Jose Manuel Centeno, kirolari egokitua

Kirol egokituaren aitzindaria

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 27a, 11:09

Urrian, Basauriko San Migel jaietan, pilota egokituaren txapelketa antolatu zen Bizkaian lehendabiziko aldiz.  Jose Manuel Centeno larrabetzuarrak txapela irabazi zuen Beñat Lizaso gipuzkoarrarekin batera. Centeno pala egokituan ez ezik, saskibaloian eta beste kirol batzuetan ere aitzindaria  da.

Jose Manuel Centeno Barakaldon jaio zen 1972an, baina urte batzuk eman ditu Larrabetzun. "Duela 20 urte baserri bat erosi genuen bertan. Guztira, lau urtean izan nintzen Larrabetzun, poz-pozik. Goizean quad-a hartzen nuen eta txangoak egiten nituen inguruko mendietatik. Alde egin nuen, bakarrik bizi nahi nuelako. Gaur egun Algortan bizi naiz, baina etorkizunari begira, itzuli egingo naiz Larrabetzura, gurasoak eta iloba bertan daudelako", esan digu.

Larrabetzun Iker Amarika ezagutu zuen, eta, bere bitartez, pala egokituan hasi zen. "Beti ibili izan naiz frontoian eta beti gustatu zaizkit erraketa erabiltzen duten kirolak: pala, frontenisa, mahai-tenisa… Gipuzkoan eta Iparraldean aspaldian jokatzen dute pala egokituan, eta Amarikak Bizkaian ere bultzatu nahi du. Horretan gabiltza, kirolari ikusgarritasuna ematen, gero eta jokalari gehiago lortzeko".

 

"Pala egokituan aspalditik jokatzen dute Gipuzkoan eta
Iparraldean eta Bizkaian ere bultzatu nahi dugu"

 

Horri lotuta, Basauri-Bilbondo Pilota Egokituaren Sari Nagusia antolatu zen urrian, eta Jose Manuelek txapela irabazi zuen. "Emaitzak ez dauka garrantzirik. Helburua bete dugu: pala egokitua lau haizeetara zabaltzea; horregatik nago pozik. Hurrengo urratsa babesleak topatzea da, dirurik gabe, goi-mailako kirolik ez baitago. Harremanetan gaude Bizkaiko Foru Aldundiarekin, ea gurpil-aulkiak lortzen ditugun udaberriko txapelketan parte hartzeko". 

Pala egokituak ezaugarri berezi batzuk ditu, Centenok azaldu duen moduan: "Pilota frontenisena bezalakoa da, baina presio gutxikoa; hau da, bote gutxiago egiten du. Beste alde batetik, pilota arruntean bote bakarra onartzen den bitartean, pilota egokituan bote bi onartzen dira. Eta gurpil-aulkiak ere badira desberdinak, pilotan jokatzeko egitekoak baitira: padela, tenisa… Oso garestiak dira, 3.500 eurotik gorakoak, eta oso arinak. Jokalari bakoitzaren neurrira egin behar dira, eta pieza bakarrekoak badira, hobeto". Gauza bi, ordea, ez dira aldatzen: batetik, paleta; eta bestetik, frontoia. Baina neurriak desberdinak dira: sakea hirugarren koadrotik egiten da, eta bigarren eta laugarren koadroaren artean egin behar du botea.

 

Aitzindaria

Jose Manuel gurpil-aulkian dabilen Bizkaiko lehenengotariko pilotaria da, baina ez da aitzindaria izan den lehenengo aldia. "Pala da nire azken abentura, baina beste kiroletan ere ibili naiz: gaur egun, eskia eta paddle surfa (surfa arraunekin) egiten ditut, eta gaztetan, igeriketa eta txirrindularitza. Txirrindularitza egokituan, Estatu zein Euskadiko txapelduna izan naiz. Kirolak izugarri lagundu dit. Mugikortasun handiagoa eman dit, ilusioa, erronkak... Elbarrituok esparruak behar ditugu aire librean egoteko, eta kirola oso lagungarria da".

 

Goi-mailako kirolaria da: txirrindularitzan, Estatuko
txapelduna izan da, eta saskibaloian, Europakoa"

 

Eta jakina, saskibaloia. 1995ean, Jose Manuelek auto-istripua izan zuen eta, harrezkero, gurpil-aulkian mugitzen da. Urtebete eman zuen ospitalean, eta hortik atera zenean, Bidaideak saskibaloi taldean sartu zen. "Europako txapeldunak izan gara, Europako 10 talderik onenen artean gaude, munduko ligarik onenean gabiltza…". Aurten taldea utziko du, gogorregia delako. "Berrogeita zazpi urte ditut eta nagusia naiz saskibaloian goi-mailan jokatzeko. Bidaideak taldean gogor entrenatzen dugu, kontaktu handiko kirola da eta neka-neka eginda heltzen naiz etxera. Hala ere, hain gogorrak ez diren beste kirol batzuk egiteko asmoa daukat: pilota bera, esate baterako".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).