Oskar Gaztelu irakaslea da eta Psikologia Humanistaren inguruan ikertzen ibili da azken urteotan. “Betidanik idatzi dut, batez ere niretzat, beste inork irakurtzeko asmo barik. Saiakera gutxi jorratzen da euskal literaturan eta horregatik erabaki nuen estilo hori lantzea. Lehiaketara aurkeztu dudan lanean, sufrimenduari buruzko hausnarketa egiten dut. Beste saiakera bat daukat buruan, heriotzari buruz, baina horretarako denbora behar da, gaiak ikerketa sakona eskatzen duelako”, adierazi digu Gazteluk.
Gazteluk 4.000 euroko saria jasoko du eta, gainera, Arabako Foru Aldundiak saiakera argitaratuko dio. Becerro de Bengoa saiakera lehiaketa 31. aldiz egin da aurten eta guztira 67 lan aurkeztu dira gaztelaniaz (2018an baino 47 gehiago) eta hiru euskaraz (2018an bost izan ziren).
Horrezaz gainera, Arabako Aldundiak beste kategoria batzuetan banatu ditu sariak: Antonio Tocornalek eta Maite Arrutik Ignacio Aldecoa ipuin laburren lehiaketako gaztelaniazko eta euskarazko saria irabazi dute, hurrenez hurren; Juan Carlos Castellok, Becerro Bengoa saiakera lehiaketako saria gaztelaniaz; eta Jesus Aguilarrek eta Iñaki Odriozolak, Ernestina Champourcin poesia lehiaketakoak. Aurten, 1.401 idazlek aurkeztu dituzte lanak, iaz baino askoz gehiago (627). Sariak 2020ko lehenengo hiruhilekoan banatuko dira gala batean.