Larrabetzuko aurrekontua % 7 handitu da

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 19a, 13:30

Udalak jakinarazi duenez, atzo 2020rako aurrekontua onartu zuten Larrabetzun: 2.901.080  euro, iaz baino % 7 gehiago. EH Bilduko zazpi ordezkariek aldeko botoa eman zuten; eta EAJko lau ordezkariek, kontrako botoa. Bestetik, Eurokopa dela-eta Loiuko aireportuaren ordutegia luzatzearen kontrako mozioa ere onartu zuten atzoko udalbatzan.

Aurrekontuaren ildo nagusiak ere azaldu ditu Larrabetzuko Udalak. Diru-sarrerak % 7 handitzea aurreikusi dute eta horretan hiru alderdik dute eragina: udal-tasen eguneratzea, Udalkuxaren kopuruaren gorakada (% 5) eta udalerriko enpresa berriak. Udalak diru-partida handiagoa zuzenduko du diru-laguntzetara (181.450 euro; % 11 gehiago), eta 3.000 euro gehiago bideratuko du euskararen diru-partidara, besteak beste Euskaraldia aurrera eramateko. Halaber, udalaren eta Txinpasmendi guraso elkartearen arteko hitzarmenari esker, elkarteari 9.000 euroko diru-laguntza emango diote, eskolako jantokia eta elkartea kudeatzen laguntzeko. Udalak ingurumena hobetzeko politikak jorratzen jarraituko du, eta 10.000 euro zuzenduko ditu osasun-programetarako, eta 30.000 euro, memoria historikoa berreskuratzen jarraitzera.

Inbertsioei dagokienez, Udalak 501.000 euro ipiniko ditu herriko azpiegiturak hobetzeko. Horrela, bada, 150.000 euro inbertituko ditu ur zikinak eta euri-urak bereizteko, eta 140.000 euro, Belarrinaga auzoko ur-hornidura hobetzeko. Udaletxe berriaren proiektua egin ahal izateko, 50.000 euro jarriko ditu, eta 100.000 euro, hainbat azpiegitura hobetzeko, hala nola frontoia, futbol-zelaia eta eskola. Bestalde, 61.000 euroko diru-partida zuzenduko du beste arlo batzuetara; esaterako, artxiboak digitalizatzera, ekipo informatikoetara eta HAPO aldatzera. Azken asteetan jasotako proposamenak ere hartuko dituzte kontuan, eta lehentasuna hauei emango diete: Belarrinaga auzoko ur-horniduraren arazoa konpontzea (140.000 euro), Eleizaldeko txokoan konponketak egitea (2.000 euro), frontoiko gimnasioa hobetzea (15.000 euro), nagusientzako kaleko gimnasioa (15.000 euro), birziklapena bultzatzen jarraitzea (3.000 euro), etxe hutsei alokairuaren bidez irtenbidea emateko kanpainak (3.000 euro) eta zebrabideak eta espaloiak hobetzea (5.000 euro).

 

Ardatzak

Larrabetzuko Udalak azaldutakoaren arabera, aurrekontuak hiru ardatz ditu. Lehena gizartearen eta ekonomiaren garapena da. “Orain arte bezala, herriko merkataritza suspertzeko eta sustatzeko ekimenak egingo ditugu, eta erromesen aterpetxeari laguntzen jarraituko diogu, besteak beste, herriko merkataritzan eragin onuragarria delako. Era berean, memoria historikoa berreskuratzeko hartutako erabaki sendoa aurrera eramango dugu”. Bigarren ardatza ingurumena da. “Gurpide elkartearekin batera, hondakin organikoak gaika biltzearen alde egiten jarraituko dugu, eta ekimen berriak sustatuko ditugu hondakin gutxiago sortzeko eta sortzen direnak gaika sailkatu eta birziklatzeko”. Azken ardatza azpiegitura estrategikoak hobetzea da: ur-hornidurako sarea, errepideak eta frontoia, batzuk aipatzearren.

Horiek horrela, eta jakinarazitakoaren arabera, udalak 586.269,26 euro zuzenduko ditu langileen gastuetara; 1.030.700 euro, gastu orokorretara; 181.450 euro, diru-laguntzetara; 579.193,24 euro, Mankomunitatera; 501.000 euro, inbertsioetara; eta 22.468 euro, beste gastu batzuetara. Aurrekontua prestatzeko, hauek hartu dira kontuan: aurten jasotako proposamenak, Larrabetzu 2025 parte hartzeko prozesuan azaldutako ideiak, urrian eta azaroan jasotako ekarpenak eta gobernu-taldeak legegintzaldi honetarako egindako programa.

 

Aireportuaren ordutegia luzatzearen kontra

Bestetik, atzoko udalbatzan ere EH Bilduko aurkeztutako mozioa onartu zuten eta Eurokopa dela-eta Loiuko aireportuaren ordutegia luzatzeari ezetz esan zioten. Azaldu dutenez, EH Bildu mozioaren alde azaldu zen eta EAJ abstenitu egin zen. Akordioaren berri Bilboko Udalari, AENAko zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari emango diete.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).