Gurpide komunidadea, martxan eta auzolanean!

a: Gurpide eta Idoia Andres 2020ko mar. 11a, 10:50

Gurpide Larrabetzuko alkarteak 10 urte bete dauz: hamarkada bat, herriko baserritarren eta kontsumitzaileen arteko zubiak eregiten eta, beraz, lehenengo sektorea bultzatzen. Gurpide komunidadea handia da eta alkarteak sustatzen dituan ekintzetan ehunka larrabetzuarrek hartzen dabe parte. Urteurrenaren harira, beste aurrerapauso bat emon dabe eta auzolanera deitu deutsee komunidadeko partaideei.

Urteurrena urtarrilaren azken domekan ospatu eben. Herriko baserri bat bisitatzeaz ganera, ekitaldi musikatua eta kopaua eskaini ebezan Anguleri kultur etxean, egitasmoaren partaideei 10 urtean emondako laguntzagaitik eta babesagaitik esker ona azaltzeko. Era berean, alkartearen proiektu barria aurkeztu eben jente-aurrean. Proiektuak auzolana dau ardatz nagusitzat. “Aurrera begira jarri gara eta ikusi dugu gure komunidadea, elikadura osasuntsua eta baserriaren jarduerea sostengatzen dituana, arabere gehiago indartu eta aktibatu daitekeala”, azaldu dabe.

Jakinarazo dabenez, baserritarrek laguntza behar dabe hainbat zereginetan, berbarako, patatak batzen, porruak ipinten, indabak garantzen edo haizeak apurtutako berotegiak konpontzen. Bertoko eta sasoiko produktu osasuntsuen kontsumoa gehiago zabaltzeko be badago lan handia: bertoko produktuen azokea indartzea, nutrizionisteakaz kontsumo-tailerrak egitea, sasoiko produktuak erabilita sukaldaritza-ikastaroak antolatzea, errezetak alkartrukatzea eta dastaketak egitea. Lan horreetan guztietan be laguntzea behar dabela adierazo dabe, eta idea eta indar barriak, pixkanaka-pixkanaka ordezkoa bermatzeko. “Orduan, komunidadea gehiago lotzeko eta aktibatzeko, akordau jaku hemendik aurrera auzolanetara deitzea; hau da, gure arteko harremanak estutuz, komunidade hau martxan eta auzolanean jartzea. Eta holan, jente gehiagoren laguntzeagaz eta lanagaz, Larrabetzun bertoko eta sasoiko elikadura osasuntsua zabaltzen jarraitzea”.

Hasteko, WhatsApp talde bat osatu dabe, eta horretan deialdiak jaso gura daben guztiek emon leikie izena. Aurreikusitakoaren arabera, hemendik eta uda bitartean birritan deituko dabe auzolanera. “Deialdi bakotxean, ziur gagoz gura eta nahi dogunon artean lan-kuadrilla politak sortuko doguzana honetan edo hartan auzolanean laguntzeko”. Izena emoteko, 628 124 556 telefono-zenbakira jo daiteke.

Anguleri kultur etxera alkartearen 10. urteurrena ospatzera hurbildu ziranak gustura izan ziran, eta antolatzaileek erakutsitako hurbiltasuna estimau eben. Era berean, astero barazkien otzarea hartzen dabenek bertatik bertara ezagutu ahal izan eben kontsumitzen dabezan produktuak zelan ekoizten diran.

 

Ahaleginean

Gurpide alkarteak eta bere inguruan sortutako komunidadeak 10 urte daroez Larrabetzuko lehenengo sektorea indartzeko ahaleginean: otzarak, konpostatzea, eskolako jantokia, bertoko produktuen azokea, lurren inbentarioa… “Jarduera horreetan oso sare zabalak hartzen dau parte. Horretara, bada, 315 auzokide dabilz konpostatzea egiten; 50 etxetan jasotzen dabe astero sasoiko produktuek betetako otzarea; ahal dogun neurrian, bertoko produktuakaz elikatzen doguz eskolako haurrak; txorizoak, okela edota sasoian ardi-esnea eta gaztai freskoa zein sikua eskuratzeko aukerea dago; eta herriko dendetan be bertoko baserrietako produktu batzuk dagoz salgai”.

Ekimenetan ehunka larrabetzuarrek hartzen dabe parte, eta alkarteak hareetako bakotxak komunidadea osatzeko egiten dauen ahalegintxua eskertu dau. “Baserritarrek jateko naturalak eta kalitatekoak eskaintzen deuskuez; produktu ekologikoek eta sasoikoek betetako saskia astero erosten dabenek elikadura osasungarria eta bidezkoa bultzatzen dabe; eta hondakin organikoak bereizten dabezan 300 familiak eta bederatzi establezimentuk baino gehiagok tokiko nekazaritzari eta hondakinen kudeaketa jasangarriari laguntzen deutsee”. Bestalde, azpimarratu dabe eskolako umeek eta gurasoek eta jantokiko langileek Larrabetzuko eskolea elikadura osasungarriaren eta tokian tokikoaren erreferente bihurtu dabela, eta esker ona adierazo deutsuee bai tokiko produktuen urriko azokea sustatzen daben herritarrei, bai landu bako lurrak nekazaritzako eta abeltzaintzako ekimen berrietarako lagatzen dabezan personei.