Paul Sirats Barandika, artista digitala: "Lan egingo ez banu moduan sentitzen naiz, nire lana izugarri gustatzen zaidalako"

a: Jon Goikouria Larrabeiti 2019ko uzt. 3a, 14:40

Denok izan ditugu egun osoa marrazkiak egiten ematen zuten ikaskideak. Gehienek ez dute zaletasuna urrunera eramaten, baina gutxi batzuek, ordea, bai. Paul Sirats Barandika larrabetzuarra azken horietako bat da. Gaur egun, artista digitala da eta, besteak beste, bideo-jokoen gertalekuak, eszenaren girotzeak eta pertsonaiak diseinatzen ditu.

Zer da concept art?

Arte digitala, marrazkiak tabletan egitea. Concept art da ikus-entzunezko ekoizpen guztiek –pelikulak, telesaioak, bideo-jokoak…– landu behar duten lehenengo gauza. Gidoia idatzi eta gero, gidoilariek esaten digu zer nahi duten eta guk hori marrazkietan irudikatzen dugu.

Zelan hasi zinen?

Betidanik egin ditut marrazkiak. Amak nik bizpahiru urte nituela egindako marrazkiak ditu oraindik (kar, kar). Garai batean, grafitiak egiten ibili nintzen. Eta 18 urte nituela concept art ezagutu nuen.

Baina Euskal Herrian artista digital batek bizi ahal du bere lanetik?

Ez Euskal Herrian, ez Espainian, ezta Europan ere. Goi-mailako ikasketak egon badaude –ez zeuden ni hasi nintzenean–, baina oso garestiak dira. Asiara edo Estatu Batuetara joan behar da.

Baina zu hemen zaude...

(Kar, kar) Bai. Etxetik egiten dut lan, batez ere Kanadako enpresa baterako: Yellow Bear. Haiek hara joatea nahi dute, baina nik ez dut argi ikusten, nire sorlekuari oso lotua naizelako: hemen ditut lagunak, bikotekidea… nire bizitza. Ez da jaso dudan eskaintza bakarra, Japoniatik eta Estatu Batuetatik ere deitu didate eta. Onartuko banu, soldata eta lan-baldintzak askoz hobeak izango lirateke eta aurrerapauso bat izango litzateke, baina dirua ez da garrantzitsuena.

Zein da zure lana?

Estudio handiagoek nire enpresa kontratatzen dute hainbat lan egiteko: esate baterako, Sin City eta Mad Max bideo-jokoetarako. Gaur egun horretan nabil, Mad Maxen gertalekuak, eszenaren girotzea, pertsonaiak eta garraiobideak diseinatzen. Konfidentzialtasun-klausula bat dau­kat kontratuan, hau da, ezin dut nire lana lau haizeetara zabaldu. Frustragarria da, baina tira... Bitartean, nire kabuz ere egiten ditut lanak. Esate baterako, Panamako lagun batzuek Fractal rol-jokoa diseinatzea eskatu zidaten eta laster jarriko da salgai. Ezin naiz geldirik egon, beti dauzkat marrazkiak buruan. Eta ezetz esatea kostatzen zait: langabetuaren sindromeak jota nabil, pentsatzen dut ezin dudala ezetz esan. Nire egunek 48 ordu izan beharko lituzkete (kar, kar).

Zer da Project Vacuum?

Prestatzen nabilen nobela grafiko bat. Hasieran, lanik ez nuenean, aitzakia zen marrazkiak gizarte-sareetan eskegitzeko. Beraz, istorioa eta pertsonaiak garatzen hasi nintzen. Egunen batean, bukatzen dudanean, nobela argitaratu nahiko nuke, nire kabuz, nik nahi dudan moduan egiteko. Agian crowdfunding baten bidez, hau da, Interneteko lagun ezezagunen ekarpenari esker. Baina horretarako, Instagram landu beharko dut eta ez daukat denbora handirik.  

Zein izan da zure lan-ibilbidea? Zelan heldu zara zauden lanpostura?

Ikastaro bat egin nuen Behargintzan, animaziorako hiru dimentsiotako modelaketaren ingurukoa. Ikasleetako bat aukeratuko zuten Torsion Animation Sondikako enpresan lan egiteko, eta ni aukeratu ninduten. Nagusiak, Andreu Luciok, ibilbide oparoa zuen, baina azkenean Estatu Batuetara joatea erabaki zuen –bertan jarraitzen du– eta enpresa itxi zuen. Ondoren, artisten ataria sortu nuen online: artistek osatutako gizarte sarea, nolabait esanda. Artistek bertan eskegitzen dituzte lanak eta enpresek horiek ikusteko aukera dute. Hainbat artista erakarri nituen, baina ez nion etekin ekonomikorik ateratzen jakin. Txarto egin nuen, ataria saldu beharrean, bertan behera utzi nuelako. Ezagutza handiagoa izan banu, negozio handia lortuko nukeen. Geroago, Silver Space animazio-estudioan ibili nintzen, baina, krisiaren ondorioz, pikutara joan zen.

Eta gero?

Neuk ere izan nuen krisia eta oposizioak prestatzen hasi nintzen. Bi oposiziotara aurkeztu dut nire burua: lehenengoak ez nituen gainditu, eta bigarrenetan, iskiotibiala apurtu zitzaidan eta ezin izan nituen azken saio fisiko bi amaitu. Gainerako saioak gaindituta nituen, eta helmugatik 3 hamarrenetara nengoela porrot egin nuen. Oso etsigarria izan zen. Momentu hartan depresioak jota ibili nintzen eta nire kabuz marrazkiak egiteari ekin nion berriro.

Zelan atera zinen zulotik?

Marrazkilariak diren lagun bik, Sergi Brosa eta Rafa Ter, animatu ninduten nire lana gizarte sareen bidez erakustera, enpresek ni gehiago ezagutzeko. Garai hartan ez nuen ez Facebook, ez Instagram, ez ezer. Niri beti kostatu zait nire lana jendaurrean zabaltzea, agian perfekzionistegia naizelako. Beraz, Art station atarian eta Instagram gizarte-sarean eskegi nituen marrazkiak eta erabiltzaileen erantzuna oso ona izan zen. Gainera, lan-eskaintzak ere heldu zitzaizkidan, diskoen azalak egiteko, esate baterako.

Damutzen zara oposizioa gainditu ez izanagatik?

Ez, inondik inora. Atzera begiratzen badut, oraindik mingarria da, baina gaur egun egiten dudana nire pasioa da.

Zelangoa da zure egun arrunt bat?

Ordu pilo bat egiten dut lan: 14-15 ordu egunean. Goizeko 6etan esnatzen naiz eta ordu birik behin aulkitik altxatzen saiatzen naiz. Gimnasiora ere joaten naiz. Egun osoa ematen dut lanari begira. Asteburuetan ere egiten dut lan, baina arrasti erdira arte bakarrik. Edonorentzat oso nekagarria izango litzateke, badakit, baina ohitura hartu dut, eta, batez ere, lanik egingo ez banu moduan sentitzen naiz, nire lana itzel gustatzen zaidalako. Eta horregatik lortzen dut erritmoari eustea.

Pozik bizi zara?

Bai, gorriak ikusi ditut, baina ondo bizi naiz. Lanak alde txarrak ere baditu: arte digitalaren  industria ez da batere egonkorra, hau da, behin betiko kontraturik ez dago, eta dagoen lan-kargaren arabera egiten duzu lan. Enpresa handi batek zuzenean kontratatzen bazaitu, baldintzak hobeak dira, baina zure kabuz ibiltzen bazara, ez dizute amerikarra izango bazina moduan ordaintzen, askoz gutxiago baizik. Ona bazara, lana egon badago.

Zer egitea gustatuko litzaizuke?

Egitasmo handi bi dauzkat buruan, Euskal Herrian egiteko: batetik, bideo-jokoak garatzeko ekoizpen-etxea sortu; eta bestetik, concept art akademia bat bultzatu, hasiberriek bertan ikasteko, dirutza gastatu barik. Amorrua ematen dit gure esparruan hezkuntza hain elitista izateak. Horretaz aparte, bideo-joko baten arte-zuzendaria izatea ere ondo legoke, sormen-prozesu osoa menperatzeko. Hau da, nire ugazabak egiten duen lana.

Zeintzuk dira artista digital on bat izateko gakoak?

Ahalik eta gehien espezializatzea: denetatik egiten baduzu, ez zara ezertan ona izango eta ez zaituzte kontratatuko. Hemen dauden enpresa gutxik denetatik egitea eskatzen dizute: programatzea, modelatzea, argia ematea… Baina normalean erdipurdikoak dira; Estatu Batuetan, aldiz, industria eta dirua gehiago dute. Beraz, lagun batek ilea egiten du; beste batek, begiak; beste batek, begietako irisa… Pixar bezalako enpresa batean, 200 laguneko talde batek egun oso bat ematen du lanean, segundo bateko animazioa garatzeko.

 

Patuaren kontua

Paul Sirats Barandika Garcia (Larrabetzu, 1987) izen bakarra da. "Amaren kontua izan zen (kar, kar). Mitologia greziarraren arabera, Siratsek patua esan nahi du, zoria. Era berean, euskal mitologian Anbotorekin zerikusia duen pertsonaia omen da". Bere ibilbidea, aldiz, ez da batere bitxia, herriko eskolan eta Derioko institutuan ikasi zuelako. "Egia esan, ikasle penagarria izan nintzen eta 17 urte nituela institutua utzi eta aitarekin hasi nintzen lanean mekanika-tailer batean. Hori ez zen niretzat eta handik gutxira utzi nuen".

Marrazkigilea hemen hazi da, baina denbora libre duenean, Leioa, Galdakao edo Bilbora joaten da, lagunak bertakoak baitira. “Ez naiz oso taldekoia, ez naiz kuadrillako mutila. Lagun gutxi ditut, eta guztiak, sakabanatuta”. Ildo honi jarraituz, bere lanak ere ez dio mesederik egiten. “Bakarrik egiten dut lan eta ordu pilo bat ematen ditut bakarrik. Hainbat lagunekin nabil egunero harremanetan, baina online, ez zuzenean, eta batzuetan behar dut benetako pertsonekin hitz egitea, ukitzea…”.

Lanak liluratu egiten du Paul, baina beste alde txar batzuk ere baditu. "Etxean lan egiten dudanez, nik neuk antolatu behar dut lana. Eta hori gogorra izan da niretzat, lehen diziplinarik ez nuelako. Dena dela, igande arratsaldean, marrazkiak egin barik pare bat ordu eman eta gero, berriro marrazkiak egiteko gogoa dut. Argi dago nagoen lekua nire lekua dela. Astelehenean ez nago nekatuta, gogotsu baizik, eta bat-batean eguena iristen zait”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).