua da eta korapiloak askatzea ez da erraza izaten.  

Eleberrian gai bortitzak jorratu dituzu: tortura, ustelkeria, biolentzia, sexua... Zelan saihesten da morboa?

Naturaltasunez. Eleberri hau egin baino lehen zor bat nuen: orain arte ez dut inoiz eleberri bat gaur egunean kokatu. XVI. mendean, Erdi Aroan eta Gerra Zibilean, bai, ordea. Ekintzaile soziala naiz eta oso kritikoa naiz gertatzen denarekin. Eta hori guztia liburuan sartu beharra nuen naturaltasunez, inolako morborik gabe. Pertsonaia guztiak maitatu ditut, baita txakurkumeenak ere. Esate baterako, torturatzailea atsegin egiten da, guztiak enpatiaz tratatu ditudalako.  

Liburua ez da denbora-pasa hutsa, sakona eta kritikoa baita. Ausarta izan behar da gai horiek horrela jorratzeko?

Batez ere narrazioa egin nahi izan dut. Gauzak kontatzeko gogoa asebete dut eta dena dago horren mende: hizkuntza, ahozko hizkera, gaur egungo euskara eta gaztelaniaren arteko nahaste hori, euskara batua… Esate baterako, “baina” hitza ez da ia agertzen. Izan ere, narrazioa mendian behera dabilen erreka bezalakoa izan da, armoniaz betea eta oztopo guztiak gaindituta. Dena dela, nik ez nuke liburua kritikoa denik esango, baina egia da ironiaz eta umorez egin dudala. Eta irakurleek nire kontatzeko gogoarekin gozatzea nahi dut. 

Iñigo Cabacas auzia aipatu duzu liburuan. Nolako eragina dauka horrek eleberrian?

Oso ona da joko literariorako. Pertsonaia nagusietako batek katarsia behar du, momentu batean bere bizitza ezbaian jartzen duelako. Cabacas auziak sinbolismo ikaragarria dauka liburuan. Ez da nik egin nahi izan dudan salaketa, berez etorri da. Horrela idazten dut: zerbait entzuten badut, zerbait berezia edo xelebrea, gorde egiten dut eta liburuan sartu. Prozesua erabat espontaneoa da. Ni ez naiz protagonista, baina nire bizitzaren pasarteak dira. Mendekua ere jorratzen dut eleberrian. Orain, badirudi mendekua hitza debekatuta dagoela, baita gorrotoa ere, baina biak gizakiok ditugun sentimenduak dira. Eta jakin behar da nondik sortzen diren. 

Entzun dut omenaldiak ere egin dituzula liburuan… 

Bai literaturari berari. Idazle batzuen testuak berridatzi ditut: Raymond Chandler, Joseph Conrad, Jorge Luis Borges… Nire ametsetako bat izan da.

 

 

Idazle oparoa

Edorta Jimenez Ormaetxeak (Mun­daka, 1953) irakasle ikasketak egin zituen. Idazle oparoa da. Hasieran, poesia idazten zuen, baina gaur egun ez da poemak idaztera esertzen. "Azken poesia liburuak oso kritika onak izan zituen, baina ez nuen saldu. Poesiak neure buruan idazten ditut, ez paperean. Askotan burura etortzen zaizkit, entretenigarriak dira, baina besterik ez". Jimenezek genero guztiak jorratu ditu: saiakerak, biografiak, gazteentzako liburuak... Bere lanari esker, sari batzuk irabazi ditu: Azkue Literatura Saria, Baleen berbaroa (1997) liburuarengatik; eta Julene Azpeitia ipuin-lehiaketa, Akitaniatik datorren berba berria (1995)lanarengatik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).