Patxi Suarez, gurpil-aulkiko saskibaloi jokalaria: Europako txapelduna

Aikor aldizkaria 2019ko mai. 24a, 10:21

Patxi Suarez larrabetzuarrak Bidaideak Bilbao BSR taldean jokatzen dau, munduko gurpil-aulkiko saskibaloi talderik onenetarikoan. Apirilean, Sheffield hirian, Bidaideak-ek lehenengo aldiz irabazi eban EuroLiga 1, Europako bigarren txapelketarik garrantzitsuena. Patxi min hartuta dabil eta ezin izan eban jokatu, baina garaipenari eta bere ibilpideari buruz berba egin deusku.

Europako txapelduna izatea ez da ma­kala. Bidaideak Bilbao BSR taldea igaz saiatu zan txapelketea irabazten, baina finalean Galatasaray taldearen kontra gal­du eban. "Arantzea kendu dogu. Igazko porrota gogorra izan zan: finala non eta etxean galdu genduan, puntu biko aldeagaz... Erakutsi genduan irabazteko gauza ginala. Aurten gure txandea zan", dino pozarren Patxi Suarezek. "Igazko partidak irakatsi euskun ahalegin ikaragarria egin behar dala final batera heltzeko. Batzuetan talde biren arteko aldea ez da oso handia eta xehetasun txikiak erabagigarriak dira ". 

Bilbotarrek txapelketa horretan be hartu eben mendekua. Izan be, lehenengo partida Besiktas turkiarren kontra galdu eben. Ondoren, Bidaideak-ek Sheffield Steelers, Köln 99ers eta Le Canet taldeak hartu ebazan mendean, eta azkenean, fi­nalean, 67-71 irabazi eutson Besiktas tal­deari. "Lehenengoa galdu izanak izugarrizko etsipena eragin euskun, baina, aldi berean, horrek amorru handiagoa emon euskun aurrera jarraitzeko. Onenak izan gara eta kopea merezi izan dogu".  

Patxik urrunetik, etxetik, ospatu behar izan eban garaipena. Izan be, azken hilabete bietan lesionatuta ibili da eta ezin izan zan Sheffieldera joan. "Eskumuturreko tendinitisak jota ibili naz. Oso lesino txarra da, mingarria dalako eta denbora pila bat behar dalako guztiz osatzeko. Penea izan da finalean egon ez izana, garaipen handia izan dalako. Gaur egun, erabat osatu naz eta jokatzeko gogo handia dot (kar, kar). Tira, garaipen gehiago etorriko dira, ziur nago". 

Patxiren taldea fin dabil aurton. Esate baterako, lehenengo aldiz jokatu dau Txapeldunen Liga. Txapelketa horretako le­henengo fasea gainditu eben; bigarrena, aldiz, ez, baina Euroliga 1 txapelketarako sailkatu ziran. Eta azkenean kopea ekarri dabe etxera. "Etsipen txikia izan zan Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu izana, ba­tez be arerioen parean lehian sartzeko gauza ginala erakutsi gendualako. Dana dala, ez jat atzera begira gehiegi gustatzen. Oraintxe Euroliga 1 irabazi dogu eta laster Estaduko liga irabazteko kanporaketak jokatuko doguz. Horixe da gaur egun interesatzen jatana". 

Europan ez eze, Estaduko ligan be sendo dabilz Patxi eta taldekideak. Bidaideak taldeak Ligea irabazi dau, Mideba Extremadura taldeagaz bardinduta. Beraz, maiatzean lauko finala jokatuko dabe. Finalerdian, BSR Amiab Albacete taldearen kontra arituko dira eta hori irabazi ezkero, finala, Ilunion edo Extremaduraren kontra. Patxi oso baikor agertu da. "Oso gogorra izango da, baina guk uste dogu hobeak garala eta egurra emongo deutsegula". 

 

Entrenadu eta entrenadu

Espainiako gurpil-aulkiko saskibaloia­ren maila oso handia da, munduko onenetarikoa. Aurreko Joku Olinpikoetan, esa­te baterako, Espainiako selekzinoak zilarrezko domina lortu eban Rio de Janeiro hirian. Eta Bidaideak taldea be munduko talderik onenetarikoa da. Taldeko maila hain da handia izanik, Patxik jokatzeko aukera gitxi dauka. Halanda be, ez dago horregaitik kezkatuta. "Gehiago jokatu gu­rako neuke, jakina, baina entrenatzen jarraituko dot eta helduko da momentua. Entrenau eta entrenau eta entrenau. Horixe da egin behar dodana". 

Taldeak lauzpabost aldiz entrenatzen dau astean. Patxirentzat ez da gogorra, holan ia azken 10 urteotan ibili dalako. Gaur egun, larrabetzuarrak 20 urte dauz, baina 11 urte ebazala sartu zan taldeko saskibaloi-eskolan. Ondoren, hasi zan lehenengo taldean entrenatzen eta, 2014tik aurrera, lehenengo taldeko kide da. Taldeagaz batera, Patxi bera be hazi da eta, ibilbide horretan, gazte larrabetzuarrak Euskadiko selekzinoagaz jokatu dau. Hogeita bi urte azpiko Estaduko selekzinoagaz be ibili da eta horregaz brontzezko domina lortu dau aurten, Italian jokatutako Europako Txapelketan.

Saskibaloia alde batera itxita, Suarez Ingeniaritza dabil ikasten Deustun. Mutil praktikoa da eta bizitza egunez egun bizi dau, etorkizunari gehiegi begiratu barik. Eroso bizi da Larrabetzun, ikasten eta sas­kibaloian jokatzen, eta ez dau kanpora joa­teko edo bizitza aldatzeko asmorik. "Oso gustura nago etxean, primeran zaintzen nabe. Karrerea bukatu arte, ez naz hemendik mugiduko". 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).