Bizigune Zabal egitasmoa: aske hazteko gunea

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 15a, 14:50

Orain dala 10 urte, Bizkaiko sei familiak Bizigune Zabal proiektua ipini eben martxan Larrabetzun. Udalak Goikoelexaldeko txokoa itxi eutsen, eta bertan seme-alaba txikiak begirunez eta hareen garapen-erritmoaren arabera hezteko gunea sortu eben. Egitasmoak indartsu jarraitzen dau hamarkada baten ostean.

Angela Menica Torre larrabetzuarra Bizigune Zabal proiektuaren sortzaileetariko bat da. “Emakumezko lagunen artean egindako egitasmoa da, umeak jagon eta euren beharrizanak asetzeko. Baina baita gurasook alkarregaz egoteko be, eta gure beharrizanak partekatu eta asetu”, azaldu deusku. Goikoelexaldeko txokoa urte bi eta erditik sei urtera bitarteko umeen topagunea eta ikasgunea da. “Hasi ginanean, umeak eskolara ez eroateko erabagia hartu genduan, ez ebelako beharrik. Horren ordez, gure ustez, hau behar eben: astean hiru edo lau aldiz alkarregaz egon eta leku seguru bat olgetako eta beste erritmo batera hazteko. Eskolako ordutegia eta dinamika nahiko zorrotzak dira umeentzat, eta etxetik kanpo be lan egin ezkero, beharbada ez dago beste erremediorik; baina pribilegio itzela da umeak eskolara ez bidali, hareekaz egon eta ikustea zelan hazten diran eta hareei laguntzea”.

Brenda Otaola Zarraga lezamarra Bizigune Zabal egitasmoaren gaur egungo partaidea da. Bere berbetan, ume lar dagoz eskoletako ikasgeletan eta, ondorioz, gatza da euren beharrizanei behar moduan erantzutea. Horregatik erabagi eben alaba Goikoelexaldeko txokora eroatea. Ainhoa Eraso Gisasola larrabetzuarrak be gurago izan dau alaba ohiko eskolara ez eroan. “Ez neban beharrik. Bizigune Zabalera ekartzen dot, berak esan eustalako umeakaz egon gura ebala, eta, nire eritxiz, hemen dago hobeto. Proiektu polita da, eta neu be bertan egonda seguru sentitzen da”.

Goikoelexaldeko txokoan sei ume batzen dira astean bitan, 10:30etik 14:30era. Azaldu deuskuen moduan, ikasturtearen hasieran ume gehiago izan ziran, 10 ume, eta gehiagotan batzen ziran, baina Bizigune Zabal proiektu malgua da eta etengabe moldatzen da umeen eta gurasoen beharrizanetara. Izan be, partaideak Txorierrikoak ezeze, Bizkaiko beste herri batzuetakoak be badira –esaterako, Zalla, Leioa edo Gernika–, eta premiak be aldakorrak izan daitekez. “Halanda be, hiru irizpide iraunkor dagoz: gurasoek jagoten dabez umeak, hau leku segurua da eta pertsonak, materiala zein lekua errespetatu behar doguz”.

Ohiko eskolea izan ez arren, umeek asko ikasten dabe Goikoelexaldeko txokoan, euren erritmora. “Hau lasai eta seguru bizitzeko eta ikasteko gunea da. Hainbat material dago eta umeek  euren gogoaren arabera erabiltzen dabe. Ondorioz, kanpoan egon daitekez hareagaz jolasten; edo barruan, margoten. Idea hau da: itxi umeak aske jolasten eta bizitzen”. Neskatoak eta mutikoak gurasoek eurek zaintzen dabez, eta beti dago gitxienez guraso bat txokoaren barruan, eta beste bat, kanpoaldean. “Laguntzen deutsegu momentu baten edo bestean daukiezan beharrizanak kontuan hartuta. Dana dala, gurasook hau praktikatzen dogu: sena, umeen gauzetan lar ez nahastea, umore ona eta umeak eta gainerako gurasoak errespetatzea”.

 

 

Abantailak

Seme-alabak “haurreskola edo ikastetxe alternatibo” batera bidaltzeak arazoak ekarri leikioezala pentsatu leike baten batek, baina hiru emakumeen ustez umeei abantailak baino ez deutsez ekartzen. “Euren erritmoa eta garapena errespetatzen diranez segurago eta indartsuago hazten dira normalean. Hau da, hemen ume batek bere kabuz edozein gauza ikasten dauala, horrek segurtasuna emongo deutso, aurrerantzean beste edozein gauza ikasteko. Sentimenduak be asko garatzen dabez eta oso autonomoak dira”. Lekuak be aukera asko eskaintzen deutsez. “Gauza pilo bat dagoz eta beldur barik esperimentau daikie: ahalegindu daitekez zuhaitz batera igotzen edo tresnaren bat erabiltzen ikasten”. Bestalde, mobimentu-askatasuna dabe momenturo eta hori be ezinbestekotzat jotzen dabe. “Mobimenturik ez badago, ez dagoalako ez ikasketarik, ez burmuinaren garapenik. Gainera, mobimentuak saihesten dauz hainbat arazo, hala nola dislexia eta arreta-defizita”. Umeek sei urte bete, eta ohiko eskolan sartzen diranean be ondo integratzen dira. “Normalean, bai. Egia da bati beste bati baino gehiago kostau ahal jakola, baina hori gurera etorri ez danari be gertatu ahal jako”.

Askatasunez eta begirunez betetako lekua da Bizigune Zabal egitasmoa, eta umeentzat zein gurasoentzat da ikasgunea. “Guk be asko ikasten dogu batak bestearengandik, eta laguntasuna emoten deutsagu alkarri. Umeek hori ikusten dabe eta ikasten dabe. Bestetik, ahalegintzen gara euren arteko arazoak edo liskarrak eurek kudeatu dagiezala, eta, era berean, saiatzen gara balio-judiziorik ez egiten”.

Larrabetzuko Udalak txokoa itxi deutse eta horren truke Bizigune Zabalekoek herritar guztientzako ekintzak egiten dabez urtean bitan. Tailerrak antolatu dabez, antzerkia, hitzaldiak, ipuin-kontalariak… Partaideek 20 euro ipintzen dabe urtero, alokairu sinbolikoa ordaintzeko eta etorri daitekezan gastuei aurre egiteko. “Edozelan be, oso material gitxi erosi da urte honeetan, proiektuagaz hasi zirenek itxitakoa ona izan dalako eta, bestela, zaindu dalako. Umeek orain dala 10 urteko jostailuak erabiltzen dabez, eta poz-pozik”.

Egitasmoaren sustatzaileek ez eben inondik inora pentsatuko  hainbeste urte iraungo ebenik zabalik. “Asko poztu gaitu Bizigune oraindino osasuntsu dagoala ikusteak. Baleiteke jentea barrizten joan dan neurrian detaile batzuk be barriztu izana, baina ziur asko orain gu hasi ginenean baino trankilago ibiliko dira, edo hori gura dot pentsau”, esan dau Menicak. Beste biek ezetz adierazo dabe buruagaz, eta onartu dabe hareek be zalantza eta bildur asko dakiezala. Bildurrak alkarregaz eta alkarrengandik ikasita kenduko dabez, seme-alabak aske eta euren erritmora hazten ikusten dabezan bitartean. “Eta hori luxu handia da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).