Tio Teronen Semeak

“Hau gauza puntual bat da; tradizioa zaintzen jarraitu behar dugu”

a: Borja Aginagalde eta Idoia Andres 2019ko abe. 19a, 13:46

Aritz Salamanca, kidea eta koreografoa

Tio Teronen Semeak taldeko dantzariek euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzen dituzte ikuskizunetan, eta euren talentuari eta sinpatiari esker publikoa eurenganatzen dute plazarik plaza. Azaroan, Larrabetzun izan ziren Bizkargi dantza taldearen bosgarren urteurrena ospatzen.   

Zer dela eta sortu zen Tio Teronen Semeak taldea?

Taldekideok bizitza osoan ibili gara dantza tradizionalean. Hainbeste entsegu, emanaldi eta jaialdiren ondoren, momentu piloa dugu adiskidetasunerako, eta euskal dantzak maitatzen ditugun arren, batzuetan oso zorrotzak eta serioak dira eta ezin dugu gure barruko zentzu txistezalea oholtza gainean adierazi. Gure adiskidetasuna, hurbiltasuna… plazaratu behar genuen eta, horregatik, umoretik sortu genuen Tio Teronen Semeak taldea.

Izen bitxia ipini diozue taldeari; hala ere, oso harreman estua du dantza tradizionalekin.

Gure inguruan, Donostialdean, tio teron tireron taron… fonemak erabiltzen ditugu edozein euskal dantza egiteko, aurreskua zein fandangoa edo arin-arina. Eta, beraz, fonema horiek entzuten ditugunean zuzen-zuzenean lotzen ditugu euskal dantza tradizionalekin. Tio Teronen Semeak izenak gauza ezberdinak biltzen zituela iruditu zitzaigun: euskara, euskal dantza tradizionalak eta umorea.

Hamabost dantzari eta lau musikari zarete; zaila izan behar da guztiak ados jartzea.

Gu lehenik lagunak gara, eta lehenengo eta behin lagun taldea sortu zen; dantza taldea, gero. Dantza talde ezberdinetatik gatozenez, lehenagotik ezagutzen genuen elkar eta oso ondo konpontzen gara gure artean. Egia da irizpide batzuk ezarri behar direla eta taldeari norabidea eman behar zaiola, baina erabakiak guztion artean hartzen ditugu gehienetan eta ahalik eta asanblearioenak izaten saiatzen gara.

Euskal dantza taldeetan neskak izan ohi dira nagusi; zurean, ordez, dantzari guztiak gizonezkoak zarete. Apropos eginda?

Eider musikarietariko bat da, eta bera izan ezik beste guztiok gizonezkoak gara. Gauza bitxia da, gure beste proiektu guztietan neska gehiago baitaude, dantza taldeetan nahiz beste egitasmo batzuetan. Zergatik garen dantzari guztiok gizonezkoak? Bada, Freschool ikuskizuna saio puntual bat emateko sortu genuen. Euskal Herriko edozein kuadrillak gau batean izan litzakeen abenturak edo esperientziak kontatu nahi genituen haren bidez, eta konturatu ginen Euskal Herriko txikiteroen kuadrilla tipikoa mutilena zela. Ikuskizuna asmatu genuenean, ez genuen espero ez taldea sortzea, ez 100 emanalditik gora ematea; hala ere, ikuskizunak oso arrakasta handia izan zuen eta birala egin zen eta, ondorioz, taldea osatu zen. Dena dela, ez dugu gurea mutilen taldetzat jotzen eta, horren harira, gurean hiru emakumezko musikari edota bi emakumezko dantzari ere egon zitezkeen.

“Ikuskizuna asmatu genuenean, ez genuen espero ez taldea sortzea, ez 100 emanalditik gora ematea”

Lau urte pasatu dira lehenengo emanaldi puntual horretatik. Zertan datza taldearen arrakasta?

Alde batetik, oso gauza hurbila eta ulerterraza eskaintzen dugu: dantzariek hori eskertzen dute, zeren eta dantzaren bizitasuna eta euskal dantza tradizionalen eta euskal doinuen erreferentzia asko baititu; eta euskal dantzen mundua ezagutzen ez dutenek, zeren umore- eta antzerki-alderdi hori du eta erabiltzen ditugun soinuak oso ezagunak dira. Bestetik, saioak kalean eskaintzen ditugu beti eta kaleak hainbat baliabide ematen dizkizu: edozein gauza txertatzeko aukera, honetaz edo besteaz baliatzea… Gainera, lagunen taldea garenez, oso giro ona dago gure artean eta hori ere kutsatzen da. Guk bagenekien umorea zegoela euskal kulturan, baina dantza munduan oso gutxitan ikusten dira gurea lako ikuskizunak, eta, horri dagokionez, uste dugu bide berri bat zabaldu dugula.

“Dantza munduan oso gutxitan ikusten dira gurea lako ikuskizunak, eta uste dugu bide berri bat zabaldu dugula”

Beldurrik izan diozue puristen erantzunari?

Lehendabiziko saioa egin genuenean, beldurrez baino errespetuz irten ginen plazara. Izan ere, dantzariok ibilbide tradizionala dugu eta jendeak horrela ezagutzen gaitu eta ez genekien nola hartuko zuten. Harrera sekulakoa izan zen, eta gaur egun gure jarraitzaile gehienek zerikusia dute euskal dantza tradizionalekin; puristenek, jakina, pentsa dezakete hau ez dela egokia dantza tradizionalerako. Nolanahi ere, argi utzi behar dugu guk ez dugula batak bestea ordezkatzea nahi; ezta hurrik ere: guk dantza tradizionala dantzatzen eta maitatzen jarraitzen dugu, eta hau gauza puntual bat da. Are gehiago, tradizioa zaintzen eta transmititzen jarraitu behar dugu.

Aipatutako Freschool lanaz gainera, beste ikuskizun bat duzue: Festamentua. Gustu eta irudimen handia eduki behar dira euskal dantza tradizionalak break dancearekin edo Michael Jacksonen pausoekin uztartzeko.

Egia esan, taldekide guztiok gara nahiko saltseroak. Euskal dantzen pauso batzuk oso erraz uztartu daitezke beste musika batzuekin, eta parrandan-eta ibili garenean horrelako “txorakeriak” egin ditugu askotan. Hortaz, bagenekien gauza batzuek oso ondo funtzionatzen zutela, eta gu ere eroso sentitzen ginen. Koreografiak ildo horretatik sortzen joan dira.

Nahiz eta ikuskizunek egitura zehatza izan, bat-batekotasunerako tartea uzten duzue beti.

Bai. Trantsizio-uneak izaten dira dantza batetik bestera, eta lekuaren nolakotasunak edo hainbat gauza txertatzen ditugu. Ikuskizun biek aukera ematen digute gauza horiek gureganatzeko eta gureak egiteko. Bai publikoari, bai guri gustatzen zaigu tokian tokiko bertsoak, dantzak edo txisteak erabiltzea. Gure lana ezagutzen ez duenari esango nioke emanaldiren batera hurbiltzeko, gauza ezberdina eta originala topatuko duelako; eta ezagutzen duenari, jarraitzeko gure emanaldietara etortzen, beti gauza berriak aurkituko ditu eta.  

“Bai publikoari, bai guri gustatzen zaigu tokian tokiko bertsoak, dantzak edo txisteak erabiltzea”

Amaitzeko, zertan ibiliko zarete datorren urtean?

Festamentua orain urte eta erdi estreinatu genuen, eta uste dugu gutxienez beste urte bateko ibilbidea izango duela. Datorren urtean, beraz, ikuskizun horretan kokatuko gara; baita Feschool ikuskizunean ere, izan ere, oraindik deitzen digute hura egiteko. Eta hurrengo urtean, 2021ean, ikusten badugu oraindik motibatuta gaudela, bada, aurrera jarraituko dugu; aitzitik, zikloa amaitu behar dela erabakitzen badugu, bada, amaituko dugu. Ez zaigu gustatzen epe luzeko helburuak jartzea, denboraldika funtzionatzen dugu eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).