27 kilometroko baino gehiago, martxa nordikoa egiteko

a: Idoia Andres 2019ko aza. 20a, 12:31

Nordic walking-ak edo martxa nordikoak kirola, osasuna eta turismoa buztartzen dauz eta, horretarako, inguru urbanoa eta naturala alkartzen dabezan ibilbideak erabiltzen dauz. Larrabetzuko Nordic Walking Gunea urrian inauguratu zan, eta herritarren zein bisitarien eskura bost ibilbide ipini dauz, ingurua disfrutau daben bitartean kirola egin dagien. 

Nordic Walking gunea edade guztietako ibiltarientzako udalerriko eremua da, eta helburu bikotxa dau: alde batetik, herritarren osasuna hobetu daitela; eta bestetik, udalerriaren paisaia-, natura-, eta kultura-ondasunak ezagutzera emotea. Egitasmoa Alemaniako eta Suitzako ereduetan oinarritzen da, eta martxa nordikoa eta aire zabaleko udal azpiegiturak lotzen dauz. Holan, aldi berean urbanoa eta naturala dan inguru bat sortzen da, jarduera fisikoa egitea errazteko eta sedentarismoa gitxitzeko.

Larrabetzuko Nordic Walking Gunea bost ibilbidek osatzen dabe; orotara 27,6 kilometro martxa nordikoa egiteko. Ibilbideetan zehar seinaleak ipini dira, ibiltariek arazo barik identifikau daiezan. Ganera, kolore-kode bat sortu da ibilbide bakotxaren zailtasun-maila adierazoteko. Kolore berdeak ibilbide erraza dala adierazoten dau; urdinak, erraza dala; gorriak, zaila; eta beltzak, oso zaila. Ibilbideak asfaltotik zein basabideetatik pasaten dira.

Aldi berean urbanoa eta naturala dan ingurua sortzen da, jarduera fisikoa egitea errazteko

“Markinako, Areatzako eta beste herri batzuetako esperientziak ikusita, eta kirola eta osasuna buztartzea helburu genduala, Larrabetzuko Nordic Walking Gunea martxan imintera animau ginan”, azaldu dau Iñigo Gaztelu alkateak.“Herritar askori oinez ibiltea gustetan jake eta bueltaka dabilz auzoetatik. Nordic walking teknika kirol modalitatea da eta oso onuragarria da osasunerako. Bestalde, gure ustez, jente barria kirola egitera animatzeko aukera ona da”. Larrabetzuko zentroak bat egin dau Nordic Walking Zentroen Sarearekin, eta gaur egun Euskadiko 31 udalerri eta Nafarroako lau udalerri dagoz sare horren barruan. “Beste herri batzuetatik etorri ahal dira Larrabetzu ezagutzera; hau da, berton kirola egin, herria ezagutu eta berton disfrutau”.

Diseinatutako bost ibilbideei esker, herriko kirol azpiegiturak udalerri osora zabaldu dira. Beraz, gaixotasunei aurrea hartzeko tresna izateaz ganera, nordic walking-ak ekarpena be egingo dau gizarte-harremanak eta herritarren bizi-kalidadea hobetzeko.

 

Persona guztientzat

Martxa nordikoa Finlandian sortu zan 1930ean. Hango eski-talde bat hasi zan udako entrenamenduetan be eski-bastoiak erabiltzen, ibiltzen ziran edo korrika egiten eben bitartean; denporearen podasoz, denporaldiz kanpo entrenatzeko ohiko metodo bihurtu da eskiatzaileentzat. Gaur egun, lau milioi lagunek baino gehiagok egiten  dabe nordic walking-a Europako iparraldeko herrietan. Alemanian gaixotasun koronarioak eta biriketakoak prebenitzeko erabiltzen da, baita errehabilitazio-programen barruan be. Estatuari jagokonez, kirol honek zale asko dauz Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentzian.

Nording walking-a egiteko ez da beharrezkoa sasoi-sasoian egotea eta, ondorioz, edozein personak egin leike: umeek zein gazteek, helduek eta adinekoek. Oso erraza da egiten, izan be, bakarrik bastoi bi erabiltzen dira ibiltzen dan bitartean; ondorioz, hankak ez eze gorputzaren goiko aldea be lantzen da.

Edozein personak egin leike: umeek zein gazteek, helduek eta adinekoek

Oso ariketa osasungarria da eta, maila zientifikoan egiaztatu dan moduan, onuragarria da hainbat minetarako eta sistema kardiobaskularrerako eta arnas sistemarako. Besteak beste, jarrereari eta bizkarrezurrari lotutako giharrak sendotzen ditu eta lagungarria da kolesterol-maila zaintzeko, odol-presioa kontrolatzeko eta sorbaldako mina arintzeko. Era berean, martxa nordikoa egiten danean, artikulazioek ez dabe sufritzen, eta lagungarria da pisua galtzeko. Azkenik, jarduera dibertigarria da eta aire zabalean egin leiteke, bakarrean edo taldeka, eta urteko edozein sasoitan. Ondorioz, estresa gitxitzen laguntzen dau. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak diruz lagundu dau Larrabetzuko egitasmoa.

Onuragarria da hainbat minetarako eta sistema kardiobaskularrerako eta arnas sistemarako

Teknikea

 

Martxa nordikoa ibilteko modu naturalean dago oinarrituta, baina teknikak gako honeek be hartzen dauz kontuan:

- Sorbaldek erlaxatuta egon behar dabe.

- Bastoei ez jake oso gogor heldu behar.

- Bastoiak diagonalean imini behar dira.

- Bastoiek pelbisaren atzetik bultzatu behar dabe.

- Bultzatu ostean, bastoiak azkar eroan behar dira aurrera.

- Bultzatzen amaitzen danean, ahurra zabaldu egin behar da.

- Aldi berean aurreratu egin behar dira oina eta kontrako eskua.

- Oin osoa ipini behar da lurrean.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).