2019/10/31 00:00:00

Bestelakoak

Akarbaltz Gaua

Akarbaltz Gaua
Larrabetzu, Larrabetzu

Akarbaltz Gaua. Urriaren 31n

Akarbaltz Gaua 2005ean ospatu zuten lehenengo aldiz Larrabetzun, hango Kultur Bilguneak sustatuta. “Konturatu ginen gure umeak egun horretan gureak ez ziren iruditeria bat eta erreferentzia batzuk lantzen zebiltzala; hau da, Estatu Batuetako iruditeria, oso inperialista eta kolonialista dena. Eta guk ez genuen horrelakorik nahi. Guk seme-alabak Euskal Herriko iruditeriaren barnean eta bertoko erreferentziekin hezi nahi ditugu, eta horretarako sortu genuen Akarbaltz Gaua”, adierazi dute.

Ospakizuna hiru ardatzetan oinarritzen da. Lehenengo eta behin, Akarbaltz izaki mitologikorengan. “Gure sineskera ez kristautik, mitologiatik elikatzen den iruditegia lantzen da, eta hor dugu, adibidez, Akarbaltz. Baina ez bera bakarrik; Larrabetzuko buruhandiak eta beste pertsonaia batzuk ere lantzen dira, esaterako, Kukubiltxo antzerki taldeak sortutako Kukubel. Pertsonaia horiek guztiak ipuin batean bildu genituen, eta umeei kontatzen diegu eskolan”. Bigarren ardatza sorginak dira. “Akarbaltz Gaua Inkisizioarekin eta sorgin-ehizarekin ere lotzen dugu; eta, hortaz, emakumearen kontrako indarkeria ere jorratzen dugu. Azken batean, Inkisizioa emakumearen kontrako indarkeriaren isla izan zen, eta muturreko jarrera, emakumeak erretzea. Umeei kontatzen diegu sorginak emakume baserritarrak zirela eta asko zekitela inguruko landare era belarrei buruz. Jakintza hori komunitatearen onerako erabiltzen zuten eta horregatik erre zituzten”. Hirugarren ardatza lurrarekiko atxikimendua da, eta, horri lotuta, herriko auzoak, belardia eta landaredia lantzen dituzte.

Aurten, katamalo tailerra egin dute lehenbiziko aldiz eta, aurreikuspenaren arabera, 140 lagun inguru maskara jantzita ibiliko dira ohiko kalejiran. Bizkargi dantza taldeak Xabi Solanoren Errez zenituzten abestirako asmatutako koreografia eta eskolako umeek iaz landutako koplak ere baliatuko dituzte horretan. Erromeria batek amaiera emango dio ospakizunari. “Oso jai parte-hartzailea da hasieratik, eta umeek zein gurasoek hartzen dute parte. Itzelezko giroa sortzen da”.    

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).